Edukira joan

Ategorrietako Jai Alai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ategorrietako Jai Alai
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1887
Eraistea 1932
Edukiera2.374

Ategorrietako Jai Alai Donostiako antzinako pilotaleku luzea izan zen, Ategorrieta auzoan zegoena. Lucio González Martínez donostiar enpresagizonak eraikiarazia, 1887an inauguratu zen, eta 1932an eraitsi.[1][2][3] Donostiako lehenbiziko frontoi modernoa izan zen.[4]

Ategorrietakoa izan zen "Jai Alai" izena hartu zuen lehenbiziko frontoia. Hitz hori Serafin Barojari zor zaio. Izan ere, Lucio Gonzálezek izen eufoniko bat eskatu eskatu zion Serafini, eta honek Jai Alai proposatu zuen. Nonbait, garai hartan modan zegoen high-life ("bizimodu ederra", jai-laif ahoskatua) esapide ingelesa oinarri harturik sortu zuen Barojak pilotalekuarena.[5][1]

XIX. mendean burgesiaren goraldia gertatu zen. Horren ondorioz, kultura eta aisialdiko jarduerek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten, eta kirola ere negozio bilakatu zen.[3][6]

Giro hartan, Donostiako lehenbiziko pilotaleku modernoa eraikitzera deliberatu zen Lucio González. Ikusleentzako antzokiak bezain erosoa izatea nahi zuen, eta erakargarria, bai burgesiarentzat, bai aristokraziarentzat.[3] Bere asmoa gauzatzeko lursail batzuk erosi zizkion Fidel Mujikari, Ategorrieta auzoan zeudenak, eta Pedro Ezeiza arkitektoari agindu zion proiektua.[4]

Ategorrietako Jai Alai 1887ko uztailean inauguratu zen. Kantxa 67 metro luze eta 16 metro zabal zen, handia garai hartarako. Frontisaren orientazioa ere kontuan hartu zen, eguzkiak pilotarien begietan jo ez zezan. Baina ikusleen aldeak zituen berrikuntzarik aipagarrienak. 2.374 eserleku zeuden, denak estaliak, hiru mailatan antolatuak: lau lerro aulki behean, 32 palko lehenbiziko harmailan, eta 1.500 jarleku bigarrenean. Enpresak bere pilotari taldea zuen, eta artekariak ere, apustuak egin ahal izateko.[3]

Pilotalekuak arrakasta handia izan zuen, eta gizarte maila guztietako donostiarrak biltzen zituen, bai gizonak, bai emakumeak. Bestalde, udak Donostian igarotzen zituen Maria Kristina erregina maiz joaten zen Jai Alaira eta, erreferentzia horrekin, beste udatiar anitz ere. Maila handiko pilotari ugari aritu ziren bertan, esaterako, Luis Samperio, Gallartako Txikitoa edota Eibarko Txikitoa.[3] 1932ko irailaren 8an itxi zuten.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Gurpegui, Mikel G.. El Jai-alai, primer frontón moderno de la ciudad. El Diario Vasco, 2010eko urriak 8 (Noiz kontsultatua: 2024-6-27).
  2. Donostiako frontoi zaharrak. ingeba.org (Noiz kontsultatua: 2024-6-27).
  3. a b c d e Vidarte, Isabel. El Jai Alai de Ategorrieta. pelotamano.com (Noiz kontsultatua: 2024-6-27).
  4. a b c Reizabal, Maite. Jai Alai, lehen frontoi modernoa. Irutxulo, 2020ko uztailak 3, irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-7-1).
  5. Su haietatik hitz hauek. donostiaeuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-6-29).
  6. Ostolaza, Daniel Carballo. Pilota-jokoaren ezarpena alde zaharretan. Aldiri: arkitektura eta abar, ISSN 1889-7185, 11. zenbakia, 2012, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2024-7-1).

Ikus. gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]