Elodie Baffalio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Elodie Baffalio piano jotzaile inprobisatzailea

Elodie Baffalio Ipar Euskal Herriko piano-jotzaile inprobisatzailea da. Zuberoako Urdiñarbe herrian, 1986ko otsailaren 2an jaio zen.Gaur egun Hendaian bizi da.

Prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpi urterekin abiatu zituen piano ikasketak Mauleko musika eskolan.

Ondoren, Baionarat abiatu zen eta bertan jarraitu zuen ikasketekin, Baionako Kontserbatorioan ikasle izan baitzen 2001eko irailetik 2007ko ekaina bitartean. Hortxe eskuratu zuen pianoko “CEM titulua”, alegia, musika ikasketen ziurtagiria. Zehatzago esanda, UV delako aipamena (baliozko unitatearen aipamena) lortu zuen ondorengo arloetan: inprobisazio generatiboan, basse continue, idazketa, analisia, musika formazioa, ganbera musika eta akonpainamendua.

Baionako garai honetan pianoaren errepertorio klasikoa Olivier Chauzurekin landu arren, anekdota erabakiorra Patrick Defossez irakaslearekin bizi izan zuen. Izan ere, musika garaikidea jorratzeko asmotan klasera joan eta bertan, ustekabean inprobisazio generatiboa entsegatu baitzuen. Norabide artistiko profesionala finkatu zion ipar orratz garrantzitsua bilakatu zen inprobisazioa une horretatik aurrera.

Gero, 2007ko irailean Pariserako bideari ekin zion. Bertan, esperientzia anitz jorratu izan zituen pianoarekin lotuta. Esaterako, 2008ko ekaina bitartean Fontenay-Aux-Roses kontserbatorioan "basse continue" eta klabezina sakondu zituen.

Horretaz gain, Pariseko egonaldian zehar, 2010eko ekaina arte, erreportorio klasikoa zein garaikidea landu zituen saio partikular bidez, hainbat piano jolerekin, besteak beste, Géraldine Dutroncy, Nathalie Bera-Tagrine eta Wieslaw Szlachta jaun eta andreekin.

Gainera, Parisko ESKOLA CANTORUMen formazio hauxe jaso zuen ondorengo jakintza ezberdinetan: armonia, kontrapuntua, orkestrazioa, konposizioa, orkestra zuzendaritza.

Inprobisazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pianoarekin izandako esperientziarik aberasgarriena inprobisazioa izanik, berau bilakatu da, hain zuzen ere, Elodieren lan ildo esanguratsuena. Honetara heltzeko bidelagun izan ditu jarraian zerrendatutako musikariak.

Lehenik, Patrick Defossez jauna, Baionako kontserbatorioko irakaslea, erabakiorra izan zen, bere bidez izan baitzuen inprobisazio generatiboaren ezagutza eta sarbide.

Bigarrenik, Angélique Fullin andrea, 2007tik 2009 urte bitartean berarekin izandako klase partikularretan areago barneratu baitzen inprobisazioaren kontzeptuan.

Hirugarrenik, Alex Grillo jauna, 2008 urtean zehar bere taldekako saioetan parte hartzearekin inprobisazioaren mundua sakondu baitzuen.

Laugarrenik, Frédéric Blondy et Hélène Breschand musikalariak, izan ere, 2010 eta 2011 urtetan beraiekin egindako saio kolektiboak zinez azpimarragarriak izan baitziren inprobisazioaren ibilbidean zehar.

Azkenik, Joëlle Léandre, Evan Parker eta Jacques Didonato jaun-andreak lagungarri izan ziren erabat inprobisazioaren unibertsoa jorratzeko, beraiekin burututako tailerrak direla medio.

Musika estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere jatorriak, Euskal Herriak, izadiak edo naturak, musika klasiko eta esperimentalarekin egindako topaketa ezberdinek, eragin sakona dute Elodie Baffalio pianojotzailearengan. Hauetatik abiatuz, bere unibertso musikal propioa sortu du. Elkarretaratzeen edo sorkuntzen arabera, bere musika klasiko-modernoa izanik, garaikidea instant batez ala melodiko-modala beste momentu batean izan daiteke, edo zenbaitetan bruitista, eta aldi berean inpresionista, zein beste une batzuetan espektrala.

Kontzertuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008az geroztik kontzertuak eman izan ditu Elodie Baffaliok bai Euskal Herrian (Hendaian, Baionan, Angelun) bai Parisen, bai bakarka bai beste musikari batzuekin batera, hala nola Jesus Aured, Ronnie Lynn Patterson eta Vianney Desplantes jaunekin.

Halaber, artearen beste modalitate ezberdinetako artegileekin lankidetzan ere eskaini ditu kontzertuak, besteak beste, Gonzalo Etxebarria margolari jaunarekin, Maika Etxekopar andre kantulari eta antzezlearekin (Harian ikuskizuna).


Lehen diskoa: Mellodi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarka landutako eskaintza originala da Mellodi: Diskoaren azaleko margoan ageri den bezala, tximeleta baten bi hegal bailiran entzungo dira bertako melodiak. Batetik, hegal batean, inprobisazioaren hatsaz eramanak dauden doinuak antzemango dira eta bestetik, beste hegalean, euskal oinarri eta koloreetan errotutako erritmoak eta "basa-ahaideak" nabarituko dituzu.

Antzineko eta oraingo euskal kantu ala dantza herrikoiak abiapuntu gisa hautatu ditu. Beraiengan musikaltasuna gailenduko da. Hitzen zentzua ahantzi gabe, elea emeki-emeki desagertu egingo da, eta bere ordez, bihotzaren musika mintzo den lekura joango dira doinuak. Musika herrikoia sentiberatasunez eta sotiltasunez moldatua eta aldi berean, inprobisatua dago. Izan ere, inprobisazioari leku propioa eman nahi izan baitio Elodiek disko honetan. Horrela kontzertu bakoitzean uneko magia ager daiteke, eta nahiz eta eremu ezagututan izan, kontzertu bakoitza beti berria izanen da. Horretarako, pianoaren adierazteko era ezberdin eta askotarikoak miatzen ditu etengabe Elodiek, soinu-tresnaren musika aberastasuna loratuz. Eta gainera, konposizioak gehitu eta aberastu egiten ditu uneoro, tradizioak eta olerkiak inspiratuta.

Laburbilduz, Mellodi izeneko lehen disko honetan, alde batetik tradiziozko musika ezagutu edo errekonozitu ahal izango da, baina beti ere ñabardura berritzaileekin orraztua. Eta horrela tradizioa beste era batez atxemaiteko parada izanen delarik. Beste alde batetik, pianoa modu ezberdinez entzun eta gozatuko da, jakinez musika klasikoaren kolore harmonikoak eta jazzaren inprobisazio izpirituak ere eragin dutela diskoaren sorkuntzan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]