Eguzki-erupzio

Wikipedia, Entziklopedia askea
2011ko ekainaren 7an SDO espazio-behatokiak atzemandako eguzki-sugarra muturreko ultramorean.

Eguzki-erupzioa[1] edo eguzki-fulgurazioa[1] (batzuetan eguzki-sugarra edo eguzki-garra bezala izendatua) Eguzkiaren distiraren bat-bateko areagotze handia da, gehienetan haren gainazaletik hurbil ikusten dena eta eguzki-orbanen batetik gertu kokatuta. Terminoa zabaldu eta beste izarretako garrak izendatzeko ere erabiltzen da. Sugar indartsuak sarritan koroa-masaren eiekzioek lagunduta agertzen dira, baina ez beti. Eguzkiaren kasuan, sugarrik indartsuenak ere ozta-ozta bereiz daitezke Eguzkiaren irradiazio osoan, baina izar ñirñirkarien kasuan erraz bereiz daitezke euren garrak, normalean izar horiek distira ahula baitute eta haien sugarrak proportzionalki askoz sendoagoak izan ohi direlako.[2]

Eguzki-sugarrak lege potentzialeko magnitudeen espektro batean gertatzen dira; ohikoak diren 1020 jouleko energia askapena nahikoa da erraz ikusi daitekeen gertakari bat sortzeko, 1025 jouleko askapena edo handiagoa egiten bada, gertakaria aipagarria izango da.[3]

Sugarrak lotuta daude Eguzkiko korotik kanpo-espaziora askatzen diren plasma eta partikulekin. Sugarrek irrati-uhinak ere igortzen dituzte aberastasunez. Eguzki-sugarra Lurrera begira askatzen bada, askatzen diren partikulak goi atmosferan sar daitezke eta hala, aurora distiratsu eta ikusgarriak eragin, eta agian, urruneko irrati-komunikazioak eteteko ahalmena izango du.[4] Eguzki-sugarren partikulek egunak behar izan ohi dituzte Lurrera iristeko. Energia handiko partikulak, zeinak erlatibistak izan daitezkeen, erradiazio elektromagnetikoarekin batera hel daitezke ia.

Eguzki-sugar ugari edo oso handiak askatzen direnean eguzki-ekaitz izena jasotzen du fenomenoak. Eguzki-sugarren maiztasuna aldakorra den arren, badu zerikusirik izar bakoitzaren zikloarekin (eguzki-zikloarekin), zeinak gure izarraren kasuan hamaika urte irauten duen gutxi gorabehera. Ziklo horretan izarrak aldi gorena edo aktiboena izaten du eta orduan eguzki-orbanak ugariagoak dira, eguzki-sugarrak sortzeko aukerak areagotuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindiaren Astronomiaren Oinarrizko Lexikoak onetsitako izenak.
  2. (Ingelesez) Kopp, Greg; Lawrence, George; Rottman, Gary. (2005-08). «The Total Irradiance Monitor (TIM): Science Results» Solar Physics (1-2): 129–139 doi:10.1007/s11207-005-7433-9 ISSN 0038-0938 . Noiz kontsultatua: 2020-05-23.
  3. (Ingelesez) What is a Solar Flare?. NASA.
  4. Menzel, D. H.; Whipple, F. L.; de Vaucouleurs, G.; Chapman, Robert D.. (1972-02). «Survey of the Universe» Physics Today (2): 54–55 doi:10.1063/1.3070727 ISSN 0031-9228 . Noiz kontsultatua: 2020-05-23.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]