Delituak Erromatar Inperioan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erromako kaleetako segurtasuna gero eta arazo larriagoa bihurtu zen Errepublikaren amaieran. Hori immigrazio etengabeak eragiten zuen, zeinak, aldi berean, etxebizitzarik eza, higiezinen espekulazioa eta iritsi berrien pilaketa sortarazten baitzituen Subura bezalako auzo marjinaletan, eta han delinkuentzia ez zen falta.

Erromako pobrezia, landa-pobrezia baino latzagoa zen, behartsu haiek ez zutelako beste bizibiderik lan txarrak, karitatea edo lapurreta baino. Zama bereziki astuna zen etorri berrientzat, migratzeko erabakiak laguntza-egituretatik (ahaidetasuna eta babesletza) bereizi zituztelako, eta denbora luzeko egoiliarrek bakarrik lortu zuten sare sozialaren batean sartzea[1].

Bestalde, istiluak arruntak ziren jendez jositako kaleetan, agintariek, nolabait, onartzen zituztenak, hala ere, ez ziren hain permisiboak izaten zenbait deliturekin, lapurretarekin, esaterako.

Deliturik ohikoenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako kaleen izaera bihurriagatik, estutasunagatik eta gauez argiztaturik ez egoteagatik, oso zaila zen edozein delitu mota saihestea, gaizkileak iluntasunean errefuxiatzen baitziren. Latinez gaizkile izendatzeko hainbat hitz zeuden, hala nola sicarius (hiltzailea), raptor (lapurra) eta effractarius (etxeetan sartzen ziren lapurrak), nahiz eta orokorrean latrones hitza erabiltzen zuten lapurrak izendatzeko.

Lapurretak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legea zurruna bazen ere[2], lapurretak ohikoak ziren intsuletan eta landetxeetan. Azken leku horiek sarritan hobesten zituzten lapurrek, bazekitelako han errazagoa zela harrapakin bat lortzea hiriko domusetan baino.

Landa eremuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa-eremuan ere, lapurrak ez ziren falta. Varronek zioenez, ondasunak babesteko, hobe zela hondamendi naturaletatik urrunago zeuden toki bat bilatzea, baita lapurrek iristeko zailtasun handiagoak izango zituzten tokiak[3].

Etxebizitzetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domus-en segurtasun maila ikusita, lapurren ahaleginak intsuletara eta horien horreum-etara bideratu ziren[4]. Egoera horietan, erromatar zuzenbideak ulertu zuen inoren jabetzetan sartuz delitua egiten zutenak ez ezik, haien konplizeak ere zigortu behar zirela, harrapakina Subura bezalako herri merkatuetan saltzeaz arduratzen baitziren[5].

Partikularren etxeetan lapurtzea komunetan egitea baino errentagarriagoa zen, baina aberatsen etxeetan ez zen erraza, oso ondo babestuta baitzeuden: leihoak, txikiak eta lurretik urrun, burdinazko hesiz estalita zeuden (fenestrae clatrastae); sarreran atezain bat egoten zen (ostiarius), batzuetan kate bati lotuta[6], eta txakurrak ere erabiltzen ziren etxeak gordetzeko[7]. Hala ere, esklaboak ez ziren beti beren ugazaben ondarea zaintzeko bermea; familia handien etxeetan esklaboak jabearen aberastasunaz baino gehiago arduratzen baitziren beren segurtasunaz.

Cave canem (kontuz txakurrarekin). Ponpeiako mosaikoa

Alabaina jabe txikiek, ondasun apur bat zutenek biziki defendatzen zuten, behar izanez gero, beren odolarekin[8]. Horretarako, impluvia burdin hesiez ixten zituzten lapurrak teilatutik atarira sar ez zitezen, eta handik gela indartsura (horreum); jabearen ondasun baliotsuenak gordetzen ziren tokia[9]. Bestalde, domus-en jabeek, errekurtso ekonomikorik izanez gero, saltarii izeneko segurtasun pribatua kontratatzen zuten[10].

Bainuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senekak uste zuen lapurrak bainuetan ugaritzen zirela[11], enperadoretik eskaleraino maila sozioekonomiko guztietako kideak biltzen zirelako, eta horren ondorioz, pribatutasuna eskasa zelako. Alabaina, Apuleiok uste zuen bainuetan edo adineko emakumeei lapurtzea desohoragarria zela.

Ustekabe desatsegin bat saihestekotan, dirudunenak beren esklaboekin joaten ziren leku horietara, edo gaizkileak (capsarii)[12] kontratatzen zituzten diru kopuru jakin baten truke beren ondasunak zain zitzaten[13]. Jende arrunta, berriz, fidatu behar zuen bainu bat hartzen zuen bitartean ez ziotela arroparik lapurtuko[14]. Harrapatzekotan, lapurrak, oro har, eta bainuetakoak, bereziki, meategietan edo herri-lanetan lan egitera kondenatzen zituzten; batzuetan, epailearen zigorra arinagoa izaten zen, gaizkile asko zeudelako[15].

Erroma hiriari zegokionez, zaindarien ardura gorabehera, lapurretak ere ohikoak zirela. Digesta Iustiniani-k kasu bat azaltzen zaigu, non lapur batek saltzaile bati gauean bere dendaren aurrean utzitako lanpara bat lapurtu baitzion. Dendaria lapurraren atzetik joan zen zartailu batekin, eta behin ebaslea harrapaturik, lanpara itzularazi zion. Horren ondoren, lapurrak epailearengana jo zuen jazarpenean dendariak begi bat zartailuarekin atera ziola salatzeko, baina epaiketan demandatzaileak ezin zuen frogatu begi hori zuela ebasketaren unean[16].

Arropa lapurtzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman arropa lapurtzea ohikoa zen, hura merkea ez zelako, eta familia pobreenek, ehungailurik ezean, ezin zuten beren arropa egin. Hori dela eta, eskaleei zarpailez jantzitako pertsonak gisa deskribatzen zitzaien. Erromatar gehienek oso arropa gutxi zeukatenez, konponketa jarduera arrunta zen, eta arropa jantziezina zenean, zatiak trapuetarako edo adabakietarako erabiltzen ziren. Bigarren eskuko arropa-merkatu bat zegoen, bahitura-etxeek bultzatua, non lapurtutako arropa saltzen baitzen[17].

Gaua, delituen eskutatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaua heltzean, dendak eta etxeak sarrailaz ixten ziren. Aberatsek, irten behar bazuten, zuziak zeramatzaten esklaboekin joaten ziren, beren burua babesteko eta bidea argitzeko. Eskoltarik gabe zihoazenek askoz gehiago arriskatzen zuten, ezin baitziren fidatu gaueko gauzainen patruiletan (sebaciaria); izan ere, horiek zuziak zeramatzaten arren, zaindu behar zuten sektorea zabalegia zen[18].

Beraz, Juvenalek uste zuen ez zela zuhurra gauean oturuntza batera joatea testamentua egin gabe. Bestalde, arrisku handia zen leihoetatik botatzen zena, edozer izan zitekeena, baina poetak gogo biziz espero zuen pixa edo gorotzak besterik ez izatea. Juvenalek aipatutako beste benetako arrisku batzuk kaleetako indarkeria, suteak edo eraikinen erorketak ziren[19].

Beste delitu mota batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legeak pertsonak mutilatzea eta desitxuratzea ekintza kaltegarritzat jotzen zituen estatuarentzat. Krudelkeria horien sustatzaileek beren biktimak eskean ibiltzera behartu nahi zituzten, deformazio horiek jendeari pena eragiten ziotelako. Lanaldi bakoitzaren amaieran, elbarri horien tutorea zen haien diru-bilketaren onuradun bakarra. Biktima horiei, ia beti gurasoek abandonatutako haurrei, oinak edo sorbaldak deformatzen zizkieten, nahiz eta ez zen ezohikoa besoak moztea edo gorputza desitxuratzea[20].

