Callista Roy

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Callista Roy
Bizitza
Jaiotza Los Angeles1939ko urriaren  14a (79 urte)
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Hezkuntza
Heziketa Kaliforniako Unibertsitatea Los Angelesen
Jarduerak
Jarduerak erizaina, unibertsitateko irakaslea eta zientzialaria
Enplegatzailea(k) Lundeko Unibertsitatea

Callista Lorraine Roy (Los Angeles, Kalifornia, 1939ko urriaren 14a - ) estatubatuar erizaina da, ospetsua da erizaintzaren teorian egindako ekarpenengatik, bereziki erizaintzan egokitzapen-ereduari buruz. San Joseren Ahizpak kongregazio katolikoko lekaimea da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963.urtean erizaintzan diplomatu zen Mount Saint Mary`s College izeneko ikastegian, Los Angeleseko Unibertsitatean. Hiru urte beranduago hiri berdinean M.S.N lortu zuen Kaliforniako Unibertsitatean. Soziologia ikasketak egin zituen ondorena, masterra eta 1977an doktoregoa lortuz, Kaliforniako Unibertsitatean.

Honetaz gain, ikasten zebilen bitartean, Dorothy E. Johnsonekin batera, erizaintzaren eredu kontzeptual bat garatzea eskatu zioten mintegi batean. Horrela, pediatria atalean erizain gisa lanean zebilela, haurrek errekuperatzeko eta aldaketa fisiko eta psikologikoetara egokitzeko zuten gaitasunaz jabetu zen. Bere ereduko marko kontzeptual gisa hartu zuen ezaugarri hori. Gerora, 1968an Mount Saint Mary`s College zentroak erizain heziketarako oinarri filosofiko moduan aukeratuko zuen.

Royk bere egokitzapen ereduari buruzko artikulu, liburu eta kapitulu ugari idatzi ditu bere bizitzan zehar, mintzaldi eta tailer ugari egiteaz gain. Bestetik, 1999an “The Roy Adaptation Model” liburuan bere ereduaren hobekuntzak eta birformulazioak argitaratu zituen. Royk hainbat sari irabazi ditu bere lana eskertzeko.

Royren egokitzapen eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Royren egokitzapenaren eredua integrazioko paradigma eta transformazioko paradigmen artean kokatzen da, bigarrenean batez ere. Honek dioen moduan, pertsona osotasunean hartzen da, zatiezina da eta inguruarekin harreman zuzena du.

Roy Helsonen psikofisikari buruzko lanean oinarritu zen bere eredua osatzeko, honek ere egokitzapenaren gaia jorratu baitzuen.

Royren iritziz erizaintzaren bost fenomeno nuklearrak honetan datzate:

  • pertsona, izaki bio-psiko-soziala da, hau da, zatiezina. Inguruarekin etengabeko hartu-emanean dabil. Jaiotzetiko gaitasunez nahiz bereganatutakoez balia daiteke aldaketen aurrean erantzun edo aldaketetara egokitzeko. Pertsonak pentsatzeko eta sentitzeko gaitasuna du, eta kontzientzian, esperientzian oinarritzen da. Lau egokitzapen mota daude estimuluei erantzuteko:
    • fisiologikoa, organismoaren oinarrizko beharrak (oxigenazioa, nutrizioa, elikadura, atsedena…);
    • autokritikoa, norberak bere buruari buruz dituen sentipen eta iritziak, bai fisiko bai psikologikoki eta bai moralki (autoebaluazioa);
    • rolaren erabilera, gizartean pertsonak duen kokapena (adina, sexua, maila soziala…);
    • interdependentzia, pertsona baten besteekiko harremana (arreta, afektua…) eta harreman independentea (iniziatiba, autosatisfakzioa). Pertsona erizain zainketen hartzailea da eta bere eginkizuna aktiboa da zainketa horietan.
  • ingurua, pertsonaren garapenean eta harreran eragina duten baldintza eta egoerak dira, bai gizarte harremanak bai ingurunearenak. Baldintza eta egoera horiek sistema bat osatzen dute:
    • sarrera, pertsonagandik edo kanpo ingurunetik datozen estimuluak. Estimulu horiek fokalak (berehalako eragina dutenak), Kontestualak (parte hartzen duten beste estimulu guztiak) eta residualak (zientzi-kulturalak, soziologikoak);
    • prozesamendua, estimulu horiek antzeman eta prozesatzea;
    • irteera, egoeraren aurrean eman beharreko erantzuna.
  • osasuna, pertsona integratu eta oso bat izatea eta izatera iristeko prozesutzat hartuz. Osasuna ez da gaixotasun eza soilik, pertsonaren bizi kalitateaz gain, pertsonaren beraren eboluzioan datza, eta pertsonek beren inguruarekin duten erlazio zuzena da. Bestalde, osasuna ez da heriotzatik edo gaixotasunetatik ihes egitea, baizik eta hauekin ahal den hobekien lehiatzea. Ez dago osasunik gaixotasunik gabe, eta era berean, ez dago gaixotasunik osasunik gabe.
  • rola, erizaintzaren erabilpen beharra dago pertsona batek energia gehiegi gastatzen duenean edozein egoerari aurre egiteko, eta indar gutxiago daukanean biziraupenerako, hazkuntzarako eta ugalketarako. Erizaintzaren helburua pertsona egokitzen laguntzea da bai osasuntsu dagoenean, bai gaixorik dagoenean. Erizaintzaren eginkizunak honela laburtzen dira:
    • jarrera edo egoera desberdin edo ez ohikoak aztertuko ditu;
    • hartutako jarreren zergatia bilatuko du;
    • pertsonaren egokitzapen prozesuaren azterketa egingo du;
    • egokitzapena erraztuko duten bideak ezarriko ditu;
    • estimuluen kontrolean esku hartuko du egokitzapena erraztuz;
    • amaieran, ondorioak aterako ditu.