Belateko lapurrena

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Belateko lapurrena
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna
Argitaratze-data1817
IzenburuaGauza bat deklaratzen...
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara

Belateko lapurrena euskal gaizkile batzuei egindako bertso-sorta da. Euskal Herrian bidelapurren inguruan kontatzen den istorio basati eta gordinenetakoa da Belateko lapurrena. Mugimendu handia zegoen portu hartan, Iruñera iristeko edo Iruñetik kostalderantz. 1809 eta 1817 urte artean aritu ziren Belateko lapurrak lanean, mugimendu horretatik probetxua atera nahian, eta hamaika krimen burutu zituzten. Nafarroa mailan bide garrantzitsua zenez, bidaiariak babesteko talde bat sortu zen: Lantzeko Guardianoak. Zenoz anaiak, Juan Martin, Pedro Martin eta Pedro Esteban, eta laugarrena Juan Bautista Lantz, Zenoz anaien koinatua. Bidea zaintzeko helburua zuten guardia horiek ziren, finean Belateko lapurrak[1].

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik, guardiano gisa, bidaiariak eskoltatzen zituzten, eta kaminoan beraien poltsaren pisua neurtzen zuten galderak eginaz. Txanpon hotsak merezi zuela ondorioztatuz gero, bideko tokiren batean agurtu eta handik kilometro batzuetara erasotzen zituzten bidaiariak, mozorrotuta. Lapurretak egiteaz gain, batzu-batzuk ere hil omen zituzten lapurrek, eta gorpuak Almandozeko leize batera botatzen zituzten. Leize honen kokalekua jakina da: Almandozeko herrian, Belateko portuaren 35. eta 36. kilometroen artean, eskuinerantz irteten den kaminotxo bat hartu behar da, San Blaseko bentatik Almandozeko usategietara doana. Bertan, Barazelaiko ordokian, bada leize zulo bat dolina baten aldamenean. Sei bat metroko arrapala dauka, eta jarraian 35 metroko zulo bertikala. Horra botatzen zituzten eurekin gurutzatzeko zorigaitza izan zuten bidaiariak.

Belateko lapurren istorioa detaile handiz kontatu zuen Jose Maria IribarrenekEl moro corellano y los bandidos de Lanz” liburuan. Iribarrenek istorioaren berri izan zuenean Lantzeko apaizarekin jarri zen kontaktuan, eta bere kasa bildutako informazioa eta abadeak eman ziona elkartuta idatzi zuen liburua. Lapurrak ikazkinak ziren. Behin baino gehiagotan jendea eurak egindako lapurreten salaketa jartzera joan, eta lapurren bila abiatzen zirela irudikatzen zuten. Hasieran jendea engainatuta zeukaten, baina denborak aurrera egin ahala geroz eta gehiagok zekiten egia, baina sekretua ez zen asko zabaldu, ikaragarrizko beldurra baitzien jendeak guardianoei. Anozibar herriko Salbatorena etxeko nagusiak aurre egin zien, baina heriotzarekin ordaindu zuen bere ausardia.

Azkenean, harrapatu eta urkamendira kondenatu zituzten. Joxe Migel Gorraiz izeneko seminarista batek idatzi utzi zituen bere koadernoan Lantzekoen exekuzioaren nondik-norakoak: lau gizon hil zituztela zintzilikatuta, denak Lantzekoak, eta bosgarren bat ez zutela hil 18 urte zeuzkalako, baina exekuzioak ikustera behartu zutela soka bat lepoan jarrita.

Bidelapurren gorpuak zatikatu egin zituzten eta hainbat krimenen eszenatokietan jarri: baten burua Anozibarreko Angiliturrin, beste batena Lantzeko Ganbo iturrian, beste batena oraindik “Aurpegi” deitzen zaion Ultzamako paraje batean, Almandozeko leize inguruan ere jarri zuten gorputz atalen bat.

Exekutatu zituzten egunean bertsolari bat zegoen publikoan, eta ez kanpotik joana, baizik eta bera ere presoa zelako. Gauza bat deklaratzen izeneko bertso sorta idatzi zuen, Oskorrik musikatu zuena. Oskorrik zuzenean jo zuteneko bertsio bat argitaratu zuen “Pub Ibiltaria” diskan.

Bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Gauza bat deklaratzen
 Bear det orain asi;
 Denbora asko eztuela
 Zer degun ikusi.
 Enkargatu ninduena
 Orain ez da bizi;
 Lagunekin batian
 Zuten galerazi:
 Orien bekatuak
 Ala zuten merezi.

2. Bi urte bete ditu
 Esan zidatela
 Batek partikularki
 Lazki beldur tzela;
 Aditzen baldin banuen
 Galdu zituztela,
 Berso bida berriak
 Paratu netzala;
 Orai abiatzen naiz
 Oroitzen naizela.

3. Egun señalatua
 Zen Santa Barbara,
 Presentian giñenak
 Oroitzen al gera;
 San Jose gloriosoak
 Gaitzala anpara,
 Allegatu gabentanik
 Tranze orretara.
 Egun artan zituzten
 Urkabian para.