Aurigei zegokienez, jendearen begikotasunaz gozatzen bazuten ere, herritar askok onartzen ez zuten bizimodua eramaten zuten. Haien lasaikeriak halako puntura iritsi ziren, non Neronek berak gurdi-lasterketak Erromako kaleetan debekatu zituen, haietako batzuei gidabaimena kentzea ez baitzen nahikoa. Egia esan, ordura arte gurdiak kaleetan barrena ibiltzen ziren. Modu berean, beste delitu batzuk egin ohi zituzten, hala nola iruzurretan edo lapurretan. Aktoreei ere hedatu zitzaizkien kontrol neurriak, erbesteko zigorra jarri baitzieten[21].

Erroman jazartzen zen beste delitu bat difamazioa zen. Horretarako aurreikusitako zigorrak legean, ohituran edo bietan oinarritzen ziren. Honela, Hamabi Taulen legeak difamazio-poemetarako ezarritako zigorra gorputz-adarrak eta hezurrak haustea zen[22].

Legeak zioena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kornelia legeak asmo txarrez egindako delituak zigortzen zituen, baina bere burua edo ohorea defendatzeko egin zutenen errua arintzen zuen. Edonola ere, zigorra aldatzen zen erasotzailearen eta eraso jasan zutenen maila sozialaren arabera[23].

Delitu tipifikatuenak honako hauek ziren: gizon bat hiltzea edo hiltzeko asmoz arma bat eramatea; magistratuak erostea prebarikazio egin zezaten pertsona errugabe bat kondenatzeko helburuarekin; eta lekukoen testigantza faltsuak, errugabe bat kondenatzeko.

Hala ere, pertsona bat intentziorik gabe hil zuenari legeak absolbitu ziezaiokeen edo bere zigorra murriztu ahal zuen. Era berean, erasotzaileari bere burua defendatzeko pertsona bat hiltzea leporatutakoa, aske gera zitekeen. Adulterioan harrapatu ondoren emaztea hiltzen zuenarentzat, deportazio-zigorrik arinena jasoko zen[24].

Delitu gehienak gauez gertatzen zirenez, egoera hori salbuespen moduan hartzen zuen zuzenbide erromatarrak, eta ez zuen akusatu bat zigortzen erasotzaile bat hiltzeagatik, bere burua defendatzeko beharra ikusi bazuen edo bere bizitza arriskuan zegoelako[25].

Erromatar legeak ez zituen delituarekin zuzenean zerikusia zutenak bakarrik zigortzen, gaizkilei babesa ematen zietenei ere zigor bera ezartzen zien, jakin bazekielako laguntzarik gabe, gaizkileek arrakasta gutxiago izango zutela. Lapurtutako diruaren edo ondasunen truke lapurrei ihes egiten utzi dietenek, harrapatu beharrean, gaizkileen zigor bera jasaten zuten[26].

Alabaina, lapur bati aterpea ematen zion senidea ez zen oso gogor zigortzen, haren delitua ez baitzen lapurrekin ahaidetasunik ez zutenena bezalakoa[27].

Segurtasun taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikaren garaian, ez zegoen udaletxeko gauzainen gorputzarik. Hori dela eta, etxetik irtetzea beharrezkoa zenean, aberatsek esklaboen segizio bat izaten zuten zuziekin bidea argitzeko eta haien segurtasuna bermatzeko. Gainontzekoak, berriz, askoz gehiago arriskatzen ziren eskoltarik gabe joatean, ezin baitzuten beti kontratatu gauzainen patruila bat (sebaciaria)[28].

Erromatar Errepublikan, goi funtzionario politikoen (senatariak eta prokuradoreak) eta erromatar legioetako goi mailako ofizialen segurtasuna bermatzen zuen gorputz bat zegoen, Pretoriar Guardia. K.a. 27. urtean, Augustok bizkartzain pretoriarrak izan zituen bere segurtasuna bermatzeko.

