Cádizko Dama

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cádizko Dama
Jatorria
Sorrera-urteaK.a. V. mendea
Aurkikuntza data1980
Ezaugarriak
Materiala(k)haitzurdina
Kokapena
BildumaMuseo de Cádiz (en) Itzuli

Cádizko dama museologiaren ikuspegitik Cádizen aurkitutako emakumezko sarkofago feniziar bati deitzen zaio[1].

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pelayo Quinteroren saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1904an, Pelayo Quintero arkeologoa Andaluziako Cádiz hirira iritsi zen, “ustezko” Cádizko Dama aurkitzeko. 1887an, Punta de la Vaca izeneko inguruan basogabetze lanetan ari zirela, ezustean sarkofago antropoide bat topatu zuten. Gizonezko irudia zeukan sarkofago feniziarrak, eta Pelayo Quinterok pentsatu zuen kutxa hura ez zela bakarra izango Cádizen, bikotekidea behar zuela, eta Cádizko Damarekin obsesionatuta, haren bila hasi zen.

Nekropoli punikoak eta erromatarrak induskatu zituen, hipogeoetako ehorzte-ostilamenduetatik urrezko bitxiak, kutxak, anforak, ukendu ontziak eta argi-armiarmak berreskuratu zituen eta Cádizko ehorzketen lehen tipologia zehatza ere ezarri zuen. Baina damaren arrastorik ez zuen atzeman.

1939an Pelayo Quintero Tetuanera (Espainiar Maroko) joan zen bizitzera. Baina erbestaldiak ez zion obsesioa arindu. Arkeologoak berak esaten zuen Cádizko Damarekin amets egiten zuela ia gauero. Marokon lanean jarraitu zuen: Afrika iparraldeko arkeologiaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen eta 1940an Espainiar Museoa sortu zuen Tetuanen. Hiri horretan hil zen 1946an, 79 urte zituela.

Ezusteko aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko irailaren 26an, Ruiz de Alda kaleko orube batean, hondeamakina baten hortzek marmolezko plaka handi bat jo zuten. Langileak eskua marmolezko kutxan sartu zuenean, hezur zatiak topatu zituen. Obrak geldiarazi zituzten eta Ramon Corzo arkeologoa hurrengo astelehenean joan zen orubera. Aurkitutako pieza eskerga ondo garbitu eta emakumezko aurpegi bat geratu zen agerian. Emakume itxurako sarkofago feniziarra zen, Pelayo Quinteroren ametsetako Cádizko Dama, alegia.

Pelayo Quinterok 35 urte eman zituen hirian, eta horietatik gehienak Ruiz de Alda kaleko etxe batean. Patioan itzala eskertuko zuelakoan palmondo batzuk landatuarazi zituen. Palmondo horien azpian aurkitu zuten mende erdi geroago Cádizko Dama.

Pasadizoak ipuina dirudi eta ipuin horri Felipe Benítez Reyes (Cádiz, 1960) idazleak erantsi zion irakaspena Mercado de Espejismos (Liluren merkatua) lanean:

« Quintero Ataurik, finean, amets bat izan zuen, baina sekula ez zuen jakin amets horren gainean lo egiten zuela. Sekula ez zaigu bururatzen zapaltzen dugun lurrari begiratzea, nahiz eta, gehienetan, zanpatutako lur hori eskura dugun altxor bakarra den: toki ezdeusa unibertsoan. »

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Irazustabarrena, Nagore. (2015-02-08). Cadizko Dama: hain urrun eta hain gertu. Argia.eus., CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]