4. Anayetan zarrena
 Juan tzen aurrera;
 Garbos pasa zituen
 Zenbait eskalera;
 Allegatu zanian
 Gero urkabera,
 Konseju onak ematen
 Oyuz zegon bera.
 Ai! ura egun artako
 Gizonen galera.

5. Tunika bat buruan
 Soñian trajia
 Prebeniturik zegon
 Ayen enkajia.
 Eskaleretan goiti
 Iduri pajia,
 Iltzera goaki eta
 Ura korajia!
 Makurren zuzentzeko
 A! zer parajia!

6. Ordukoz ura illa
 Gero bigarrenari,
 Kuerda lepotik sartzen
 Zitzaizkolarik ari.
 Tunika bat burutik
 Zitzaion erori,
 Begira gelditu zen
 Bere anayari,
 A! zer konsuelua
 Biotz altxagarri!

7. Bida illak zituzten
 Gero irugarrena
 Ark manifestatzen zuen
 Lastimarik geyena.
 Lenagoa gaizki egiñaz
 Gero zuen pena;
 Etzuela guardatu
 Jaunaren ordena,
 Zuzen ibiliko da
 Munduan zurduena.

8. Laugarrena juan tzen
 Guzien atzian,
 “”””Jesus””””! esaten zuen
 Kuerda paratzian;
 Salve bat errezatzeko
 Artaz oroitzian;
 Ala agintzen zuen
 Ark eriotzian,
 Pena asko zedukala
 Bere biotzian.

9. Ayen etxuak ziran
 Ongi probatuak;
 Krueldade aundiyan
 Ziren kastigatuak;
 Lauetatik iru
 Deskuartizatuak
 Izugarriak ziran
 Ayen bekatuak,
 Amar lekutan daude
 Puskak paratuak.

10. Eken pensamentua
 Beti maldadian,
 Ez dirade ibilli
 Kristauen legian;
 Ill eta arrobatuz
 Zoazilarik bidian,
 Nola egunaz eta
 Igual gabian,
 Orai pagatu tuzte
 Azken egunian.

11. Ainbertze beldurrekin
 Jendiak belaten;
 Uste dut pasajeruak
 Gusto artzen duten.
 Bertzeren ontasunak
 Ari ziren yaten;
 Pesalunbria baizik
 Etzuten ematen:
 Pepek deskantsu ona
 paratu du aurten.

12. Zenbait arroario (arrobario)
 Eta eriotze
 Mundu ontan klaroki
 Aitortu dituzte;
 Ainbertze gaixtakeri
 Zirelarik gazte;
 Geyago eginen zuten
 Utzi balituzte,
 Azkenian ederki
 Pagatu dituzte.

13. Gaizki egin bazuten
 Ayek mundu onetan,
 Padezitu zituzten
 Azken egunetan;
 Baldin “”””por si acaso””””
 Badaude biarretan,
 Beren zorren pagatzen
 Purgatorioetan,
 Errezatu dezagun
 Eken faboretan.

14. A! zer konsuelua
 gure asoena (gurasoena)
 Umiengatik artzen
 Orrenbertze pena!
 Asi eta ondoko
 Pagamendu ona
 Azkenekoz erortzen
 Gaizki dabillena;
 Ori da mundu ontan
 Pensatu bear dena.

15. Gizonak mundu ontan
 Pensatu bear luke
 Nondik etor daiteken
 Orrenbertze neke,
 Jangoikoari oyuka
 Miserikordia ezke,
 Bañan etzioten utzi
 Nai adiña epe.
 Padrino ona zuten
 Azkeneko Pepe.

16. Asko gurasoeri
 Nai diet adierazi
 Beren umiak nola
 Bear dituzten azi.
 Ingenio gaiztoak
 Alez galerazi,
 Jangoikoaren legia
 Ongi arrerazi,
 Nai duena egitera
 Beñere ez utzi.

17. Konseju onak eman
 Umeari gaztetan.
 Dotrina erakutsi
 goiz edo arratsetan.
 Kastigu sobera gabe
 Bear modutan,
 Estimatu dezaten
 Dabiltzan lekuetan,
 Asko galtzen baitira
 Gurasoen faltan.

18. Amar manamentuak
 Agintzen duena
 Jangoikua amatu
 Da printzipalena.
 Juramenturik gabe,
 Gero bigarrena.
 Obligaziua delarik,
 Entzun meza bana.
 Errespetua iduki
 Aita eta amaingana.

19. Bortzgarrenekoa
 Nior ez iltzia.
 Lujuriak utzi eta
 Ain guti ebastia.
 Falso testimoniorik
 Iñori ez goratzia.
 Ez deseatu bertzen
 Senar edo emaztia.
 Ori da manamenduak
 Ongi guardatzia.

20. Kalabozo batian
 Kantuen paratzen,
 Gosiak ill urrena,
 Otzak akabatzen.
 Ezta enbusteria,
 Ala ari nitzen.
 Anima defuntuak
 Naute anparatzen.
 Pasa baño errexago
 Dirade kontatzen.”

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. cc-by-sa lizentziapean: Embarek, Beñat Hach. (2020-02-04). «Belateko lapurrak» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]