Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eraikina
Sarrera nagusia Oñati plazatik

Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (DAGET) Gipuzkoako Kanpusean dagoen Euskal Herriko Unibertsitateko arkitektura-ikastegia da. 1977an sortu zen, lehenengo urteetan Bartzelonako Arkitektura Eskolaren menpe egon zelarik. 1982az geroztik EHUren egituran barne dihardu.

Egoitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, arkitekturako eskolak jada existitzen ziren Ategorrietako bi eraikinetan aldi berean eman ziren, hau da, "Villa Asunción" eta "Villa Yeyette" —1977ko azaroaren 15ean irekia— izeneko egoitzetan ("Villa Yeyette"n idazkaritza eta azken ikasturteetarako gelak zeuden). Ondoren, Ibaetako campusean eraiki zen egoitza berria.

Mikel Garai arkitektoak 1992an proiektatu zuen eskolaren gaur egungo eraikin-egoitza, arkitektura postmoderno garaiko Tendenza mugimenduaren barnean sailka daitekeena. Ikastegiak bost solairu ditu, sotoa barne. Bertan, ikasgelez gain, ospakizun-aretoa (Luis Peña Gantxegi Aretoa deitua), kalkulu-zentroa, maketak egiteko aretoak eta bestelako aretoak daude. Liburutegia laugarren solairuan kokatuta dago.

2013ko udan sarrera aldatu zioten, enpresa-eskolaren albora lekualdatuz.

Titulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Eraikuntzako espezialitatea lortzen da Donostiako eskolan, besteak beste honako irakasgaiak jorratzen direlarik: Proiektu arkitektonikoak, Hirigintza, Eraikuntza, Egiturak, Egokitzapen eta zerbitzuak, Artea, Irudigintza, Geometria deskribatzailea, Matematika aplikatua eta Fisika aplikatua.

1995-1996 ikasturtean euskarazko adarra lehen mailan ezartzen hasi zen.

Ikasketa Planak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean ikasketek —Plan Zaharra— 6 urteko iraupena zuten, gehi Karrera Amaierako Proiektua (KAP).

2003az geroztik Plan Berria ezarri zen eta, hortaz, ikasketek bost ikasturte zituzten, gehi KAP. Karrera Amaierako Proiektuaz gain, hiru irakasgai mota zeuden: enborrekoak (Espainiako eskola guztietan ematen zirenak), nahitaezkoak eta aukera askekoak (aukera askeko kredituak lortzeko bide gehiago zeuden, besteak beste, kurtso bereziak egitea, hizkuntza-tituluak izatea edo kirola-jarduera jakin batzuk garatzea).

2010-2011 ikasturtean Boloniako plana hasi zen indarrean jartzen lehen mailan. Boloniako prozesura egokitutako Arkitektura Gradua lortzeko 330 ECTS kreditu eskuratu behar ziren (5 ikasturte x 60 kreditu + Karrera Amaierako Proiektuko 30 kreditu). 330 kreditu horiek maila profesionalean aritzeko gaikuntza eskainiko zioten graduatuari.

2011-2012 ikasturtean ikasketa-plana berriz aldatu da, 2010eko uztaileko EDU/2075/2010 Agindura[1] egokitzeko. Ikasketaren izen berria Arkitekturaren Oinarrietako Gradua da. Bi zati ditu: gradua eta masterra. Graduak 300 kreditu ditu, eta masterrak 60 kreditu. Masterra da lanbidean jarduteko gaitasuna ematen duena (obrak sinatzeko masterra egin beharra dago).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) EDU/2075/2010 Agindua

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 43° 18′ 43.21″ N, 2° 00′ 37.41″ W / 43.3120028°N,2.0103917°W / 43.3120028; -2.0103917