Bambulo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bambulo, Bernardo Atxaga (1951ko uztailaren 27a, Asteasu, Gipuzkoa) idazleak sortu eta Mikel Valverde (1966ko irailaren 6a, Gasteiz, Araba) ilustratzaileak irudikatutako fikziozko pertsonaia da. Bambulo Bilbon bizi den arrazarik eta pedigririk gabeko zakurra da, ez oso konbentzionala. Zakur normala da, egun batean bere arbasoen iraganaz ohartzen den arte eta hauei buruzko interesa pizten zaio. Horregatik, bere Bilbo maitea utzi eta munduan zehar bidaiatzen hasten da. "Investigator", "historiator", "korrektor" bihurtzen da eta irakurleak historian zeharreko bidaia bat egitera murgiltzen ditu.

Bambuloren istorioetan historiarekin apurtu nahi izan du momentu batzuetan Atxagak. Bambulok historialariak eta historia ofiziala gorroto ditu, historia kontatzerako garaian ez delako guztien inguruan hitz egiten. Historiaz kontatzen duten guztiarekin mesfidatia izateaz gain, honek esaten duena zalantzan jartzen du. Bambuloren istorio bambulotarrak [1]izeneko bildumaren protagonista da, eta bilduma hau, euskarazko hiru liburuz osatua dago: Bambulo I. Lehen urratsak (1998), Bambulo II. Krisia (1998) eta Bambulo III. Ternuako penak (1999). Laugarren bat ere badago, Aitona-amonen oroigarria izena duena (1999). Erein argitaletxearen eskutik argitaratutako bilduma da hau.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beatus Bambulo Markoni da bere izena, eta horrelaxe deitzea gustatzen zaio. 1995. urtean, Markoni [2]izeneko zakur bat sortu zen BBK Kutxaren agenda-liburu baterako. Hiru urte beranduago, hau da, 1998. urtean, Bernardo Atxagak zakur berberaren irudiaz baliatuta, Bambulo izeneko bere pertsonaia berria sortu zuen. Markonirekin erabilitako teknika eta estilo berarekin azaltzen da Bambulo Atxagaren liburuetan. Honen koadernoetatik jasotako eguneroko ideietatik sortua da pertsonaia honen esentzia. Bernardo Atxagak hainbat ideia idatzita zituen, egunen batean erabiliko zituelakoan[3]. Beraz, pertsonaia sortu berri hau iman bat bezala izan zen berarentzat. Horrez gain, idazleak txikitan irakurri eta harriturik utzi zituen istorio batzuk ageri dira zakur honen istorioetan: Daniel eta lehoiak, Troya...


Atxagaren estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxagarentzako, bere ipuinen narratzailea oso berezia da. Izan ere, Dickensen Mister Picwick pertsonaietik hartu zuen narratzailearen irudi hau, gaztetan asko gustatzen zitzaiona. Irakurlea 10-12 urte inguruko irakurlea izatea espero du, baita narratzailearen papera ulertua izatea ere. Absurdoa dena gustuko du Atxagak eta umorea bere ipuinen ardatz bihurtu da, baina ez txiste umorea, hitzen bidez lortzen den umorea baizik. Liburu berriak egin ahala, bere ipuinek kutsu errealistagoa hartzen dute, Bambuloren ipuinak errealismo hau oinarritzat hartuz. Atxagak dio helduentzat idazten duenean, oroitzapenez hitz egiten duela askotan era dramatiko batean; baina umeentzat idazten duenean, bere pertsonalitatearen atalik alaiena ateratzen du, dibertigarriena. Poesia idazten duenean bezala.

Bambuloren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ezaugarri fisikoak: ezaugarri fisikoei dagokionez, Bambulo tamaina txikiko zakurra da. Zuri kolorekoa da nahiz eta orban beltz batzuk izan bizkar eta ipur aldean. Oso espresiboa da, eta askotan haserre edo goibel agertzen da.
  • Izaerari lotutako ezaugarriak: honako adjektiboek deskribatzen dute Bambulo: zakur lasaia, harroa, egoskorra, pentsakorra, hausnarkorra, dudatia, gezurtia, kapritxosoa, bizkorra, jenio bizikoa eta tematia.

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Bambulo I. Lehen urratsak[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bambulo familia batekin bizi da: Maria, Jon, Ariadna, Ainhoa eta aita. Gizakiekin hitz egiteko ahalmena duen txakurra da. Maria (ama), liburutegi bateko garbitzailea da eta jai egun batean, seme-alabak eta Bambulo eramaten ditu berarekin lanera. Bambulo txakur alferrontzia denez, ez du liburutegira joaterik nahi eta behartuta eraman dute. Bertara iristean, amildegi bat zabaldu da lurrean eta Bambulo zulotik behera jauzi da. Beldurturik sentitzen da nahiz eta beldurtia dela ez duen onartzen, eta oihuka hasten da. Umeek, Bambuloren oihuak entzutean, zulotik salto egiten dute eta iluntasun horren barrenean aurrera jarraitzen dute makarroi usainari jarraituz. Une horretan Baratxuri buru izeneko sukaldari bat ezagutzen dute eta berak egindako makarroiak jaten dituzte guztien artean. Ondoren, liburutegi zaharreko txoko batera eramaten ditu Baratxuri buruk, eta Bambulori liburu bat ematen dio: Bambulotar handien ekintza handiak. Bambulok bere familiaren historiaz jakin nahi du, baina hezetasunagatik hiru orrialde bakarrik irakurri daitezke. Hiru orri horietan, Goyak margoturiko koadro bat, Bambulegiren istorioa eta Bambulsonen abenturak daude ikusgarri. Goyak margoturiko koadroan zentraturik, Madril hirian kokatuta dagoen Pradoko Museoan bambulokeriak egiten ditu.

2. Bambulo II. Krisia[5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bambulo Madrilen dagoela, eskutitz bat idazten die Ainhoa eta bere familiari, baina hauek, erantzuteko alfertasunagatik, ez diote berehalakoan erantzuten. Ainhoak erantzun egin nahi dio, Bambulo bere urtebetetze festara etorriko den jakin nahi du, eta horretarako idatzi egin behar dio, baina ez daki idazten. Azkenean, ama konbentzitzen du Bambulori erantzun bat emateko, eta horrela hasten dira Bambuloren eskutitzak behin eta berriro iristen. Gutunetan bere esperientziak kontatzen ditu: Filipides eta Bambulidesekin izandako abenturak, Troyako zaldiarekin suertatutako egoerak eta Ulisesekin bizitako istorioak. Zinera joango da lehen aldiz, eta pantailatik Juan Kankailu irtengo da, galdera bat egingo diona: “ez ote zen izan maitasunik, apaltasunik, eskuzabaltasunik Bambuloren arbasoen munduan?”. Galdera honi erantzuna aurkitu arte Bambulok ez dio bidea jarraitzeari utziko. Azkenean, Madriletik irtengo da, eta bertako gertaera guztiak azalduko dizkigu: ez da erraza izango Madriletik irtetea, izan ere, ordu  batzuk kartzelan igaro beharko ditu gure txakurrak. Behin kartzelatik irtenda, Pradoko Museora joango da, eta han, Juan Kankailurekin egingo du topo berriz ere, beste mezu bat emango diona: “erakutsi munduari maitasuna izan zela, apaltasuna izan zela, eskuzabaltasuna izan zela!”. Azkeneko eskutitzean, Ainhoaren festara joango dela zin egiten dio.

3. Bambulo III. Ternuako penak[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bambulok Zorombulen istorioa kontatzen du afaltzen daudela. Zorombul Herodesen zakurra omen da eta hiriko zakur guztiak biltzen omen ditu. Hauek zaunkaka hasten dira Jose eta Maria nazkatu arte eta Egiptora joaten amaitzen dute. Horrela salbatzen omen da Jesus jaioberria. Afaltzen daudela Ternuako marinelak (Ainhoa, Ariadna eta Jonen aitak) Urkizu izeneko marinel baten inguruko istorioa kontatzen du. Urkizu 15 urteko umezurtza da eta marinel moduan Ternuara joaten da itsasontziz. Beste itsas gizonak arrantzara doaz baina Urkizuk hizkuntzak ikasteko duen erraztasuna ikusirik eskimalen hizkuntza ikasteko hauekin bizitzen geratzen da bi hilabetez kanpamentuan. Negua dator Ternuara eta Euskal arrantzaleak bueltatu beharrean daude, negu gogorrak harrapatu baino lehen. Urkizuk ordea lagunak egiten ditu eta negua bertan igaroko duela erabakitzen du. Marinelek, Ternuako negu hotzaz abisatzen dute baina Urkizuk bertan geratu nahi duenez, Martxoan etorriko den itsasontzian itzultzekotan geratzen da beste arrantzaleekin. Negua, berak uste baino gogorragoa izaten da. Igluak egiten dituzte eta buruzagiek (herriko zaharrenek) agintzen dute bertan. Mortsarik ez da izan urte honetan eta gosete handia pasatzen dute, beraz, Urkizuk txoko batean ezkutatuta dituen gailetak eta arraina atera eta herritarrekin elkar banatzen du. Urkizuren lagun Kalaut eta Enke bere adinekoak dira, baina beraientzat iglu bat eta festa bat egin behar dituzte. Beraz, ezkondu egingo direla pentsatzen du Urkizuk. Egunak argitzen joaten dira, baina guardiek turnoak egiten dituzte igluen kanpoaldean. Urkizuk susmo txarra hartzen dio eta ezkontza eguneko janaria bera dela konturatzen da. Alde egiten saiatu eta  gordeta duen eskopetarekin buruzagiarengana gerturatzen da. Hala ere, buruzagia hil duena ez da bera izan, buruzagi emakumea baizik (Motima). Buruzagiari burua joan zaio negu gogorraren poderioz eta horregatik ematen ditu agindu txar horiek. Egun horretan bertan eguna argitu, Euskal arrantzaleak iritsi eta neguari agur esaten diote Ternuako biztanleek.

4. Aitona-amonen oroigarria[7]

Laugarren liburu hau Bernardo Atxagaren pertsonaia berberan oinarrituta dago, Bambulo. Ilobek aitona-amonei erregalatzeko moduko albuma da, baita aitona-amonek ilobei opari egitekoa ere. Familiaren inguruko ariketa album honek, une atseginak bizitzeko eta haurrek bere arbasoen inguruko informazioa eskuratzeko aukera ematen digu, hauek izan dezaketen kuriositatea betetzeko.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Atxaga, B. (1998). Bambulo: Lehen Urratsak. Erein. Donostia.
  • Atxaga, B. (1998). Bambulo: Krisia. Erein. Donostia.
  • Atxaga, B. (1999). Bambulo: Ternuako Penak. Erein. Donostia.
  • Atxaga, B. (1999). Aitona-amonen oroigarria. Erein. Donostia.
  • Etxaniz Erle, X. (2007). Bela kabelatik Ternuara: Atxagaren Haur eta Gazte Literatura. Pamiela. Iruña.
  • Fernández-Prieto, S. (1999). Bernardo Atxaga: el humor, la poesía, la sinceridad. Revista Delibros. Madril.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Argitalpenak - Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-19).
  2. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1998-11-19). «Atxaga crea a Bambulo, un divertido perro que se pasea por la Historia» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-04-19).
  3. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «Peonza. Revista de Literatura Infantil y Juvenil. Núm. 53, junio 2000 | Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes» www.cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-19).
  4. Atxaga, Bernardo. (1998). Bambulo: Lehen urratsak. Erein.
  5. Atxaga, Bernardo. (1998). Bambulo: Krisia. Erein.
  6. Atxaga, Bernardo. (1999). Bambulo: Ternuako penak. Erein.
  7. Atxaga, Bernardo. (1999). Aitona-amonen oroigarria. Erein.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]