Joan Perez Lazarraga

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Joan Perez Lazarraga
Bizitza
Jaiotza Larrea1548ko ren 1548a
Herrialdea Araba
Heriotza 1605eko irailaren 11 (56 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Lanbidea
Lanbidea poeta
Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko ilaran, zazpigarren lerroan behekaldetik hasita, eusquel erriau ageri da.
Lazarraga dorreko jauna izan zen Joan Perez Lazarraga.
Joan Perez Lazarragaren omenez Euskaltzaindiak ezarritako oroitarria, Lazarraga dorreko bidean.

Joan Perez Lazarraga,[1] Joan Perez Lazarragako edo, laburtuta, Lazarraga —goitizenez Poeta— (Larrea, Araba, 1547 edo 1548 - 1605eko apirilaren 11), euskal idazlea izan zen. Larrea herriko Lazarraga dorreko jauna izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lazarragatarren leinukoa zen, hots, arabar noblezia txikiko familia ezagunekoa. Gebaratarren itzalean garatu zen familia, eta, Oñatiko jatorrizko oinetxetik abiatuta, erroak ondo finkatuak zituen Arabako ekialdeko lautadan 1439az geroztik.

Gurasoak, Pedro Perez Lazarragako eta Elena Saez Erdoña, 1546eko urriaren 7an ezkondu ziren, eta aitaren bigarren ezkontzako bost seme-alabetatik lehenengoa Joan izan zen. Gervasio di Cesare ikertzaileak bildu dituen datuen arabera, 1547aren bukaeran edo 1548aren hasieran jaio bide zen, ziur aski Erdoñan. Lehen haurtzaroa Ozetan egin zuen, eta gurasoak 1562 inguruan aldatu ziren Erdoñara. 1567an Madrilen zela dirudi.

Katalina Gonzalez de Langarikarekin ezkondu zen, 1575ean, Arriolan. Katalinaren izeba Ana Gonzalez de Langarika, hain zuzen, idazlearen izen bereko osabarekin ezkondua zen, baina seme-alabarik gabe, eta, dirudienez, horien ondoretzari bidea emateko atondu zen loben arteko ezkontza. Ziur aski, orduan hartu zuen idazleak Larreko dorrearen ondoretza, eta 1576an aldatu zen hara.

Bi seme-alaba izan zituzten, Agustin eta Maria; semea izan zen Larreko Lazarraga dorreko hurrengo jauna, eta alaba Juan Belasko Galarretarekin ezkondu zen.

Joan Perez Lazarragak kargu publikoak izan zituen bere eskualdean: Erdoñako elizako maiordomo (1572), Barrundiako Ermandadeko alkate eta Barrundiako prokuradore Arabako Batzar Nagusietan (1581-1584). Batzar Nagusietako akta batean (1583-11-19ko akta) aipatzen da hain zuzen Valladolida joana dela «a sus negocios», eta, han dela aprobetxatuz, probintziaren izenean izapide batzuk egiteko eskatzen zaio.

1605eko apirilaren 11n eman zuen testamentua (berriki Gervasio di Cesarek argitaratua), gaixorik zela, eta biharamunean hil zen (segur aski, Larreko dorrean bertan, han bizi baitzen).

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazletzat, euskal literaturan, Pizkunde garaiko egilerik bakarrenetakoa dugu, Bernart Etxeparerekin batera. Bi idazlan ezagutzen dira Joan Perez Lazarragak idatziak: Lazarragatarren leinuaren kronika genealogiko bat (gaztelaniaz idatzia) eta Lazarragaren eskuizkribua deitu ohi den literatura lanen bilduma bat (lan horietatik gehienak euskaraz idatziak dira, baina badira gaztelaniazkoak ere). Horiez gain, hirugarren lan bat ere aipatu izan da, Arabaren historiaz gaztelaniaz idatzia, baina ez dago horren inguruko datu ziurrik, eta, edonola ere, ez da eskuizkribuaren alerik ezagutzen; baliteke kronika genealogikoa bera aipatzeko beste modu bat izatea.

Lazarragaren eskuizkribua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Lazarragaren eskuizkribua»

XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko zaharrena. Aurkikuntza oso garrantzitsua da euskal hizkuntzalaritzaren aldetik. Izan ere, Arabako euskalkia eta mendebaleko euskararen historia argitzeko tresna ezin hobea da, inoiz dokumentatu gabeko adizki eta hitzak baitakartza. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia dugu Lazarragarena; hiru aldiz ageri da eskuizkribu osoan.

Lazarragak 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen dokumentua da, artzain nobela batek (Silbero, Silbia, Doristeo ta Sirena) eta poema nahiz kanten bilduma batek osatua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, eleberria in media res hasten baita.

Argitaratu denaren arabera, Borja Aginagaldek aurkitu zuen, Madrilgo zaharki-salerosle batenean; Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen, eta 2004ko otsailaren 18an aurkeztu zuen jendaurrean. Gipuzkoako erakunde horrek Arabako Foru Aldundiarekin duen hitzarmen bati esker, eskuizkribua Gasteizko BiBat Museoan dago orain.

Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen, erabat berria euskal filologiaren historian: hedabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna, eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-ROM batean, eta handik egun gutxira Interneten. Adituen lehenbiziko txosten teknikoak ere handik bi egunera zeuden Interneten: Borja Aginagalde historialariaren estreinako paleografia- eta datatze-azterketa (1564tik 1567rako tartean Joan Perez Lazarragakok idatzia dela proposatzen zuen) eta Joseba Lakarra filologoaren atariko filologia azterketa (XVII. mendea baino lehenagoko euskal testu altxorraren tradizioan eskuizkribuak hizkuntzaren, dialektologiaren eta literaturaren azterketetarako duen garrantzia nabarmendu zuen).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gidor Bilbao eta beste (Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea), Lazarraga eskuizkribua: edizioa eta azterketa (1.0.1), Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea. Interneten eskuragarri: http://www.lazarraga.com. 2010-09-17an eskuratua. Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, Creative Commons by-SA 3.0 lizentziarekin argitaratu baitute.
  • Gartzia, Pruden: Lazarraga: Ernazimendua euskaraz. Pamiela, 2005.
  • Di Cesare, Gervasio: «El último legado de Juan Pérez de Lazarraga: su testamento», Sancho el Sabio, 31, 2009, 299-326.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiiturrietan badira testuak, gai hau dutenak:
Ezkuizkribuak