Buztanikara hori

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buztanikara horia
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMotacillidae
GeneroaMotacilla
Espeziea Motacilla cinerea
Tunstall, 1771
Banaketa mapa
MotacillaCinereaDistributionMapIUCNv8 2.png
Datu orokorrak
Masa1,91 g (pisua jaiotzean)
17,4 g (helduen pisua)
Zabalera26 cm
Kumaldiaren tamaina4,6
Errute denbora13 egun

Buztanikara horia (Motacilla cinerea) motacillidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasian bizi dena[1].

Buztanikara horiak gorputz liraina, isats luzea, nahikoa moko luzea eta hanka luzeak ditu. Bizkarraldea gris-urdinxka du eta sabelalde horia. Maiz ibiltzen da lurretik oinez edo korrika eta tarteka hegaldi txikiak egiten ditu intsektuak harrapatzeko. Habia uretatik gertu egiten du, haitzetan edo eraikuntzetako zuloetan. Euskal Herrian, isurialde atlantikoan mediterraneoan baino ugariagoa da.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso espezie deigarria da, kolore bizikoak eta silueta lirainekoa, buztan eta hanka oso luzeekin, nahiko erraz ikus dezakegu eta urteko edozein urtarotan gure ibai eta erreka askotan.

Behatzaile arretatsu batentzat, buztanikara horia nahastezina da beste txori batzuekin, larre buztaikara izan ezik, espezie honen oso ahaide zuzena da, isats luzeagoa, bizkarraldea urdinxka eta arrak eztei lumajean erakusten duen eztarri beltza dituelako bereizten da (zuri-horixka larre-buztanikaran). Buztanikara horiaren beste ezaugarri batzuk, azpiko alde horixkak dira, buztan iluna eta kanpoko errektriz zuriak, ipurtxuntxur hori-berdexka eta buruko zerrenda zuriak.

Arrek, umatze garaian, urteko gainerako sasoietan baino, kolore askoz biziagoak eta kontrastatuagoak dituzte. Bere erreklamoa, zorrotza eta metalikoa da, eta buztanikara zuriak egiten duenaren antzekoa da.

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buztanikara horiak intsektuak jaten ditu, intsektu horiek errekatxo ertzetan bilatzen ditu gogotik, eta, askotan, hegaldi betean harrapatzen ditu.

Oso arin ibiltzen dira, isatsa eta burua etengabe kulunkatuz.

Apirilean hazten da ugalketa. Normalean bi errunaldi egiten dituzte eta lau eta sei arrautza bitartekoak izaten dira; krema kolorekoak, tonu arre ilunagoko puntu fin-fin batzuekin. Habia bi helduek egiten dute, eta zubi, horma edo ezponda bateko zulo baten kokatzen dute, beti uretatik oso hurbil. Betegarri egiten duen goroldiozko oinarri zabal batez osatuta dago, eta, horren gainean , belar, zurtoin eta sustraitxoz katilutxo bat egiten du.

Inkubazioak errunaldia amaitu eta 12 eta 14 egun bitartean irauten du, eta emearen ardurapean egoten da ia beti.

Txorikumeak 12 eta 13 egun bitartean egoten dira habian, eta beste 4 edo 5 egunez, inguruan ezkutatuta, gurasoek elikatzen jarraitzen dute, hegaldiari ekin arte.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako eremu zabal batean hazten dira. Iparraldetik, Eskoziara, Suediako hegoaldera, Poloniara eta Errusiako mendebaldera iristen dira, Mediterraneo osoa ere hartzen du. Asiako eremu batzuetan ere habiak egiten dituzte.

Populazio guzti hauek, Europakoak behintzat, funtsean sedentarioak dira, hala ere, batzuk Europako hegoaldera eta Afrikako iparraldera joaten dira negua igarotzera.

Euskal Herrian oso ohikoa da eremu atlantikoan, eta ibai eta erreketan zehar ikusten da, itsas mailatik mendietaraino. Eremu subkantabrikoan ere ohikoa da, baina eremu lauetan, ura motelagoa doan lekuetan, urria da. Bakanagoa da Mediterraneo aldean, baina Toloño mendietatik jaisten diren erreketan badago eta Ebroko ur-tarte azkarretako errekarrietan ere bai.

Bere habitata, ur garbi eta ibilbide azkarreko ibaiak eta errekak dira, erreka ertzak eta harritsuak, hala ere, neguan, ibaien behe aldera jaitsi daiteke.[3]

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buztanikara horiak zazpi azpiespezie ditu:

  • Motacilla cinerea canariensis
  • Motacilla cinerea caspica
  • Motacilla cinerea cinerea
  • Motacilla cinerea melanope
  • Motacilla cinerea patriciae
  • Motacilla cinerea robusta
  • Motacilla cinerea schmitzi

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2008). Motacilla cinerea. IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species
  2. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E.. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 102 or. ISBN 84-87114-09-1..
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 178 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.