Atari:Euskara/Nabarmendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pertsona nabarmendua Idazlan nabarmendua
Bilintxen irudia.

Indalezio Bizkarrondo Ureña, edo Bilintx goitizenez ezaguna, (Donostia, Gipuzkoa, 1831ko apirilaren 30a - Donostia, 1876ko uztailaren 21a) euskal bertsolari eta poeta erromantikoa izan zen, ideia progresista eta liberalistengatik ezaguna.

Bizitza[aldatu iturburu kodea]

Izen osoa Gillermo Joakin Indalezio zuen. Ama Joakina Ureña Alana zuen, eta aita Jose Maria Bizkarrondo Amunarriz. Amaren aldeko aitona andaluza zuen, Ayamontekoa (Huelva).

Gaztetan eskaileretatik behera erortzeak aurpegia desitxuratuta utzi zion. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena.

Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkion; handik aitzina, errenka ibili zen betirako.

Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen Donostian, 1869ko apirilaren 5ean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito (1869, ezkondu aurretik jaioa), Pio Francisco (1871) eta Maria Ana (1874).

Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen Hirugarren Gerra Karlistan, karlistek hiria inguratuta zutelarik. 1876ko San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak jasanda hil zen, uztailaren 21ean, Hego Euskal Herriko foruak deuseztatu zituzten egun berean.


...gehiago irakurtzeko, sakatu hemen

Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko zutabean, behetik hasita zazpigarren lerroan, eusquel erriau dira aurreneko bi hitzak (klikatu irudia, handitzeko).

Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua arabar idazleak berak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen paper sorta da. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia dugu Lazarragarena; hiru aldiz ageri da eskuizkribu osoan.

Artzain nobela batek eta 21 koplek osatzen dute eskuizkribua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, artzain eleberria in media res hasten baita.

Ez dago garbi ea garai hartan idazlana argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok. «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek.


...gehiago irakurtzeko, sakatu hemen