Bizkaiko auzo-ikastolak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizkaiko auzo-ikastolak
Datuak
Motahezkuntza-erakundea
Historia
Sorrera1919
Desagerpena1970(e)ko hamarkada
Amaitermingo (Abadiño) auzo ikastola, 94. zenbakiduna.

Bizkaiko auzo-ikastolak XX. mendearen lehen laurdenean sortutako eskola publikoak izan ziren, nekazari inguruneetan hedatuak Bizkaian zehar, Foru Aldundiaren ekimenez. Ekimen abertzalez sortu ziren (lehenak 1919an), euskarazko ikaskuntza emateko plangintzarekin, baina sortu eta gutxira euskarazko irakaskuntza murriztu eta ia ezabatu zen. Ikastola izena izan zuten lehen eskolak izan ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an, Ramon de la Sota Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko presidente izendatu zutenean abiatu zen prozesua[1] eta 1919an ireki ziren lehen eskolak. Orduan, auzo-eskolak sortzeko asmo handiko plana abiarazi zuen, landa-guneetako biztanleak alfabetatzeko. Izan ere, landa-gune horietako biztanle gehienak alfabetatugabeak ziren. Auzo-eskola horiek eraikitzeko lanetan, udalek ere parte hartu zuten. Askotan, auzokideek eurek ere egin zuten lan obretan.

Hasierako asmoetan, A eta B zonaldeak markatu ziren. A zonalde euskaldunean euskaraz izan behar zen irakaskuntza, eta ikasgaia gaztelania. B zonalde nagusiki erdaldunean (adibidez, Enkarterria), gaztelerazko irakaskuntza eta euskara ikasgai. Erregimen politikoaren aldaketak, ordea, euskarazko irakaskuntza publikoaren lehen ahalegn hau zapuztu zuen azkar. Foru Aldundian Liga Monarkiko anti-abertzalea nagusitu zen 1921an, eta Primo de Riveraren diktadura hasi Espainian 1923an. 1922tik aurrera euskarazko testuliburuak kendu zituzten eskoletatik, eta bakarrik geratu zen dotrina kristaua euskaraz A zonaldean[2].

Guztira 125 eraiki ziren. Lehen bultzakadan, 1923 arte, 50 zentro. Primo de Riveraren garaian beste 50, eta Espainiako II. Errepublikaren aginte-garaian (1930etik) beste 25. Azken garai honetan elebitasunaren aldeko itxaropenak piztu ziren, eta laikotasuna ezarri zen.

1930-1938 urte tartean Gipuzkoan izan ziren auzo-eskolak eredu bizkaitarrean oinarritu ziren neurri handi batean[2].

Gerra Zibilaren ondoren, Estatuak hartu zuen eskolen kontrola 1937an. Auzo-ikastola gehienek 1970eko hamarkadara arte iraun zuten, eta orduan itxi ziren[3].

Eraikinen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eitzagako auzo ikastolaren azulejuzko errotuloa.

Forma bereizgarriarekin eraiki ziren eskola gehienak, Diego Basterra foru arkitektuaren plangintza bati jarraiki[2].

Eskolak emateko erabiltzen zen areto handi bat (eskoletan mutilak eta neskak batera egoten ziren), eta beste gela ba, sukalde-jantokirako, biltegirako eta beste hainbat funtziotarako. Eraikin nagusiaren ondoan, normalean, egurtokia eta komunak zituen beste instalazio txiki bat zegoen. Eraikuntzan, Foru Aldundiaz gain, udalek ere parte hartu zuten, baita auzoetako bizilagunek zenbait kasutan[1].

Azulejuzko errotulo bat zeukaten guztiek. Zera ageri zen idatzita: "Escuela de barriada de Vizcaya / Bizkaya'ren Auzo-Ikastola", eta zegokion zenbakia. 21. mendean gordetzen dira eraikin hauetako asko, zenbaitetan errotulo hori ikusgai delarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Auzo eskolak — Amorebieta-Etxanoko Udala» www.amorebieta-etxano.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  2. a b c Garmendia Larrañaga, Joxe. (2018-01-28). «Alfabetización en Euskara en las escuelas rurales del País Vasco (1900-1939)» Historia y Memoria de la Educación (7): 191.  doi:10.5944/hme.7.2018.18508. ISSN 2444-0043. (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  3. Deia, EP. (2020). «Bizkaiko auzo ikastolei buruzko erakusketa bat ireki dute Bilbon» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]