El Progreso etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa

Wikipedia, Entziklopedia askea
El Progreso etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Portugalete, Repelega - Cooperativa El Progreso 451.jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Portugalete
Koordenatuak 43° 18′ 55″ N, 3° 01′ 06″ W / 43.315363°N,3.01846°W / 43.315363; -3.01846Koordenatuak: 43° 18′ 55″ N, 3° 01′ 06″ W / 43.315363°N,3.01846°W / 43.315363; -3.01846
Historia eta erabilera
Irekiera1930
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea 26

El Progreso etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa Portugaleteko eraikin-multzoa da, Errepelega auzoan dagoena.

2010eko martxoaren 29an, Villanueva etxebizitza merkeen sozietate kooperatiboa eta Babcock & Wilcox herria etxebizitza taldeekin batera, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«El Progreso» sozietate kooperatiboak Villanuevaren ereduari eutsi zion hainbat urte geroago. Kooperatibako bazkide izan ziren Bizkaiko Labe Garaietako eta Babcock & Wilcoxeko langileek Villanuevatik gertuko lur-eremu batzuk eskuratu zituzten 1929. urtean -10.508,20 metro koadroko azalera guztira- eta 1930ean Emiliano Pagazaurtundua Murrieta arkitektoak proiektua idatzi zuen.

Taldea osatzen duten 66 etxebizitzak errenkadetan antolaturik daude. Etxebizitza bakoitzak baratzea du atzeko aldean. Antolamendu horrek aukera ematen du etxebizitzen errenkada bikoitz eta simetrikoak osatzeko. Horrela, baratzeak geratzen dira etxebizitzen bi hileren arteko esparru librean. Etxebizitza guztiak erdiko kalearekiko (El Progreso kalearekiko) paraleloak dira, etxebizitzen bi ilara izan ezik, auzoa ixteko zeharkako errenkadetan jarri direnak eta Repelega etorbidera ematen duen aurrea osatzen dutenak.

Etxebizitzek beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dute, baita bi isuriko teilatua eta etxaurre nagusiarekiko goihabe paraleloa ere. Eguneko gelak etxebizitzen beheko solairuan dira: ataria, sukaldea, garbitokia, jangela eta dutxadun bainugela (eskaileraren azpiko hutsunea aprobetxatuz). Goiko solairuan, aldiz, hiru logela, komuna eta ganbara daude. Garai hartako banatzeen aldean, hizpide dugun egituraketa biribila da, eta bereziki azpimarratzekoak dira bi komunak eta garbitokia.

Etxebizitzak teknika tradizionalak aplikatuz egin ziren, karga-horma perimetralak adreiluzkoak dira eta egitura eta forjatua egurrezkoak. Villanuevako etxebizitzetan bezala, teila zeramiko lauak erabili dira, etxebizitza merkeen multzoetan ohiko materiala, alegia. Etxebizitzak lurretik banandurik daude osasun-forja aireztatuaren bidez.

Etxebizitxen fatxadak

Kanpoko itxurari dagokionez, nahiz eta euskal eraikuntza-estilo berriko printzak jaso -hala nola gezurrezko zur-egiturez apaindutako hormapikoak- «El Progresok» ukitu eklektikoa du. Etxebizitzetako etxaurreak zuriberriturik daude, eta kolore desberdinetan margoturik: atzealdea gris ilunez margoturik dago eta zuri kolorea erabili da leihoak, oinaldeak, forjatu-lerroak eta begiratokiak margotzeko.

Nabarmen da aurreko aldeko etxaurrearen originaltasuna. Etxebizitza bakoitzak sartzeko atea du eta leiho bat beheko solairuan. Goiko solairuan, aldiz, balkoia eta begiratoki irtena. Formen eta materialen eskema xalo hori aberasteko, apaingarri eklektikoak erabili dira: erlaitzetan irtengune bitxiak, banantze-inposta forjatuak, goitik beherako inpostak etxe bat ondoz ondoko etxetik bereizteko eta koskak leiho nahiz ate inguruetan. Elementu horiek guztiak zarpiatuan nabarmendu dira. Igeltserotzako begiratokia etxaurretik irteten da, bi mentsulatan bermaturik dago eta buruan frontoi hautsia du nahiz bi boluta alde bietara. Azken horiek dira eklektizismo horren barruko elementurik klasikoenak. Hasierako arotzeriako elementu asko zurezkoak dira egun ere. Balkoiak zurezkoak dira eta horietako batzuetan errementaritzako ukituak aurki ditzakegu.

Errenkadetako buruhormak itsuak dira eta apaindurik daude irudi geometrikoekin, inpostekin nahiz gezurrezko egur-oholtzekin hormapikoetan. Atzealdea gris kolorekoa da eta aipatu berri ditugun elementuak zuriz margotu dira, nabarmen izan daitezen. Aldeetako buruhormen goihabea miru-buztanez erremataturik dago.

Etxearen atzeko aldea, baratzei begira dagoena, gainerakoen oso bestelakoa da: zuria da goitik behera, eta neurri desberdineko leihoak ditu. Leihoen egitura xalo hori errepikatzean indar plastiko handia hartzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa