Edukira joan

Beechey uhartea

Koordenatuak: 74°43′00″N 91°51′00″W / 74.7167°N 91.85°W / 74.7167; -91.85
Wikipedia, Entziklopedia askea
Beechey uhartea
Datu orokorrak
Garaiera198 m
Motauharte eta arkeologia-aztarnategi
Luzera3,1 km
Zabalera2,7 km
Azalera4,6 km²
EponimoaWilliam Beechey
Geografia
Map
Koordenatuak74°43′00″N 91°51′00″W / 74.7167°N 91.85°W / 74.7167; -91.85
Honen parte daElisabet Erreginaren uharteak
Estatu burujabe Kanada
Territory of Canada Nunavut
Ur-gorputzaOzeano Artikoa
Leku geografikoaUhartedi Artikoa

Beechey uhartea (inuiteraz: Iluvialuit) Kanadako Artxipelago Artikoan dago, Nunavut herrialde autonomoan, Wellington itsasartean. Barrow itsasarteak banatzen du Devon uhartearen hegomendebaleko izkinarekin, 2 km. baino ez baitaude uharteen artean.[1] Beechey uhartean gune hauek ere aurki daitezke: Wellington itsasartea, Erebus portua[2] eta Terror badia.

Beechey uhartea 3,1 km. luze da, eta 2,7 km. zabal. Bertako gunerik altuena muino bat da, 198 m. garai. Lancaster Sound estugunearen iparraldean dago, Wellington itsasartearen hasieran.

William Edward Parry kapitaina izan zen lehen europarra uhartea bisitatzen, 1819an. Uhartea izendatu zuen William Beechey artistaren ohorez, berau Frederick William Beechey lotinantaren aita, zeina Parry-ren bigarrena baitzen espedizio hartan.[3]

Beechey uhartea ezagun egin da, bertan gertatu zirelako zenbait gertakari inportante Artikoaren esplorazioan. 1845ean, Sir John Franklin esploratzaile britainiarrak, zeinak agintzen baitzuen espedizio bat Ipar-mendebaldeko pasaia bilatzeko HMS Erebus eta HMS Terror ontzietan, aukeratu zuen Beechey uharteko portuaren babesa bere lehen negualdirako. Kanpaleku hura desagertu egin zen, harik eta 1851n bilatze-espedizio batek, ontzi britainiarrek eta estatubatuarrek osatua, aurkitu zuen arte.

1850ean Edward Belcher esploratzaileak base moduan erabili zuen uhartea. Bertan oroitarriak daude Franklin eta beste esploratzaile polarren omenez, Joseph René Bellot barne.

1903an, Roald Amundsen esploratzaile norvegiarra uhartean gelditu zen Franklin ohoratzeko asmoz, Ipar-mendebaldeko pasaia bilatzeko antolatu zuen bidaia arrakastatsuaren hasieran.

Beechey uhartea, Devon uhartearen eta Cornwallis uhartearen ondoan

1975ean Iparmendebaleko Lurraldeen Gobernuak izendatu zuen Beechey uhartea Gune Historiko. 1999a ezkero, Nunavut herrialdeko parte da.[4]

1993an, Beechey eta Devon uharteetako bost gune arkeologiko (Franklinen negualdiko kanpalekua, Northumberland House etxea, Devon uharteko gunea Riley lurmuturrean, bi harri-muino mezuak zituztenak, eta HMS Breadalbane ontziaren gune historikoa) izendatu ziren Beechey Uharteko Guneak, Kanadako Gune Historikoen sarean.[5]

Beechey uharteko portua, Beechey uharteko tontorraren iparmendebaldetik ikusita
Northumberland House etxearen hondakinak, Beechey uhartearen kostaldean. Nunavut, Kanada

Beechey uharteko hilobiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hilobiak 2004

Beechey uhartea ezaguna da batez ere bertan aurkitu zirelako hiru hilobi, Franklin espedizioko hiru kiderenak. Hilobiok 1850ean aurkitu zituen espedizio batek Franklinen espedizio galduaren bila zebilena. Bilatzaileek aurkitu zuten harri-muino handi samarra, eta hiru hilobi, Franklinen espedizioko hiru kiderena: John Torrington kontramaisua, William Braine Itsas Armadako soldadua eta John Hartnell marinela. Hala ere, hitz idatzirik ez Franklin espedizioaren nondik norakoaz.

