Bolboraren errota (Iruñea)
Bolboraren errota (Iruñea) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Iruñea |
Ur-masa | Arga |
Koordenatuak | 42°49′19″N 1°38′42″W / 42.822°N 1.645°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1590(e)ko hamarkada |
Leherketa | 1733 |
Berreraikuntza | 1745 |
Suntsiketa | 1808 |
Bolboraren errota Iruñean Aro Modernoan egon zen bolbora ekoizteko errota bat izan zen, Arga ibaiaren gainean, Errotxapea auzoan. 1590ko hamarkadan eraiki zen, eta Nafarroa Garaiak behar zuen bolbora sortzeko betebeharra zuen. Hainbat istripuren ostean, 1753an Iruñeak instalazioak erosi zituen eta papera egiteko errota bat egokitu zen bertan, Nafarroako lehenengoa. Iberiar penintsulako gerran suntsitua, presa eta orubea aprobetxatu ziren 1816an loza fabrika arrunt bat ezartzeko, lehenago ere noizbehinka funtzionatu zuena; ondoren, okindegi bat izan zen. Gaur egun, horma batzuk baino ezin dira ikusi, El Vergel izeneko zubi modernoaren ondoan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bolbora fabrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arga ibaiak duen indarra aspaldi erabili da errotak eraikitzeko. Iruñean Erdi Aroan errota bat eraiki zen bertan, Done Petriren presa txikiarekin elikatzen zena[1], Arga ibaian, bere garaian Juslarrocha izeneko gunean, gaur egungo Errotxapea. Filipe II.a Espainiakoaren aginduz, 1593 eta 1597 artean bolbora ekoizteko moldatu zen.[2]. Hala ere, badaude 1546ko aipamenak bolbora errota bati buruz[3]. 1603an Alfonso de Alfaro y Narváez agertzen da dokumentazioan kudeatzaile gisa, Eugiko arma fabrikarekin batera[3].
1673aren inguruan eta 1733ko martxoaren 13an bi leherketa izan ziren, bigarrena oso bortitza, 12.500 kilogramo bolbora inguru zeudelako metatuta[3], Iruñea osoan entzun zena eta hainbat eraikinetan kalteak eragin zituena. Bigarren leherketa horrek hiru langile hil zituen bertan eta beste lau zauritu, horietako batzuk beranduago hil baziren ere[4]. 1675an ekoizpena handia zen, egunero 14 kintal ekoizten baitzituen[3].
Paper fabrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren leherketaren ostean, tartea hartu zuten berreraikitzeko. 1745ean jada egina zegoen, baina bolboraren behar estrategikoa ez zegoenez, paper fabrika bat egiteko moldatu zen, Jaime Fábrega katalanaren eskutik. Iruñeko udalak erosi zuen eraikina, 131.487 erreal eta 12 marabedi ordainduta[5]. Paper fabrika hori 6.000 resma ekoizten zituen urtero[6]. Lehenengo paper partidak 1755an atera ziren, eta hainbat pertsona esanguratsuri opari gisa bidali ziren. Ur-marka lehoi bat zen, Hospital General de Pamplona letrekin[3]. 1755ko azaroaren 30ean Nafarroan paper-fabrika bakarra izateko eskubidea eskatu zuten, eta onura hori eskaini zioten. Hala ere, 1773an Agoitzen beste bat ireki zen[5]. 1755an ere beira egiteko labe bat jarri zen eraikinari lotua, baina emaitza txarra zela eta, ez zen erabili. 1761an artilea garbitzeko egoitza bat jartzea aurreikusi zen, baina mojak kexatu ziren, eurek bat zutelako eta kaltetuta sentitzen zirelako[5]. 1787ko urriaren 7an uholde batek kalte handiak eragin zituen, baina konponketekin fabrika ere hedatzeko baliatu zen[5].
Ondorengo erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iberiar Penintsulako gerran suntsitu zenean, presa eta kanala probestu ziren loza enpresa bat bertan sortzeko. Jada 1786an egiten ziren bertan portzelanak, errotaren alderen batean, baina gerraren ostean honetarako erabiltzeko eskatu zen, Talavera de Pamplona izenarekin[5]. XIX. mendearen erdialdean Alzugaray familiak erosi zuen eta irin-errotan bilakatu zuten[3].
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun pareta pare bat oraindik zutik daude, bertan dagoen umearen parkearen inguruan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Alegría Suescun, David. (D.L. 2010). Río Arga : guía del patrimonio histórico de los ríos de la Comarca de Pamplona. Mancomunidad Comarca de Pamplona = Iruñerriko Mankomunitatea ISBN 978-84-87880-06-3. PMC 955506738. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ Gran Enciclopedia de Navarra | INDUSTRIA. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ a b c d e f Desolvidar. (2020-12-17). «desolvidar: El molino de la pólvora (J.J. Martinena). 2» desolvidar (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ Gaztambide, José Goñi. (1952). «Destrozos causados en la Catedral de Pamplona por dos explosiones» Príncipe de Viana 13 (48): 407–411. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ a b c d e Serrano, Rafael García. (1974). «El Molino de Papel del Hospital General de Pamplona» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 6 (16): 7–21. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
- ↑ Desolvidar. (2020-12-11). «desolvidar: Molino de la Pólvora (de Alzugaray) 1» desolvidar (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).