Eliomys melanurus
| Eliomys melanurus | |
|---|---|
| Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) [1] | |
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Mammalia |
| Ordena | Rodentia |
| Familia | Gliridae |
| Generoa | Eliomys |
| Espeziea | Eliomys melanurus Wagner 1840[2]
|
Eliomys melanurus Eliomys generoko animalia da. Karraskarien barruko Leithiinae subfamilia eta Gliridae familian sailkatuta dago.
Informazio taxonomikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ceuta eta Melillako muxarren egoera taxonomikoa, Ipar Afrikako beste populazio batzuena bezala, maiz aldatu da. Eztabaidaren arrazoi nagusia forma hauen eta Europako parekoen arteko kanpoko antzekotasun morfologikoan datza eta horrek, soro-muxarren aldakortasun morfologiko handiarekin batera, Ceutako eta inguruko eremuetako muxarrak E. quercinus edo E.q. mubyanus-en azpiespezietzat hartzera eraman zuen. Eliomys generoko espezieen eta kromosoma-arrazen arteko bereizketa genetikoari eta harreman filogenetikoei buruzko azken ikerketek, Mediterraneoko eskualdean, bi eboluzio-lerro argi eta garbi bereizten direla baieztatu dute; E. quercinus Europan, jatorri berriagoarekin, eta E. melanurus Ipar Afrikan eta Ekialde Hurbilean, eboluzionalki zaharragoa dena.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpoko morfologia E. quercinus-en antzekoa du. Kolorea eta eredua Niethammer-ek iberiar penintsulako iparraldean deskribatutako quercinus talde morfologikoaren berdinak dira: tamaina txikia eta isats sabelean zuria. Ceuta eta Tetuan (Maroko) hirien inguruko muxarren datu biometrikoak eskuragarri daude: burua gehi gorputzaren luzera: 100,0-111,0 mm; buztanaren luzera: 106,0-125,0 mm; atzeko oinaren luzera: 21,0-24,0 mm; pisua: 30,0-52,0 gramo. Pisua kontuz interpretatu behar da, ale batzuen adina ezezaguna baita. Urtean zehar pisuaren aldaketa ere kontuan hartu behar da. Ezaugarri bereizgarriena, ikuspuntu biometrikotik buztanaren luzera balio handiagoa da burua gehi gorputzarenarekin alderatuta, ezaugarri ezohikoa soro-muxarretan, edo Algeriako eta Marokoko hegoaldeko muxarretan. Burezurra Iberiar penintsulako soro-muxarraren antzekoa da, txikiagoa izan arren. Era berean, garezur-neurriak E. munbyanus-enak baino txikiagoak dira. Desberdintasun nabarmenena, tinpanoaren bulla nabarmen txikiagoa da. Hortz formula: 1,0.1,3./1.0.1.3. Kromosoma kopurua (2n) = 46.[3]
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turkia hegoaldean, Siria, Irak, Jordania, Libano, Israel, Saudi Arabia, Sinai penintsula eta Ipar Afrikan zehar aurkitzen da, Egiptotik Marokoraino.
Aldaketa geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da azpiespezierik deskribatu.
Habitatak eta altuera tartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muxarrak 50 metrotik 1000 metrotik gorako garaieran aurkitu dira. Datuak urriak diren arren, ez dirudi espezie oso ugaria denik, nahiz eta habitat askotan agertzen den: landaredi urtarra duten aintziren ertzetan (Tamaris. Rubus, Thypha eta Chamaerops), Pinus, Eucaliptus eta Quercus basoetan, Mediterraneoko sastraketan eta eragin antrofiko handia duten habitatetan (Sagastiak eta larreak).
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago daturik E. melanurus espeziearen ugalketari buruz Ceutan, Melillan edo inguruko eremuetan. Zenbait ebidentziak iradokitzen du Marokoko iparraldean muxarren ugalketa-garaia udazkenera arte luzatzen dela, azaroan ugaltze-jarduera zuten arrak eta edoskitzen ari diren emeak aurkitu baitira. Kostaldeko leku baxuetan, ugalketa-garaia udaberri hasieratik (ziurrenik martxoa) azarora arte luzatzen da ziurrenik.
Ugaritasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago daturik espezie honen ugaritasunari buruz Ceutan eta Melillan. Eskuragarri dagoen informazio bakarra Tingitana penintsulatik dator (Marokoko iparraldea), eta ez dirudi espezie arraroa denik, nahiz eta ez den bereziki ohikoa ere. Baliteke landa-eremuetan ugariagoa izatea gizakiak eraldatutako eremuetan baino.
Antolaketa eta portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harrapaketei buruz eskuragarri dauden datu mugatuek iradokitzen dute itsas mailan, ingurumen-baldintza epeletan, bizi diren aleek ez dutela hibernatzen eta ziurrenik ez dutela udako lozorrorik ere izaten. Tetuan inguruan 1000 metrotik gorako altueran harrapatutako ale batzuek hibernazioa hasteko prest zeudela erakusten zuten. Beraz, E. melanurus-en ezaugarri biologikoek E. quercinus-en modu berean erantzun behar diete ingurumen-baldintzei.
Patologiak eta parasitoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago daturik espezie honetarako.
Mehatxuak eta kudeaketa neurria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da ezagutzen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
- ↑ Wagner. (1840). in: Gliridae. Gelehrte. Anz. I. K. Bayer. Akad. Wiss..
- ↑ (Gaztelaniaz) L. Javier Palomo y Julio Gisbert (editores). (2002). Atlas de los MAMÍFEROS TERRESTRES de España. Organismo autonomo de Parques Nacionales Gran Via de San Francisco, 28005 Madrid, 436 or. ISBN 84-8014-431-9..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aisa eta Martínez (1995), Filipucci et al. (1988), Kahmann eta Staudenmayer (1969), Kahmann eta Thoms (1981), Moreno (1989), Moreno eta Delibes (1982), Niethammer (1959), Wilson eta Reeder (1993).