Eguzki Jaia etxea

Koordenatuak: 43°23′15″N 2°33′44″W / 43.38746°N 2.56222°W / 43.38746; -2.56222
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzki Jaia etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaEa
Koordenatuak43°23′15″N 2°33′44″W / 43.38746°N 2.56222°W / 43.38746; -2.56222
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Ondarea
EJren ondarea2

Eguzki Jaia etxea, edo Apikale etxea Eako Urtza auzoan dagoen eraikina da.

2007ko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Higiezina Ea udalerriaren muturrean dago, gune naturalak dituen landa-eremuan, Bizkaiko golkoaren ondoan. Etxea ia erabat laua den lursailaren erdi samarrean kokatuta dago, goragune batean eta lorategi batek inguratzen duela. Hegoaldera ematen duen fatxadan, magnolia bat, hagin bat, bi gereziondo eta limoiondoak daude. Lursailak behera egiten du ekialderantz, eta handik itsasoa ikusten da inolako trabarik gabe; eta iparralderantz eta mendebalderantz lurzorua ez da hain berdina. Lorategiaren iparraldeko aldean, fabrika-behatoki bat dago, erdi eliptiko formako jesarlekua. Etxerako sarbidean, hegoaldean, egurrezko itxitura bat dago, finkarako sarrera-atea dena, eta etxola bertikal berezi bat ere bai, triangelu formako apaingarriak dituena. Estiloari dagokionez, bai ate-hesia, bai etxola bat datoz eraikin nagusiaren diseinuarekin. Higiezin bat dago etxearen jatorrizko lursailaren hegoaldeko eremuan, baina lurzoruan ez dago zatiketa fisikorik adierazten duen markarik.

Eguzki Jaiak edo Apikalek erdisotoa, bi altuera eta azpiestalkia ditu. Oinplano irregularrekoa da, eta estalkiari dagokionez, oso inklinatuta dauden eta teila lauak dituzten faldoi ugariz estalita dago; forma bertikalak nagusitzen dira, gorputz askokoak eta gainaldean pinoiak dituztela. Eraikinaren bereizgarritzat hartzen da goiko zati guztiari eman dioten tratamendua, eta, batez ere, pinoiak.

Sarbideko hegoaldeko fatxada simetrikoki banatuta dago, eta hiru gorputzek osatzen dute. Alboetako gorputzek, goiko aldeetan, pinoi zabalak dituzte, leiho bertikal batek txapitulatuta; erdiko gorputzaren gainaldean, berriz, sarrera-arkupe txiki bat. Gorputzek bao-ardatz bertikal bana dute. Sarrerako arkupea fatxadaren erdian dago, eta horma lerromakur batek sarrerako atea zehazten du. Arkupeak azulejoak eta burdina-hesiak dituzten baoak ditu. Ekialdeko fatxada asimetrikoa da eta hiru gorputz desberdinek osatzen dute. Erdikoa, beste bien aldean, aurreratuago dago, eta goiko aldean aurreko pinoien antzeko bat du. Eskuin aldeko gorputzaren gainaldean, txapitula gisa jarritako beste pinoi bat dago. Fatxada horrek bao gehiago ditu, ordenan jarrita, eta solairu nagusiaren altueran terraza handi bat du, erdisotoaren estalkitzat egiten duena; arku beheratu baten bidez sartzen da bertara. Iparraldeko fatxadan, ipar-ekialdeko izkina nabarmendu egiten da; bi zati ditu eta hiru pinoi; horietatik erdikoa txapitula edo ganbara txiki bat da. Jatorrizko terraza luzatu egin dute, eranskin bat jarrita. Mendebaldeko fatxada da sinpleena; simetrikoa da eta hiru gorputz ditu; balkoirik ez duen fatxada bakarra da. Erdiko gorputza fatxada baino aurreratuago dago, eta goiko aldean leihorik gabeko pinoi bat du; komunak hor daudela nabarmen geratzen da eta leiho oso finak ditu alboetan. Fatxadetan bao bertikalak daude, kolore gorriko egurrezko kontraleiho veneziarrak dituztela, eta paramentu hondoratuak ere bai, bao itxura emateko. Hormigoizko balkoiak daude, jatorrizko diseinuak ez zituenak. Eraikinaren oinarria, erdisotoa, goiko moldura duen zokalo bat da, lau banda horizontal hondoratutako junturekin eta behe-oinarri laua du.