1852an Edward A. Inglefield komandantea Beechey uhartera iritsi zen, Peter Sutherland doktorearekin batera. Ireki zuten John Hartnell-en hilobia, hilkutxa kaltetu, eta kendu egin zuten bertatik Hartnell-en oroimenezko plaka. Beste espedizio batean, Thomas Morgan bilatzailea North Star ontzian hil zen, 1854ko maiatzaren 22an, eta hilobiratu zuten Franklin espedizioko hildakoen ondoan.

1980. hamarraldian Beechey-ra egindako bi espediziotan, Owen Beattie antropologo kanadarrak hiru gorpuak aztertu eta aurkitu zituen (kanpotik behintzat) oso ondo zeudela kontserbatuta. Autopsiek ondorioztatu zuten seguruenik biriketako gaitzek eta berun-pozoiketak eragin zutela gizon haien heriotza; beruna zetorren espedizioko milaka kontserba-potoetatik, zeinak berunez baitzeuden soldatuta (nahiz eta geroagoko ikerketek iradoki zuten ura destilatzeko ontzi biek zuten sistema zela berun-pozoinketaren kausa).[6] Geroago konparatu ziren Beecheyn hilobiratukoen ileak Harry Goodsir naturalistarenarekin, zeina hil baitzen espedizio berean baina haiek baino urtebete geroago, eta aurkitu zen hiru haien pozoiketa maila ez zela Goodsir-ena baino handiagoa, eta izan behar zela espedizioaren aurretik nozitutakoa. Beraz, nekez izan zitekeen berun-pozoiketa kausa bakarra itsasgizon haien heriotzarena.[7][8]

1990. hamarraldian, ikusita Beechey hilobietako markatzaileak hondatzen ari zirela, ordezkatu zituzten brontzezko hilarriekin.

Beechey uhartea fikzioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jules Verne idazle frantsesaren Voyages et aventures du capitaine Hatteras (Hatteras kapitainaren bidaiak eta abenturak) nobelako protagonistek bisitatu egiten dute Beechey uhartea. Bestetik, Clive Cussler idazle estatubatuarraren Artic Drift (Jitoan Artikoan) nobelako pertsonaiek ere uhartea bisitatzen dute, Franklinen ontzien bila. Dan Simmons nobelagile estatubatuarraren The Terror nobelak ere aipatzen du Beechey uhartea. Baita EMC telebistak egindako The Terror telesailak ere, berau izen bereko nobelan oinarritua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Beechy Island, Barrow Strait, Nunavut» web.archive.org 2008-02-22 (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  2. «Beechy Island -wiki map - Google Search» www.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  3. (Ingelesez) Parry, Sir William Edward. (1821). Journal of a Voyage for the Discovery of a North-west Passage from the Atlantic to the Pacific: Performed in the Years 1819-20, in His Majesty's Ships Hecla and Griper, Under the Orders of William Edward Parry ; with an Appendix, Containing the Scientific and Other Observations. John Murray (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  4. «HistoricPlaces.ca - HistoricPlaces.ca» www.historicplaces.ca (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  5. «HistoricPlaces.ca - HistoricPlaces.ca» www.historicplaces.ca (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  6. (Ingelesez) «https://web.archive.org/web/20180313020534/http://preservedremains.wikispaces.com/FrankExp.%20Discovery%20of%20bodies» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  7. (Ingelesez) «The Franklin expedition: What sequential analysis of hair reveals about lead exposure prior to death» Journal of Archaeological Science: Reports 21: 401–405. 2018-10-01  doi:10.1016/j.jasrep.2018.08.021. ISSN 2352-409X. (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  8. (Ingelesez) Smith, Kiona N.. (2018-09-30). «Strands of hair shed light on doomed 19th-century Arctic expedition» Ars Technica (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]