Edinburgoko zazpiak
Edinburgoko zazpiak izan ziren unibertsitate britainiar batean matrikulatutako lehen emakume unibertsitarioak. 1869an hasi ziren medikuntza ikasten Edinburgoko Unibertsitatean, eta, nahiz eta azken finean graduatzea zein mediku bihurtzea eragotzi zitzaien, aurrera eraman zuten kausak arreta nazionala bereganatu zuen eta laguntza ugari lortu zituen, horien artean Charles Darwinena. Emakumeek unibertsitate-hezkuntzarako zuten eskubidea herrialdeko agenda politikoaren parte izatera pasatu zen, eta 1876an emakumeek unibertsitatean medikuntza ikasteko zuten eskubidea babesten eta ziurtatzen zuen lege bat onartu zen (UK Medical Act 1876).
Taldeak Septem contra Edinam izena ere jasotzen du ("Zazpiak Edinburgoren aurka", "Zazpiak Tebasen aurka" greziar mitoan inspiratutako terminoa). Kanpainako lau urteetan jatorrizko zazpi kideetako batzuek alde egin eta beste berri batzuk sartu baziren ere, Edinburgoko Zazpiak dira: Sophia Jex-Blake, Isabel Thorne, Edith Pechey, Matilda Chaplin, Helen Evans, Mary Anderson eta Emily Bovell. Izen horiek 1869ko azaroaren 15ean Royal Infirmaryri egindako eskarian agertzen ziren, Medikuntzan onartua izan zedin eskatuz. Guztiak CMGko (Medikuen Elkargo Orokorra) Medikuntzako Ikasleen Erregistroan agertzen ziren 1869 eta 1870 artean, bona fide ikasle gisa (eskubide osoz), eta Infirmaryn instrukzio klinikoa jasotzea eskatu zitzaien, beharrezko baldintzak betetzeko eta titulua lortzeko.
Edinburgoko kanpainaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sophia Jex-Blakek Medikuntza ikasteko plaza eskatu zuen 1869ko martxoan eta, Fakultateak eta Senatus Academusek aldeko botoa eman bazuten ere, Unibertsitate Auzitegiak atzera bota zuen eskaera, Unibertsitateak "dama bakar baten alde" beharrezko aldaketak ezin zituela egin argudiatuz
Jex-Blakek albiste bat argitaratu zuen The Scotsman eta beste egunkari nazionaletan, emakume gehiagok bat egin zezaten haren kausarekin. Isabel Thorne eta Edith Pechey izan ziren idazten lehenak. Edith Pecheyren gutunak honela zioen:
«Uste duzu gaitasun jakin bat eta iraunkortasun dosi on bat baino zerbait gehiago behar dela arrakasta izateko? Biak dauzkadala uste dut, baita ikasteko grina ere, baina, gaur egun gai horietaz dudan ezagutzari dagokionez, beldur naiz ez ote nagoen egoerak eskatzen duen mailan. Kezkatzen nau aurrez azterketa handirik egin gabe sarrerako azterketa gainditzeko gai ez izateak».
Nolanahi ere, gutun apal horrek ez zion justizia egiten bere gaitasun intelektualari.
1869ko udan bigarren eskaera bat bidali zen bost emakumek osatutako talde baten izenean, talde horri urte horretan bertan beste bi emakume gehitu zitzaizkion, "Edinburgoko Zazpiak" osatuz. Bertan matrikulatzeko eskubidea eta horrek zekarren guztia eskatzen zuten, hala nola, graduatzeko behar ziren klase eta azterketa guztietara joan ahal izatea.
Unibertsitateko epaimahaiak onartu egin zuen eskaera, eta Bukleuch Placeko 15. zenbakian jarri ziren, Edinburgoko Unibertsitateko "Student Experience Office" ren egungo egoitzan. Laster hasi ziren sarrera probarako prestatzen. 1869ko urriaren 19an azterketara aurkeztu ziren 152 hautagaietatik bost emakumeak ziren, eta horietako lau lehen zazpi postuen artean egon ziren.
