Euskal Herriko Laborarien Batasuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
ELB
Izen osoa Euskal Herriko Laborarien Batasuna
Sorrera 1982ko urria
Federazioa Confédération paysanne
Nazioarteko afiliazioa Vía Campesina, CPE
Agerkaria Laborari
Artikulu hau serie honen zatia da:
Eusko
abertzaletasuna
EH mapa hutsa.png

Euskal Herriko Laborarien Batasuna, labur ELB, Ipar Euskal Herriko nekazarien sindikatua da, sektoreko nagusia, FDSEAren aurretik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatua 1982ko urrian sortu zen.[1] Hamarkada luzeetan sindikalismo mota ia bakarra bultzatzen zen FDSEAren ("Frantziako Lur-ustiatzaileen Sindikatuen Federazio Departamentala") bidez eta hainbat laborarik boterearekiko (bereziki eskuinarekiko) hurbiltasuna egozten zioten sindikatu honi; beste aldetik, Ipar Euskal Herriaren berezitasunak erabat estalita geratzen ziren askoren aburuz, hala sindikatu horrek nola laborantzaren munduko egitura ofizialak (Chambre d'Agriculture[2]) departamendu mailan funtzionatzen baitute. Horren ondorioz batez ere 1976tik aurrera FDSEAren barruan eztabaida bultzatu zuten "40en Taldea" izena hartu zuten kideek eta momentua heldu zela iritzi ziotenean aparteko sindikatua sortzeko deliberoa hartu zuten, laborari xumeen defentsa eraginkorragoa egin nahian. Mixel Berhokoirigoin (Gamarte), Peio Iralur (Donazaharre), Bernadette Oillarburu (Jutsi), Jenofa Mendiburu (Senpere) eta Arño Cachenaut (Bastida) izan ziren sortzaileetakoak.

Ardi gaztaren monopolioari aurre eginez eta antzeko borroketan sindikatua laborarien onespena lortuz joan zen. Harrezkero lurraren espekulazioaren kontra, gazteak laborari atxikitzearen alde, transgenikoen kontra, laborari txiki eta ertainen alde aritu da eta mobilizazio zein protestaldi ugari antolatu du. Ipar Euskal Herrian laborarien munduarekin lotura izan duten tokiko gatazka guztietan (Munoa, Elordoi, Kako...) presente egon da.

Ordezkaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinio Atlantikoetako Chambre d'Agriculture delakorako hauteskundeetan esku hartzen du; deialdi bakoitzean emaitzak hobetuz joan da:

Indartsuago ageri da beti esne ekoizleak diren Zuberoa eta Nafarroa Behereko eskualde euskaldunenetan; apalago kostaldean eta iparraldeko ertzeetan (Amikuze, Agaramont) non FDSEA-eskuina loturak eta arto egileak indartsuagoak diren. Hala ere, salbuespenak salbuespen eremu guztietan goranzko joera izan du; 2001ean[4] eremu guztietan irabazi zuen (altuena Garazin % 67,84arekin) hauetan izan ezik: Kostaldea (% 39,25; 1989an % 22,35), Bidaxune (% 17,70; 1989an % 12,96) eta Amikuze (% 45,56; 1989an % 28,87).

Harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborari progresisten erreferentzia bat denez horren araberako lehentasunezko harremanak landu ditu:

Zenbait ezaugarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne egiturari dagokionez ez du presidenterik eta erabakiak batzarren bidez hartzen dira. Kantonamendu bakoitzean "animazio komiteak" daude, "lekuko taldeak" ere bai eta urteroko batzarrean ehundik gora lagun biltzen dira. Behi esne eta ardi esne batzordeak ditu, sektore nagusi bi hauek propio lantzeko.

Askotan "abertzale" etiketa ipini bazaio ere, eremu soziologiko zabalago bati erantzuteko sindikatutzat jotzen du bere burua. Horrek ez du esan nahi gai orokorragoetan bere iritzia ez daukanik eta euskararen ofizialtasunaren alde, Ipar Euskal Herriarentzako onarpenaz edo Euskal Herrian bizi den gatazka konpontzeko bideez sarri askotan bere konpromisoa erakutsi du[9]. Edozein kasutan sindikatuko kide ugari hautagai abertzaleak izan dira esate baterako kantonamenduetarako hauteskundeetan: Peio Iralur Garazikoan, Arño Cachenaut Bastidakoan, Andde Sainte-Marie Iholdikoan...baina bestelako kasuak ere badaude: Michel Arhantzet (UDF, MoDem) Atharratzeko kantonamenduko kontseilari nagusia da 1992tik.

Bere egoitza nagusia Donibane Garazin du, Azaroaren 11ko karrikako 21 zenbakian. Ateratzen duen aldizkariak Laborari du izena[10]. Gaur egun astekaria da eta heren bat euskaraz idatzita izaten da.

Bultzatutako proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Ez dugu izen hau euskaratzen; EHLGren kontrako epaian akusazioak berebiziko interesa erakutsi zuen euskarazko "Laborantza Ganbera" frantsesez Chambre d'Agriculture zela demostratzeko.
  3. ELB sindikatua, Auñamendi.
  4. Iturria: Euskaldunon Egunkaria, 2001eko otsailaren 2a.
  5. ELB eta EHNEko arduradun bana Berrian.
  6. 1987an sortutako sindikatua.
  7. Confédération Paysanneko webgunea.
  8. Erakunde honetako webgunea.
  9. Lizarra-Garaziko Akordioa sinatuz adibidez.
  10. 2001 arte Laborari-lo Païsan; paisan hitzak "laborari" esan nahi du okzitanieraz; kontuan hartu, Bearnoan eta Ipar Euskal Herriko nekazaritza eremu batzuetan (Agaramont aldea...) hizkuntza hau ere hitz egiten dela.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal Herriko Laborarien Batasuna Aldatu lotura Wikidatan