Eskulturagintza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskultore» orritik birbideratua)

Michelangeloren "Pietà" ezaguna.

Eskulturagintza edo eskultura arte nagusien mota tradizionaletakoa da, hiru dimentsiotan egindako irudiak sortzen dituena gai gogorrak (harria, marmola, metala, beira, zura) edo bigunak erabiliz. Era honetan, arte plastikoetan ere sailkatuta dago.

Eskultura izena hartzen dute arlo honetan egindako irudiek, eta eskultore edo zizelkaria da esparru honetan lan egiten duen artista.

Bestela, arte agerpen publiko gehienak eskulturak dira.

Eskultura-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskultura-mota arruntenak honako hauek dira:

  • Eskultura exentua, alde guztietatik, oinarritik salbu, airez inguratuta dagoena. Angelu guztietatik begira daitekeen eskultura da. Gizakiaren forma islatzen badu, estatua deritzo.
  • Erliebea, atzealde bati itsatsitako eskultura da. Hainbat mota daude: behe-erliebea, goi-erliebea eta erliebe hondoratua.

Eskultore ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskultore klasikoen artean, Berpizkunde garaian nabarmendu ziren Michelangelo eta Donatello, geroago Benvenuto Cellini eta Barrokoan bestela Gian Lorenzo Bernini. Arte modernoan, Auguste Rodin eta artista garaikideen artean Joan Miró, Fernando Botero eta Richard Serra ditugu besteak beste.

Euskal Herriko eskultore garaikideen artean ere badaude gure mugetatik kanpo famatu egin direnak, Nestor Basterretxea, Agustin Ibarrola, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida dira, beste batzuen artean.

Eskulturagintza Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroaren bukaeratik Barrokora arte, talentu handiko eskultore eta irudigile ugarik egin zuten lan Euskal Herriko elizetan eta, askoz gutxiago, eraikuntza zibiletan. Joan Aiarakoa, Andres Araotz, Juan Antxieta edota Joan Bazkardo eskultoreek maila bikaina izan zuten, beste askorekin batera, XVI. eta XVII. mendeetan. XVIII. mendeko ekonomia eta gizarte krisi sakonak eta XIX. mendeko gerra egoera latzaren ezin eramanak hutsune sakona ekarri zuten Euskal Herriko arte alor guztietara eta aro barrokoan ugaldu ziren eskultoreek ez zuten jarraitzailerik izan ondorengo bi mendeetan.

XIX. mendearen bukaeran eskultore belaunaldi berri bat azaldu zen Euskal Herrian, Bilbon bereziki, eta garrantzi berezia hartu zuen Bizkaiko hiriburuko Arte Ederretako Eskolak. Eskultura ez zen gehiago eraikuntzari bereziki atxikiriko artea, eta, harriaz gainera, beste gai batzuk erabiltzen hasi ziren, brontzea bereziki. Horrez gainera, joera klasizistak eta errealistak nagusi ziren arren, sinbolismoak eta espresionismoak gero eta indar handiagoa hartu zuten Euskal Herriko estetika esparruan, Europan barrena artearen arloan mamitzen ari zen iraultza sakonaren fruitu. Francisco Durrieu edo Durrio eta Nemesio Mogrobejo bilbotarrek zabaldu zuten bidea, eta Quintín de la Torre, Higinio Basterra, Fructuoso Orduna, Leon Barrenetxea, Moisés de Huerta eta beste zenbait eskultore jarraitu zitzaizkien.

1936ko gerrak eten zuen artista askoren jarduna eta, gerra ondoren, zentzugabeko neurri estu batzuen barnean jardun behar izan zuten erbesterako bidea hartu ez zuten eskultoreek. Irudigintzan ari izan ziren Julio Beobide eta Ricardo Iñurria gerra aurreko urteetan helduak ziren eskultoreak. Nolanahi ere, oso lan adierazkorrak egin zituen Beobidek. Aipagarriak dira orobat Argentinan sortu eta Bilbon Basterra eta De la Torrerekin ikasi zuen Arturo Acebal Idigorasen zeramika polikromoak. Jose Manuel Alberdi azpeitiarraren lana, Euskal Herrian hain ezaguna ez den arren, oso lan garrantzitsua izan da. Hamabost urte zituela Ingalaterrara eraman zuten eta bertan egin zituen eskultura ikasketak, bere euskal sustraiak alde batera utzi gabe. Molde klasikoko lanak egin zituen hasieran eta, Epstein edo Henry Moore bezalako eskultoreen ildotik, sinbolismo abstraktoaren bidetik abiatu zen ondoren.

Jorge Oteizaren eskutik etorri zen benetako iraultza euskal eskulturaren eremura eta, oro har, euskal estetikaren mundura. Eskultore handia izateaz gainera, teoriagile gisa ere garrantzi handia izan du Oteizak. Oteizaren planteamenduek berehalako oihartzuna izan zuten euskal artista gazteagoengan eta, oro har, Euskal Herriko arte mugimendu orotan. Haren arrimuan gorpuztu zen (Gaur taldea, 1966) Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Vicente Larrea, Jose Ramón Carrera, Agustin Ibarrola eta Ricardo Ugarte eskultore garrantzitsuen obra eta beste hainbat eta hainbat artistaren jardun apalagoa.


Eduardo Txillida ere euskal artista ezaguna bihurtu zen nazioartean. Gaur taldearen inguruko mugimenduan parte hartu zuen, Oteizarekin batera. Oteizarenean ez bezala, Txillidak askoz azalpen teoriko gutxiago egin zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]