Errepublika garaian arerio politikoek erabili zituzten Tito Anio Milo, Publio Klodio eta beste batzuen bandak, batez ere, Ponpeio Handiak ezabatu zituen. Nahiz eta fakzio politikoak iraganeko gauza izan, botere eragilea Erromako Senatuak ezta hautetsiek ere ez zuten kontrolatzen, baaina polizia-indarren bat beharrezkoa izan zen ordena publikoa mantentzeko eta iskanbila zibilak saihesteko.

Hori betetzeko, Augustok hiriko hiru kohorte (cohortes urbanae) ezarri zituen, hiri-prefektu izendatu berri baten pean. Hiriko kohorteek, beraz, polizia-talde bat osatzen zuten, matxinadak kontrolatzeko. Trebatutako erakunde paramilitarra izatean, hiriko kohorteak borrokara joan zitezkeen, behar izanez gero, baina eginkizun hori egoera larrietan baino ez zen gertatzen.

Enperadorearen segurtasunaz gain, biztanleriarena indartu beharra zegoen, batez ere gauez, segurtasun pribatuak ez baitzuen behar adinako bermerik ematen. Agintariek, bere aldetik, Inperioaren hasieran ere gauez kaleak kontrolatu nahi izan zituzten, eta horretarako zaintza-talde bat (vigiles) osatu zuten[29]. Hasieran, talde horrek suteak itzaltzeko ardurak baino ez zituen arren, laster ordena publikoa zaintzearen ardura ere eman zioten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Morley, N. (2006). The poor in the city of Rome, 38. orr.
  2. Cartwright, Mark, 2016
  3. Varron. Res rusticae. 1.12.4
  4. Paulus, Digesta Iustiniani. 1.15.3.2
  5. Ulpianus, Digesta Iustiniani. 47.11.7
  6. Ovidio, Amores 1.6.1; C. Suetonius Tranquillus, De Rethoribus, 3
  7. M. Terrentius Varro, Menippearum. 143.1; Petronius Arbiter, Satyricon. 29.1.5
  8. Apuleius, Metamorhoses, 4.8-9.
  9. Apuleius, Metamorhoses,, 3.28; 4.18; 5.2
  10. Scobie, A., 1986, Slums, Sanitation, and Mortality in the Roman World, Klio, 432. or.
  11. L. Annaeus Seneca (Minor), Epistulae morales ad Lucilium. 56. 2
  12. Corpus inscriptionum Latinarum, 6. 3952
  13. Paulus. Digesta Iustiniani, 1.15.3.5
  14. C. Plinius Caecilius Secundus (Minor), Epistulae, 3.14.6.4
  15. Paul., 5.3.5
  16. Alfenus, Digesta Iustiniani. 9.2.52.1
  17. Liu, Jinyu , 2017, Urban Poverty in the Roman Empire: Material Conditions, 27 orr.
  18. Carcopino, J. 1986, La vida cotidiana en Roma, Ed. Hachette. 83. orr.
  19. Juvenal, 3. 268-273
  20. L.(M.) Annaeus Seneca (Maior), Controversiae 10.4. pr.1
  21. Suetonius. Neron 16
  22. Paulus, Law, 5.4.6.
  23. Saturninus. Digesta Iustiniani. 48.19.16.3
  24. Marcianus. Digesta Iustiniani. Lex Cornelia 48.8.1, pr.-5
  25. Ulpianus. Digesta Iustiniani. 48.8.9
  26. Marcianus, Digesta Iustiniani. 47.16.1;
  27. Paulus, Digesta Iustiniani. 47.16.2
  28. Carcopino, Jerôme, 1983, La vida cotidiana en Roma en el apogeo del Imperio, librería Hachette, Buenos Aires,
  29. Walsh, Joseph J., 2019, The Great Fire of Rome: Life and Death in the Ancient City, JHU Press, Baltimore, 33 orr.