Eduegi baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eduegi
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Bergara
Eduegi baserria is located in Gipuzkoa
Eduegi baserria
Eduegi baserria
Eduegi baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2003ko urriaren 13a
Eduegi baserria, AHT trenbidearen ondoan.
Eduegi baserria, AHT trenbidearen ondoan.

Eduegi baserria Bergaran dagoen baserria da, Aldaiegia auzoan, San Kristobal auzoa ere deitua. Auzo horretako 11. zenbakian dago eta sarrera Angiozarrera iritsi baino lehen eta Amuskibar baserria igaro ondoren dagoen bide batetik dauka, Bergara-Angiozar errepidean ezkerrerantz igotzen dena. Baserria mendi-hegalaren erdialdean dago.

2003ko urriaren 13an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia bakarreko eraikin bakandua da, oinplano laukikoa eta bi isurialdeko teilatua daukana, fatxada nagusiarekiko gailur elkarzut batekin. Harlangaitzak, harlanduak (izkinetan) eta baoak ditu. Bi solairu eta eraikinaren eskuinaldean soto-upelategia dauzka, eraikina eraikita dagoen lurraren desoreka profitatuz.

Eduegi Deba Garaiko XVI. mendeko baserri-dolareen bilakaeraren eta egokitzapenaren adibide bikaina dugu. Gotiko-pizkunde garaiko baserri mota bat da, Gipuzkoako eremu geografiko honetara mugatua dagoena (Deba Goiena eta Urola Garaia). Baserria mendi-hegaleko erdialdean kokatzeak suposatzen duen desoreka soto eta biltegi modura erabiltzeko erdi-sotoa profitatzea du ezaugarri. Horren ondorioz, goialdean altxaturikoa asimetrikoa da eta aldeko paretak garaiera desberdinekoak. Su-hesiak eraikinaren oina bi hormatetan banatzen du eta behekoan ukuilua eta etxebizitza. Su-hesian pasabide batek bi aldeak komunikatzen ditu, kasu honetan XVI. mendeko forjazko atea mantentzen duena. Logeletako leihoak eskartzano moduan barnealdera irekitzen dira eta "eserlekuzko baoak" dira, zuloen aldeetan enpotratutako eserlekuak dituztenak.

Egitura-sistema inguruko zama-paretetan eta ukuilutik teilatuko armazoiraino doan zutoinen sisteman datza. Narriadura ekiditearren zutoinak obrako poialetan eusten dira eta jabaloien bitartez lehen solairuko habe maisu horizontalak eta teilatuko gapirioak eta tiranteak sostengatzen ditu. Baserri-dolare horietan egitura-sistema hori baserriak zituen funtzioetara egokitua zegoen, eta bere zutoin-eskeletoaren barne dolare-zutoinak zeuden, Eduegi baserriaren kasuan ikus daitekeen bezalaxe.

Barrokoaren garaian eraikina eraberritu egin zen eta baserri zaharrari arkupedun zatia atxiki zitzaion. Horrek, fatxadan dagoen armarriarekin batera prestutasun dotorea emateaz gain trantsiziozko esparru funtzional berri bat sortzen du kanpoaldearen eta baserriko barrundegiaren artean.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxada nagusia HEra norabideturik dago eta egitura asimetrikoko erdi puntuko bi arku ditu inposta baten gainean buelta eman eta baserriaren bebarru zabalera zuzentzen dutenak. Eskuinaldean, sukaldea dagoen lekuan, hirugarren arku bat ere badago, itsututa. Fatxada horretan hainbat tamainatako harlanduzko azpadura duten 6 leiho daude. Eskuinaldean, beheko solairuan, ardandegiko ateburudun sarrera dago, eta bigarren eta hirugarren arkuaren artean dagoen zutabeen arteko erdiko lerroaren gainean, Eduegiko armarria, eraikinaren ardatzarekiko deszentraturik.

Eskuinaldeko fatxadak, ardandegian, honako elementu hauek ditu: gezileiho formako aireztapeneko bi zulo, azpadura duen leiho laukidun txiki bat eta barlasai molduratutako eta banaketa simetrikoko 3 bao. Bao zentrala kareldun balkoia da. Atzealdeko paretan, behealdean, leiho txiki batzuk irekitzen dira, sotoa eta ukuiluan argia sar dadin. Fatxada horretan, goialdean, arku zorrotzeko leiho txikitxo bat dago, apareju gotikoko horma zati batean. Baserriaren ezkerraldeko fatxadan ganbararantz doan sarrera dago, desoreka profitatuz, bi isurialdeko teilatua daukan zeharkako eranskin modura.

Baserriko teilatua asimetrikoa da eta ezkerraldeko isurialdea eskuinaldekoa baino handiagoa, erreten-teilaz estalirik. Baserriak, fatxada nagusian zein ezkerraldeko paretetan, harrizko mentsulako hainbat hilera dauzka.

Arrisku larrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abiadura Handiko Trenaren bideak kinka larrian jarri du Eduegi baserria. Azken informazioen arabera, eta aldaketak egon ezean, AHTaren bideari lekua uzteko Eduegi eraitsi egin beharko da[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa