Elizak egindako ondare matrikulazioa (Espainia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elizak egindako ondare matrikulazioa Espainiako Eliza katolikoak herri ondarea eta beste ondasun batzuk bereganatzeko egindako kanpaina bat izan da, ondasunak erlijioso izan edo ez, masiboki 1998an abiatua. Matrikulazio horiek Jose Maria Aznarren dekretu batek ematen zuen lege zirrikitu bat baliatuz egin ahal izan ziren, Francoren diktadurako 1946ko lege batean oinarrituz.

Era horretan matrikulatu diren ondasunak 30.000tik gora izan dira 1998tik, baina askoz gehiago 1946ko legetik. 2021eko otsailaren 15ean, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu lege batek nahitaezkoa egin zuen ondasun horien zerrenda argitaratzea eta erreklamazioak egin ahal izatea. Elizatik kanpoko sektore batzuek legezkoa ez den herri ondarearen bidegabeko jabetzea salatu dute. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma nabarmendu da Euskal Herrian ikerketa eta protesta ekimenetan.

Kordobako Meskitaren matrikulazioak kritika handiak eragin zituen.
Uxueko Andre Mariaren eliza, Elizak matrikulatua.
Donostiako Aingeru Zaindariaren baseliza da kasu bat, auzolanez eraikia.

Legedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matrikulazio horiek herri ondare erlijiosoaren gainekoak izan dira gehienbat, eta ondare horren gainean titulurik izan gabe egin zituen beti edo ia beti, lege zirrikitu bat baliatuz eta diru zenbateko sinbolikoak ordainduz. 2021eko otsailean jasotako datuen arabera, 1998tik, Espainiako elizak 34.961 ondasun higiezin matrikulatu ditu beretzat. Matrikulazio gehienak Elizak berak ondasunaren jabea zela "ziurtatu" ondoren egin ziren (Espainian, 30.335); eskuratu zituen beste 4.626 ondasunetan, Elizak jabetza titulu bat aurkeztu zuen.[1]

Espainiako Elizak Jose Maria Aznar presidenteak 1998an onartutako dekretu bati esker egin ahal izan ditu matrikulazioak. Francoren diktadurako lege bat baliatu zen horretarako, apezpiku baten sinadura batek eta egun 30 euroren ordainketak Elizarentzat pribatizatu ahal izatea legeztatzen zuena.[2] Elizak ez du (2021) Ondasun Higiezinen gaineko Zergarik ordaindu kultukoak ez diren ondasunengatik (IBI), eta Espainiako Gobernuak 2021eko otsailaren 15ean adierazi zuen erreklamazio prozesu bat irekiko zuela.[3]

Ondare horren gehiena aurrekontu publikoen bidez zaharberritu eta mantendu da, eta artean ere mantentzen da askotan. Erreklamazio bat izan da matrikulaturiko ondasunen zerrenda argitaratzea, eta 2021eko otsailaren 15ean Espainiako Kongresuak hori egitea onartu zuen.[4]

Ondare matrikulazioaren datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sevillako Giralda, Kordobako meskita edo Zaragozako katedrala daude ondasun horien artean;[5] hurbilago dago, besteak beste, Uxueko Andre Mariaren eliza edo Donostiako Artzain Onaren katedrala. Matrikulazio kanpaina hori isilean egin da, eta Nafarroan izan du bere kontrako lehen mugimendu garrantzitsua, herri ondarearen espoliaziotzat hartuz. Matrikulazio horien zerrenda argitaratzearen kontra Alderdi Popularrak eta Ciudadanos alderdiak bozkatu zuten Espainiako Kongresuan 2017an.

2018ko abuztuaren 22 arte, Espainiako Elizak 1.000 ondasunetik gora matrikulatu zituen Nafarroa Garaian, eta 300etik gora Euskal Autonomia Erkidegoan.[6] Aldiz, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak datu hori, Espainiako Gobernuan oinarritua, gezurtatu zuen, eta 1946tik 5.000 matrikulaziotik gora egin direla segurtatu du.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Castro, Irene. (2021-02-16). «El Gobierno identifica 34.961 bienes inmatriculados por la Iglesia gracias a la ley de Aznar y activa el proceso para su reclamación» ElDiario.es Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  2. (Gaztelaniaz) Borraz, Marta. (2018-08-21). «La Mezquita de Córdoba o la Giralda de Sevilla: qué son las inmatriculaciones de la Iglesia y cómo se hizo con ellas» ElDiario.es Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  3. (Gaztelaniaz) Castro, Irene. (2021-02-16). «El Gobierno identifica 34.961 bienes inmatriculados por la Iglesia gracias a la ley de Aznar y activa el proceso para su reclamación» ElDiario.es Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  4. (Gaztelaniaz) Castro, Irene. (2021-02-16). «El Gobierno identifica 34.961 bienes inmatriculados por la Iglesia gracias a la ley de Aznar y activa el proceso para su reclamación» ElDiario.es Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  5. (Gaztelaniaz) Borraz, Marta. (2018-08-21). «La Mezquita de Córdoba o la Giralda de Sevilla: qué son las inmatriculaciones de la Iglesia y cómo se hizo con ellas» ElDiario.es Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  6. (Gaztelaniaz) «La Iglesia registró más de 1.000 propiedades en Navarra y más de 500 en la CAV» EITB Radio Televisión Pública Vasca Noiz kontsultatua: 2021-03-27.
  7. Cascante, Patxi. (2019). «Las inmatriculaciones de la Iglesia en Navarra "superan las 5.000"» Diario de Navarra (Pamplona-Iruñea).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]