Biharko Lurraren Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Biharko Lurraren Elkartea (BLE) laborantza biologikoa bultzatu nahi duten ekoizleak biltzen dituen Ipar Euskal Herriko elkartea da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donapaleun (Nafarroa Beherea) sortu zen 1993an. Garai honetan Ipar Euskal Herri osoan bi laborari biologiko besterik ez zegoen. Haientzako aholkularitza, gainera, mota honetako ekoizpenen aldeko apustua egiten ez duen departamenduko Chambre d'Agriculture delakoaren esku zegoen. Horren aurrean, 20 bat laborari bildu ziren; hausnarketa egin ondoren, heziketa landu eta ikerketak egiteari ekin zioten.

Kide kopurua handituz joan zen eta 1996an elkartearen lanak aurrera ateratzeko lehen lanpostu erdia sortu zen. Frantses estatuan 1998tik 2003ra mota honetako laborantza bultzatzeko neurriek erraztuta beste laborari batzuk ekoizpen mota konbentzionaletik biologikora pasatu ziren. Hazkunde prozesuak segitu egin zuen eta 2010ean lau langile liberatu eta teknika biologikoak erabiltzen dituzten 150 kide ditu; egun 70 bat laborari biologiko daude Ipar Euskal Herrian[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantza ekologikoa lantzea, etxalde bakoitzaren autonomia formazioarekin konbinatzea, talde lana eta esperientzien trukaketa bultzatzea eta ekoizpen prozesua osotasunean (lurretik kontsumitzailearengana) kontuan hartzea dira elkartearen helburu nagusiak.

Bide horretan abiatzen diren laborariei laguntza ekonomikoak, formazio ikastaroak eta dokumentazioa prestatzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie. Ekoizpen hauetarako merkatu berriak bilatzea ere du xede.

Egoitza Donapaleuko Lapitz Hotza (frantsesez rue de la Bidouze) karrikako 32 zenbakian dago[2]; BLE Berri izeneko aldizkaria ateratzen du[3]. Arrapitz federazioko kidea da eta 2010ean presidentea Jon Harluxet duzunariztarra da[4].

Euskal Herriko beste elkarte batzuekin (Ekonekazaritza, Biolur) harremanak ditu eta Akitaniako Bio-Aquitaine federazioko kidea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Datua Bio-Aquitaine webgunean.
  2. Ikus 7.or.
  3. 33. alea kontsultagai.
  4. Elkarrizketa Zientzia.neten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Frantsesez) BLE Bio-Aquitaine webgunean.
  • Artikulua Zientzia.neten.