Baratze
Baratzea edo (bizkaieraz) ortua landareen hazte sasoian baratzezaintzaren bitartez barazki mota asko hazi eta ustiatzeko erabiltzen den lursaila da. Euskal Herrian, hazte sasoi hori batez ere udaberrian eta udan izaten da; baina baita, zenbait landarerentzat, udazkenean eta neguan ere. Lursail eta etxalde handiak ustiatzen dituen nekazaritza industrialari kontrajarrita agertzen da, askotan. Baratzeak eskulan gehiago eta lorezaintzari lotutako teknika gehiago behar ditu, eskala handiko nekazaritza mekanizatuarekin alderatuta.
Zainketa berezia behar duten landareak egoten dira baratzean, ortuari edo barazkiak, lekak eta fruitu arbolak ere. Lur ona dagoen tokian kokatzen dira, eta gehienetan baserritik hurbil. Hirien kanpoaldean ere ortuak egon ohi dira.
Ortuko espezie batzuk hauek dira: tomatea, piperra, porrua, kipula, patata, berakatza, zerba, aza, azalorea, azenarioa, leka, babarrun beltza, babarrun gorria, ilarra.
Euskal Herrian gehienetan etxeko kontsumorako izan ohi da baratzeetako ekoizpena; baina, zenbait kasutan, batez ere hegoaldean, salmentarako ekoizpena ere egiten da. Oro har, baratzeak ematen duena bolumen txikikoa da, eta salmenta hori gehienetan tokian tokikoa izaten da, esaterako nekazaritza azoketarako, elkarteek sostengatutako nekazaritzako harpidetzetarako, edo jatetxeetarako.