Azurtuako Andre Maria Magdalenaren baseliza

Koordenatuak: 43°21′22″N 2°30′21″W / 43.35608507°N 2.5059447°W / 43.35608507; -2.5059447
Wikipedia, Entziklopedia askea
Azurtuako Andre Maria Magdalenaren baseliza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaArropain
Koordenatuak43°21′22″N 2°30′21″W / 43.35608507°N 2.5059447°W / 43.35608507; -2.5059447
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1736

Azurtuako Andre Maria Magdalenaren baseliza Ispaster eta Lekeitioren mugan dagoen Arropain auzoan dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermita gutxienez 1527tik dokumentatuta dagoen arren, gaur egungo eraikina 1736koa da. Bere eraikuntza Miguel Zubillagak eta Jose Oinederrak zuzendu zuten Ignacio Ibarretxe tokiko arkitektoaren ikuskaritzapean. 1906an, berriz, teilatua eta portikoa berriztatu ziren. Horrez gain, dokumentatuta dago, XVII. mendean freila eta serorek zaintzen zutela baseliza[1].

Lekeitioko eliza nagusia profanatu zen aldietan, parrokia funtzioa bete izan zuen Magdalenako ermitak. Gainera, ahozko tradizioaren arabera, ermita horretan jendea lurperatzen zen garai batean. Zalantzarik gabe, lekeitiarrentzat Magdalenako ermitak garrantzia berezia izan zuen.

Horrez gain, garai batean, Lekeitioko udal hauteskundeetan ere paper garrantzitsua betetzen zuen. Hauteskundeak beti egiten ziren San Blas egunez (otsailak 3), eta udal agintariak prozesioan joan ohi ziren ermitara meza entzutera, bai hauteskunde egunean, bai karguak zin egin ostean ere. Kabildoek eta Lekeitioko agintariek ospakizun gehien egiten zuten ermita zen zalantzarik gabe. Hala ere, 1822an ohitura hori aldatu eta hauteskunde eguneko meza Santo Domingo komentuan egin zen lehen aldiz. Hauteskundeetako prozesioaz gain, XIX. mendera arte, Pazko egunean beste bat ospatzen zen. San Blas egunekoa oraindik ere mantentzen da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermitak bi zatitan banatutako habeartea, burualdea eta kontrahormen arteko aldameneko kaperak ditu. Azken horiek burualdearen alde banatara daude eta sakristia txikien funtzio betetzen dute. Ermita horretan ere karezko harlanduek sendotzen dute harlangaitzezko luzitua. Horrez gain, bao enmarkatuak eta barruko kontrahormak ditu. Habeartean eta burualdean ertz-gangak dauzka eta kaperetan, berriz, kanoi gangak. Sarreran moldura bikoitzez inguratutako arku dintelduna du eta, estalki gisa, lau isuriko teilatua.

1977an sute bat pairatu zuen arren, Lekeitioko baseliza guztien artean hauxe da altzari gehien dituena. Rokokoaren ohiko diseinu kurbilineoa duten bi forja-karelek inguratzen dute aldarerako sarrera. Berorren gainetik Errenazimenduko Kristo gurutziltzatu bat gailentzen da, XVI. mendearen erdialdekoa. Alde banatara, XVIII. mendekoa izan litekeen San Blas hondatu bat, kanon ederrekoa eta mugimendu apur bat duena, eta Aro Garaikideko Sortzez Garbi bat ikus ditzakegu. Ermita Magdalenakoa deitu arren San Blas da bertan gurtzen den santua.

Gainerako irudiak aldameneko bi kaperetan daude. Ebanjelioaren aldekoan, horma-hobi baten barruan, Santa Maria Magdalena ermitako titularraren tailua dago. Espresio gogorreko pieza bat da, 1649an, Bilbon eskuratu zutenean, nagusitzen zen estetika barroko klasizistaren adierazgarri ezin hobea, letoizko oihalak eta adats karabilkatuek erakusten duten moduan. Gainera, Madrilen beirazko begiak erosi zitzaizkion naturalistago bihurtuz. Ez da irudiak zuen erretaula kontserbatu, eta gaur egun nahiko egoera txarrean dago. Erretaula Santiago Lariz lekeitiar erretaulagileak egindakoa zen. Horrez gain, bi aldeetara, oinazpiko batzuen gainean, Ama Birjinarekin dagoen Santa Ana bat eta San Roke bat daude. Bi figuren itxura lasaia eta espresio eskasa direla-eta, neoklasizismo hasiberrikoak direla esan daiteke.

Epistolaren alboko kaperan XVII. mendeko lehen herenekoa den erretaula bat dago. Irudi titularra zurruntasunez tolestutako oihalen erliebe bat da, Clavijoko batailan Santiagoren mirarizko agerraldia irudikatzen duena. Atikoan zaldizko beste santu bat dago, estilo tradizionalagokoa: Tourseko San Martin bere kapa mozten. Azken irudi horretan, XVI. mendeko azken laurdenetik indarrean egon zen erromanismoaren ezaugarriak ikus daitezke oraindik ere: anatomia gihartsua, ile metxoi lodi eta kiribilduak, edo tolestura marduleko oihalak.

Azurtuako Magdalenaren ermitan Mingorri gordetzen da, Lekeitioko Aste Santuko elizkizunetako pausu famatua.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Plaza Txopitea, Ander. (2018). «Lekeitioko kultur eta natur ondareari buruzko eduki-fitxak. Lekeitioko Udala.» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  2. Garamendi, Gaizka. «Lekeitioko Mingorriren xehetasuna (Bizkaia)» www.3digitala.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]