Lehen emakume unibertsitarioak Britainia Handian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1869ko azaroaren 2an emakumeak Edinburgoko Unibertsitatean matrikulatu ziren. Hori egin zuenean, hura izan zen ateak ireki zituen lehen Unibertsitatea. Kanpainako dokumentu garrantzitsuenetako bat 1870eko Unibertsitateko Programa Akademikoa da. Programa horrek atal berri bat zuen, “Medikuntzako emakume ikasleen hezkuntzarako araudia” izenekoa. Bertan adierazten zenez, emakumeek gizonengandik bereizitako geletan jaso beharko zituzten eskolak, eta matrikula-tasa handiagoa ordaindu beharko zuten, ikasgelak txikiagoak zirelako. Gainerako alderdi guztietan, gizonei ematen zitzaien tratu bera jasoko zuten : “ikasleen matrikulazioari, eskoletara joateari, azterketei eta abarri zegokienez, Unibertsitateak une hartan edo etorkizunean indarrean zituen arau guztiak bete beharko zituzten”.
Emakumeenganako etsaitasunak gora egin du
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Robert Christison irakaslea emakumeen eskubideen aurkari handienetakoa izan zen. 1870eko apirilean, Unibertsitate Auzitegiak eztabaida bat egin zuen, ikasleei eskola mistoetara joaten utzi behar ote zitzaien erabakitzeko, eta, beraz, ikaskide gizonekin berdintasunezko tratua jaso behar ote zuten, ordaindu behar zituzten matrikula nabarmen handiagoak murriztuz eta bekak jasotzeko eskubidea emanez. Eztabaida horretan, Robert Christison eta Laycock irakasleek beren ikuspuntuak eman zituzten, eta prentsa nazionalaren arreta bereganatu zuten, eta azken hau emakumeen alde agertu zen.
Christisonen eragina izan zen hasieran laguntzen zituzten irakasle askok ikasturtearen gainerako egunetan eskolak emateari bertan behera uztea eragin zuena. Gero eta gizonezko ikasle gehiago erasokor eta lotsagabeki jokatzen hasi ziren, emakume ikaskideei atea muturretan itxiz eta ohiko eserlekuak hartuz, gerturatzen ziren bakoitzean "barreak eta isekak eginez".
Geroago, Sophiak idatzi zuen “gure egonaldia ahalik eta deserosoena izan zedin konspirazio bat eratu izan balitz bezala” zela. Eta jasotako jazarpena deskribatzea erabaki zuen:ateko txirrina kendu eta identifikazio-plaka bost aldiz hondatu zuten, ateetan birandulak jarri zituzten, tabako-kea aurpegira botatzen zieten, gutun lotsagabeak bidaltzen zizkieten, kalezulo bakartietan hurbiltzen zitzaizkien eta jendaurrean lizunkeriak oihukatzen zizkieten.
Edith Pecheyk, The Scotsman egunkari eskoziarrari bidalitako gutun batean, kalean zehar nola jazarri zuten kontatu zuen, eta nola hitz iraingarrienekin tratatu zuten, “urdanga” eta antzeko berbak erabiliz.
Bai lagunek eta bai jarraitzaileek uste zuten irakasleetako batzuek nahita bultzatzen zituztela ikasle gizonak horrela jokatzera. Emakumeak neurriak hartzen hasi ziren, taldean baino ez ziren ibiltzen ziren campusean, baina bakar bat ere ez zegoen prestatua 1870eko azaroaren 18an (ostirala) izango ziren gertakizunetarako.
Liskarrak Surgeon’s Hallen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1870eko azaroaren 18an, ostirala, arratsaldeko lauretan, emakumeek anatomia-azterketa bat egin behar zuten Surgeon's Hall-en. Hurbildu ahala, Nicholson kalea ehunka lagunek blokeatzen zutela konturatu ziren. Emakumeak hurbiltzen ari zirela ikusi zutenean, han bildutako asko zaborra eta lokatza botatzen hasi zitzaizkien, oihuka eta irainka ari zitzaizkien bitartean.
Unibertsitateko sarrera nagusira iritsi arte bidea egin zuten, eta iritsi zirenean ateak itxi zizkieten bat-batean. Alboko edozein atetik sartzeari uko eginez, jendetzaren etsaitasunari aurre egin zioten, harik eta ikasle errukior bat laguntzera joan eta ate nagusia ireki zien arte. Surgeon's Halleko istiluak, gaur egun ezagutzen diren bezala, mugarri izan ziren medikuen kanpainaren historian; horrela, publizitate zabala erakarri zuten, eta jende askok bat egin zuen haien kausarekin.
Gertaera honek ere hainbat ikasle gizonen babesa piztu zuen, egun hartan tratatuak izan ziren moduagatik hunkituta, Buccleuch Placeko 15. zenbakira itzultzeko eskoltatzea erabaki zuten azterketa bukatzean.
Kanpaina nazionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakume gehiago hasi ziren klaseetara joaten. Doktore batzuek oso gustura irakatsi zieten, eta haien jarraitzaileek Batzorde Orokor bat sortu zuten emakumeentzako medikuntzako hezkuntzari laguntzeko, 300 afiliatu baino gehiagorekin, Charles Darwin barne. Hala ere, graduatu ahal izateko borroka galdu zuten. 1873an, Auzitegi Gorenak babestu egin zuen Unibertsitateak emakumezkoen titulazioak baztertzeko zuen eskubidea. Gehiengo osoz, emakumeak ez zirela onartuak izan behar ebatzi zuten. Porrot horrek eta beste arazo batzuek borrokan jarraitzera bultzatu zituzten gehienak, ez bakarrik arrazoi pertsonalengatik, baita guztion onerako ere.
1873tik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sophia Lex-Blake Londresera joan zen bizitzera borrokarekin jarraitzeko. London School of Medicine for Women (Londresko Emakumeentzako Medikuntza Eskola) sortzeko gogotsu lan egin zuen. 1874ko udazkenean ireki zituen ateak, eta aurretik Edinburgon ikasi zuten hamalau ikasleetatik hamabi bertaratu ziren. Zazpi “originaletatik” seik ere eskola horretan ikasi zuten.
Zazpi horietatik bostek - Bovel, Chaplin, Jex-Blake, Marshall eta Pechey - 70eko hamarkadaren amaieran medikuntzako doktoretza egiteko aukera izan zuten, bai Bernan, bai Parisen. 1876an, legeria berriak ezarri zuen (hori bete ez bazen ere) organo aztertzaileek sexu bietako ikasleak berdin tratatu behar zituztela. Irish College of Physicians (Irlandako Medikuen Elkargoa) (garai hartan Kings and Queens College of Physicians, "Erregeen eta Erreginen Medikuen Elkargoa" izenez ezagutzen zena) izan zen medikuntzan aritzeko lizentzia eman zien lehena, eta aukera bikaina izan zen graduatu berri ziren lau emakumerentzat.
1878an, Jex-Blake Edinburgora itzuli zen, New Towneko Manor Placeko lehen doktorea izateko. Brunstfield Ospitalearen aitzindaria izateaz gain, baliabiderik gabeko pazienteentzako klinika bat ireki zuen. Eskozia tituluak ematen hasi zenean, Jex-Blakek Edinburgh School of Medicine for Women (Edinburgheko Emakumeentzako Medikuntza Eskola) fundazioan lagundu zuen, Leith Ospitalean praktikak eginez. Edith Percheyk Leedsen lan egin zuen, Bombayko haur eta emakumeentzako ospitale batean mediku ikuskatzaile bihurtu aurretik. Bovell eta Marshall New Hospital for Women in London-en aritu ziren lanean Chaplinek emagin eskola bat sortu zuen Tokion, baina beranduago itzuli zen, Londresen praktika pribatuan aritzeko.
Azkenik, Edinburgoko Unibertsitateak eta Eskoziako beste unibertsitate batzuek emakumeak onartu zituzten 1892ko ikasturtean, 1889ko Legearen ondoren, zeinak horretarako lege-esparrua ezartzen baitzuen. Klase guztiak mistoak ziren, medikuntzakoak izan ezik.
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2015ean, Edinburgoko Zazpiek omenaldi bat jaso zuten plaka batekin Edinburgoko Unibertsitatean, Eskoziako Oroitzapenezko Plaka Historikoen Sistemaren zati gisa .[1]
- 2019an, Edinburgh Medical Schoolek hil osteko MBChB ohorezko titulua eman zien.[2] Zazpi ikaslek ziurtagiriak jaso zituzten Edinburgoko Zazpien izenean. Graduazio zeremonia bere lorpenak ohoratzeko ekitaldi batzuen parte izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Tribute paid to first UK women to go to university» www.edinburghnews.scotsman.com.
- ↑ «Honorary Graduates in 2019» The University of Edinburgh.