Elena Sorolla

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elena Sorolla

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakElena Sorolla i García
JaiotzaValentzia1895eko ekainaren 12a
Herrialdea Espainia
HeriotzaAlaior1975eko martxoaren 17a (79 urte)
Hobiratze lekuaValentziako hilerri nagusia
Familia
AitaJoaquín Sorolla
AmaClotilde García del Castillo
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaInstitución Libre de Enseñanza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta eskultorea
Genero artistikoaEskulturagintza

Find a Grave: 88451023 Edit the value on Wikidata

Elena edo Helena Sorolla García[1] (Valentzia, 1895eko uztailaren 12a - Madril, 1975) XX. mende hasierako eskultore eta margolaria izan zen. Bere lan gehienak bilduma pribatuetan gorde dira, baina gutxi batzuk Sorolla Museoan daude.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joaquín Sorolla y Bastida margolariaren eta Clotilde García del Castilloren alaba gazteena izan zen.[2]

Ikasleen kreatibotasuna bultzatzen zuen Institución Libre de Enseñanza izeneko erakundean ikasi zuen. Bertan, garai hartako neskatilek eskola erlijiosoetan jaso ohi zutenaren desberdina zen hezkuntza jaso zuen, beraz.

1922an ezkondu zen, familiako laguna zen Victoriano Lorente errepideetako ingeniari aragoiarrarekin[3] eta zazpi seme-alaba izan zituzten (José María, Elena, Alberto, Victoriano, Manolo, Joaquín eta Mercedes).

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gaztetatik erakutsi zuen eskulturagatik interesa, ostera bere ahizpa eta neba nagusiek, Maríak eta Joaquínek, pintura landu zuten. Irakasle izan zituen José Capuz eta Mariano Benlliure eskultoreak, bere aitaren hurbileko adiskideak.[4][5] Era berean, bere aitaren ikasleek lan egiten zuten estudioan aritzen zen.

Bere lan gehienak 1916 eta 1926 urteen artean sortu zituen.

Hainbat erakusketa eta sariketan parte hartu zuen, hala nola: Valentziako Arte Gaztearen Erakusketan (1917an); Bordeleko Udalaren Museoko erakusketa batean (1919an) eta Batzelonako Ziudadelaren lorategian dagoen Arte Ederren Jauregian egindako Arte Erakusketan (1922an, Erakusketetarako udal Batzordeak antolatua izan ohi zena).

1926an bere ahizpa María Sorollarekin batera Madrilgo Lyceum Klub Femeninoan erakusketa egin zuen. Lyceuma Madrilgo emakume kultoen biltokia izan zen 1926 eta 1936 artean eta, bertan, kritika oso onak jasotzeaz gain, lan batzuk saldu zituzten.[6]

Familia zaintzeagatik eta etxe aldaketa ugariengatik utzi zuen bere lan artistikoa[6], baina bere seme-alaben erretratu margoak egin zituen[2] eta bakoitzaren bustoaren eskultura bana.[7]

Bere lanerako gai nagusiak erretratua eta emakumearen gorputza izan ziren, bai marmore, brontze eta egurrean.[2][8] Kalitate tekniko handiko lana zen berea, eta erretratuetan oso fidela zen pertsona bakoitzaren jatorrizko ezaugarriei.[6]

Elena Joaquín Sorolla eta beste artista batzuen lanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joaquín Sorolla aitak bere hainbat lanetan margotu zuen: lehen aldiz, 1900ean Madre (‘Ama’) lanean, izara artean bere burua ageri dela ama Clotilderen ondoan;[3] 1904an, bere ahizpa Maríarekin batera margotu zuen María y Elena en la playa (‘María eta Elena hondartzan’)[9]; eta 1909an Elena con túnica amarilla (‘Elena tunika horiz’)[2] eta Elena en la playa (‘Elena hondartzan’) margotu zituen.[10]

José Capuzek erretratu eskultorikoa egin zion 1921ean, gaur egunean Sorolla Museoan ikusgai dagoena.[2][3]

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere sendiaren etxean geratu ziren erakusgai bere lan asko. Bere ondorengoek hamahiru lan eman zizkioten doantzan Sorolla Fundazioari eta Sorolla Museoaren bilduman daude.[3] 2014an, Museo Kontsorzioak, Joaquín Sorolla Ikerketa eta Ikasketa Erakundearen bidez, Elena Sorollaren lehen erakusketa monografikoa antolatu zuen Helena Sorolla Escultora 1895-1975 (‘Helena Sorolla eskultore 1895-1975’) izenburuarekin, Valentziako Centre del Carme etxean.[1][2] 2015ean, Sorolla Museoak antolatu zituen erakusketa eta umeentzako tailerrak Elena Sorollari buruz, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, zeinetan 13 eskultura eta erretatu bat erakutsi ziren.[3][7]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Desnudo femenino (‘Emakumea bilutsik’) (ca. 1915-1926)
  • Muchacha sentada (‘Neskatsa eserita’) (ca. 1915-1929)
  • Busto de mujer (‘Emakume bustoa’) (1921)
  • Sevillana bailando (‘Sevillarra dantzan’) (1915)
  • Gitana (‘Ijitoa’) (ca. 1915-1922)
  • Francisco Pons-Sorolla niño (‘Francisco Pons-Sorolla umea’) (ca.1920)
  • Desnudo femenino recostado (‘Emakume bilutsia etzanda’) (1919)
  • Coqueta (‘Limurtzailea’) (ca. 1915-1919)
  • Desnudo de mujer (‘Emakume bilutsia’) (ca. 1915- 1921)
  • Saeta (‘Saeta’) (ca. 1919)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Soler Navarro, Joan Josep. (2014-04-18). Las esculturas de Helena Sorolla. In losojosdehipatia.com.es.. (Noiz kontsultatua: 2017-06-22).
  2. a b c d e f Borrás, Daniel. (2014-02-28). «Helena Sorolla, la hija del artista» El Mundo (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  3. a b c d e «Helena, la hija escultora de Joaquín Sorolla» ABC (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  4. «Escultoras españolas entre 1833 y 1931, casi una ficción.». Erakusketaren katalogoa "Invitadas. Fragmentos sobre mujeres, ideología y artes plásticas en España (1833-1931)". Museo del Prado de Madrid, 2020.
  5. Muñoz, Sofía. (2020-09-08). Helena Sorolla García (1895-1975) . La continuación de una saga (1895-1975). In Artemisia La Tenebrista. (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  6. a b c Elena Sorolla García. In dbd.cat.. (Noiz kontsultatua: 2017-06-22.).
  7. a b «Helena Sorolla en la casa museo familiar, talento de apellido al cincel» rtve.
  8. El Museo Sorolla expone la obra de Helena Sorolla por el Día de la Mujer. (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  9. María y Elena en la playa. In Ceres katalogoa. (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  10. Exposiciones: Elena Sorolla en la playa. In jdiezarnal.com. (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Antolín Paz, Mario; Morales y Marín, José Luis; Rincón García, Wifredo (1994). Diccionario de Pintores y Escultores Españoles del siglo XX. Madril: Forum Artis.
  • La Ben Plantada. El Noucentisme (1906-2006) (2006). Catàleg de l’exposició. Bartzelona: Bancaja.
  • Fontbona, Francesc (dir.) (2002). Repertori de catàlegs d’exposicions col·lectives d’art a Catalunya: fins a l’any 1938. Bartzelona: Institut d’Estudis Catalans (Memòries Secció Històrico-Arqueològica, 59).
  • Ibiza i Osca, Vicent (2006). Obra de mujeres artistas en los museos españoles. Guía de pintoras y escultoras (1500-1936). Valentzia: Centro Francisco Tomás y Valiente. UNED (Interciencias, 31).
  • Reexistencias. Escultoras del siglo XX (2006). Catálogo de la exposición. Madril: Comunidad de Madrid/Junta de Andalucía.
  • G. Navarro, Carlos (2020). Invitadas. Fragmentos sobre mujeres, ideología y artes plásticas en España (1833-1931). Catálogo de la exposición. Madril: El Prado Museoa. ISBN: 9788484805441

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]