Eraikinaren goiko zatiari hasiera emateko troxa horizontal bat du, eraikina osorik inguratzen du, erlaitza mugatzen duela eta triangelu-formako pinoien oinarri dela. Troxak, erdian, irudi geometrikoak ditu bata bestearen ondoan, kuxin-modura errepikatzen direla; angeluak ebakita ditu eta zirkuluerdiekin apainduta. Beheko aldea banda laua da eta goiko aldean moldurak ditu, angeluzuzenak, eta fatxadan barrena banatzen dira. Eraikinaren angeluak nabarmendu egiten dira, ez dira berdin landu, eta erliebeari dagokionez —troxatik kanpo ere bai, beheko aldean—, zirkulu zentrukide-multzo bat, oin karratu baten gainean.

Pinoien horma-atalak estaltzeko, erliebezko irudi geometrikoak erabili dira, bata bestearen atzean modu erregularrean jarrita, eta kokalekuaren arabera tamaina desberdina dutela. Beheko aldean, erliebe bertikalak ditu elkarren ondoan, izkinak ebakita eta biribilduta dituzten forma angeluzuzenak dira; ondoren, erliebe txikiagoak ditu, karratuak errepikatzen direla, bi zirkulu zentrokide dituen oktogono batekin. Azkenik, gorri koloreko marra baten ondoren, estalkiaren hegalaren gorputza ageri da: gapirioak ditu besoak bailiran, eta egurrezko oholen bidez lotuta daude.

Eraikinaren barruko aldeari dagokionez, egur landuko egitura-motakoa da eta karga-hormak harlangaitzezkoak ditu. Banaketa, berriz, horma-artetan bana daiteke, eskematikoki; mendebaldeko horma-arteak solairu guztietako komunak eta beheko solairuan dagoen sukaldea ditu; ekialdeko horma-arteak gelak eta eraikinaren zona garrantzitsuenak—egongelak eta kapera—; eta erdiko horma-arteak eskailera eta logelak. Lehenengo altuera solairu garrantzitsuena da, egongelak dituena; goiko solairuan, berriz, logelak daude. Estalkiazpian kapera bat dago, nerbio faltsuekin apainduta, eta aitorlekutzat erabiltzeko ate bat dago. Erdisotoko solairuan zenbait zerbitzu-gela daude, eta oraindik ere sukalderako sarbide zuzena du, eskailera txiki bat. Bestalde, etxeko egurrezko eskailera nagusia sarrerako aterpearen ondoren, tarte zuzen batean hasten da; eskaileraren albo bat egurrarekin itxita dago, eta beste aldea libre geratzen da. Barandaren azpiko aldeak forma kubikoa du, eta eskailerari hasiera ematen dion pilonoa lurrari lotuta dado, lehen eskailera-maila kanpoan uzten duela. Eskaileraren itxitura panelekin apainduta dago, paralelo jarrita, eta beste modu batera bada ere, eskaileraren arrapalaren beheko aldeko igeltsuan ere nabari daiteke. Barrualdeko egur-lanak hutsune karratu eta forma geometrikokoak dira, ingurua goxatzen dutela. Baoen leihozangoak egurrezkoak dira, leihoen barruko aldeari lekua egiteko. Burdina-lana ere interesgarria da, irudi geometrikoak eta forma kurbatuak ikus daitezke etxe guztian. Hau da, barrualdea eta eraikin-mota bera bat datoz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa