Elena Moncada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elena Moncada
Bizitza
JaiotzaSanta Fe, 1964 (59/60 urte)
Herrialdea Argentina
Jarduerak
Jarduerakaktibista eta idazlea

Elena Noemí Moncada (Santa Fe, Argentina, 1964) idazle, osasun sustatzaile eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista argentinarra da. "Mujeres por los Derechos" erakundearen sortzailea da, eta egoera ahulean dauden pertsonei laguntzen die.[1] Moncadak prostituzio-sistematik irtetea lortu zuen eta prostituzioaren abolizionismoaren defendatzailea da.[2][3][4]

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moncadak dio umetatik prostituta izateko prestatua izan zela, osabak eta beste gizon batzuek behin eta berriz egiten zizkioten abusuak haien diruarekin edo opariekin batera zetozelako. Aldi berean, bere familiak gertaerak minimizatu zituen berak salatu zituenean, sexu-indarkeria normalizatuz.[5] Gainera, aitaren axolagabekeria eta desamodioa pairatu zituen, eta 11 urterekin etxeko langile gisa lan egitera bultzatu zuen, baita 16 urterekin mutil batekin bizitzera joatera ere, geroago bere seme-alaben aita izan zenarekin. Lau izan zituen: lehena 17 urterekin, bigarrena 19rekin, hirugarrena 21ekin eta azkena 23rekin. Bere seme-alaben aitak abandonatu ondoren, berarekin bizitzera gonbidatu zuen proxeneta batez maitemindu zen.[6] Bere azken alaba izan zuenetik 7 hilabetera prostituzioan hasi zen.[5]

Prostituzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moncada 23 urterekin hasi zen prostituzioan, eta 18 urtez jarraitu zuen, kalean zein leku pribatuetan.[7] Prostituzioak alkohola eta kokaina kontsumitzera eraman zuen, prostituitzaileek eragiten zizkioten minak jasan ahal izateko.[7] Droga-saltzaile batek lankide bat hil zuela ere ikusi zuen. Gertaera horrek eta bere bilobaren jaiotzak bizitza hori atzean uzteko modua bilarazi zioten.[5][8]

Prebentzioa eta aktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prostituzio egoeran zegoela, Moncada Ammar-CTAn hasi zen militatzen. Han hasi zen bere ezberdintasunak planteatzen, ez baitzen eroso sentitzen "sexu-langiletzat" hartzen zutenean, prostituzioa lan bat ez zelako, indarkeria mota bat baizik.[9] Gero, GIBa zuten emakumeen sarean eta Buenos Aires Hiesa Fundazioan lan egin zuen, eta, behin Santa Fen, Mujeres en Actividad GKE sortu zuen 2009an, ondoren, Mujeres por los Derechos izena hartu zuena. Erakunde horretatik gaueko ibilaldiak egiten ditu lankideekin batera, eta preserbatiboak hurbiltzen dizkie prostituzio-egoeran dauden emakumeei. Horrek bidea ematen dio erakunde horrek proposatzen dituen eskubideei, osasunari eta beste gune batzuei buruz hitz egiteko. Mujeres por los Derechos elkarteak babes- eta elikagai-bilketak antolatzen ditu, lan-prestakuntzarako eta sexu-heziketarako tailerrak eskaintzen ditu, eta euste-taldeak ere bai.[1][10]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an, "Yo elijo contar mi historia" bere lehen liburu autobiografikoa argitaratu zuen, eta, geroago, 2019an, "Después, la libertad".[11] Liburu horretan, egungo egoera sozial eta politikoaz eta bere bizitzan zehar eskuratutako ikaskuntzez hausnartzen du.[12]

Aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moncadaren bizitza Mariel Roscianok idatzi eta zuzendutako "Elena" antzezlanean eta Ana Oberginek idatzi eta Lorena Mendezek ilustratutako "Soy Elena: La historia de Elena Moncada " istorioan islatu zen.[13][14] 2019an, UNLk, Argentinako Itsasertzeko Unibertsitate Nazionalak, aitorpen bat eman zion Moncadari pertsonen trafikoaren aurka egindako borrokagatik.[15]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «Santa Fe: por la crisis y la falta de trabajo, más mujeres reinciden en la prostitución» www.ellitoral.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  2. «"En la prostitución vos nunca elegís"» La Capital (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  3. (Gaztelaniaz) «Elena Moncada elige contar su historia contra la trata» Periódicas 2019-08-15 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  4. Elena Moncada - abolicionismo de la prostitución - ATP 17 02 20. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  5. a b c (Gaztelaniaz) «“Me prepararon de niña para ser prostituta”: una joven, el día de los 64 hombres y el crimen que la hizo reaccionar» infobae (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  6. (Gaztelaniaz) «Página/12 :: rosario» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Elena Moncada: “hay muchas menores prostitutas y con la crisis las que se habían retirado volvieron”.» ATP 2018-04-20 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Moncada: "Es una vergüenza que se hable de trabajo sexual cuando están violando a las pibas todas las noches"» www.ellitoral.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  9. «“Se tiene que entender que la prostitución no es un trabajo”» Uno Santa Fe (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  10. (Gaztelaniaz) «Argentina. Testimonio de Elena Moncada, sobreviente de la prostitución» Resumen Latinoamericano 2020-06-23 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  11. (Gaztelaniaz) «Presentación del nuevo libro de Elena Moncada» www.ellitoral.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  12. (Gaztelaniaz) Comunicación, Secretaría de. «Presentación del libro «Después, la libertad» de Elena Moncada» FHAyCS UADER (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  13. (Gaztelaniaz) Redacción. (2017-06-25). «Entrevista a Elena Moncada: “La prostitución y la trata son la cara de la misma moneda” -Léelo en» Paralelo32.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  14. (Gaztelaniaz) SOY ELENA. LA HISTORIA DE ELENA MONCADA – El Maltés Libros. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  15. «Reconocieron a Elena Moncada, sobreviviente de trata y defensora de los derechos de las mujeres» Regionalisimo (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Moncada, Elena N (2013). Yo elijo contar mi historia. OCLC 1022563388. 
  • Moncada, Elena N (2019). Después la libertad. Impresos S.A. Argentina.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]