Emakume ezkongabea Erdi Aroan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emakumeen errepresentazio artistikoak Erdi Aroan.

Erdi Aroko testuinguru historikoaren ezaugarri nagusia Erromatar Inperio dekadenteko gizartearen eta politikoki nagusitu ziren monarkia germanikoen arteko trantsizioa da. Garai hau, bi gizarte hauen bat-egitearekin eta Erromatar Inperioarekin militarki kolaboratu zuten germaniar herrien hedapenarekin hasten da.[1] Erdi Aroan zehar, Erdi Aroko ideietan eta jarreretan eraldaketa bat gertatu zen, kultura erromatarraren eraginak eta eurasiar estepatik etorritako beste herri batzuen etorrerak markatuta. Erdi Aroaren ikuspegia aldatu egin da historian zehar, XV. XVI. eta XVII. mendeetako erabat garai iluntzat hartzen zen, eta XVIII. mendean Ilustrazioarekin berriz ebaluatu zen. Ilustrazioan zehar gizartearen eta gizabanakoaren ikuspegi modernizatzaileak Erdi Aroko pentsamenduaren esentziarekin kontrastatzen zuen.[1]

Ezkontza gizarte-arau gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero rol tradizionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko gizartean gizonen eta emakumeen arteko rolen banaketa nabarmena zen. Ez zen berdina emakume batengandik espero zena eta gizon batek bete behar zuena. Estamentu bakoitzeko egoera ez da bera izango baina era batera edo bestera emakumeak gizonen erabakien mende egongo dira. Banaketa eta ezberdintasun hauek gauza orokorretatik, egunerokotasuneko egoeretara arte zabaltzen dira.[2]

Etxetik hasten bagara emakume gehienak etxeko lanez arduratzen ziren. Nekazarien familietan gainera, nekazaritza-lanetan parte hartzen zuten askotan. Gizonek, bestalde, familia hornitzeko eta babesteko ardura zuten. Klase nobleetako haiek heziketa jaso zezaketen, baina beren aukerak mugatuta zeuden gizonekin alderatuta, beraien bizitza mugatuta zegoen rol erreproduktibora. Gizonek, nobleziakoek edo elizgizonek gehienbat, hezkuntza formala jasotzeko aukera gehiago zituzten.

Ezkontzen garrantzia arlo politiko eta ekonomikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan ezkontza estrategia bat bezala definitu dezakegu. Ezkontza bidez lotzen ziren familientzat hau aliantza politiko bat zen, hemen gizarte-posizioak, aberastasunak eta beste familia-faktore batzuek lehentasuna zuten. Askotan, tartean zeuden familien egoera soziala edo aberastasuna sendotzeko adosten ziren ezkontzak eta horregatik zuen hainbesteko garrantzia emakumeak ondo ezkontzeak.

Alde ekonomikoa ezkondu behar ziren pertsonek egindako akordioetan ikusten da, hemen sartzen dira dotea, oinordetza-eskubideak, alarguntza-pentsioa eta beste hainbat. Gizona izango da ondasun bateratu eta pribatuak (bereak eta bere emaztearenak) administratzeko arduraduna. Emakumearen familiak ordea, dotea ematen dio honi, emazteak bikotean ondasunak aporta ditzan. Klase ertaineko emakumeak ondasun higigarriak aportatzen zituzten: maindireak, mahaia, baxera, soinekoak, bitxiak, dirua… Gizonek ordea, ondasun higiezinak jartzen zituzten. [3]

Emakumeak gehienetan ez zuen aukeratzen norekin ezkonduko ziren. Familiak aukeratzen zuen, patrimonio familiarra jokoan egoten zelako, bereziki, maila altuenentzat. Jarrera hori ez zen kasualitatea izan, familiaren ondarea ziurtatzeko modu bat baizik: klase altuak dira ondare gehien dutenak eta beraz, seme alaben ezkontzaz oso arduratuta egoten ziren.

Normalean, familia eredua nuklearra zen (gurasoak eta seme alabak), bikote hauek bakoitzak aportatutako ondasunen gainean eraikitzen ziren. Klase ertain eta baxuek Nobleziarekin desberdintasun bat dute, ondare txikiagoa dutenez, ez dagoela hainbesteko beldurrik ondare hori banatzeko. Hiriko askok ezkontza gizarte mailan eta ekonomikoki eskalatzeko aukera bat bezala ikusten zuten. Hainbestekoa zen seme-alabak ongi ezkontzeko grina, non gutxiago zeukan familiak gehiago aportatzen zuen beste aldearekiko zuen galera hori konpentsatzeko, zorpetu eta hondatzera iritsiz. [3]

Gizarte eta komunitatearen presioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusi dugun bezala, ezkontzak berebiziko garrantzia zuen Erdi Aroko gizartean, eta honek emakumeak izugarrizko presioa jasatea suposatzen zuen. Helburu ekonomikoan pisu handia zuten baina bazeuden beste alderdi batzuetako presioak. Erdi Aroko gizartean, emakumeei esleitutako rol nagusia emaztearena eta amarena zen. Emakumeek rol guzti hauek betetzeko gauza bat behar zuen, hau da, ezkontzea, seme alabak izateko eta etxeko kontuez arduratzeko. Beste alde batetik, familiek berebiziko garrantzia zuten ezkontza erabakiak hartzerakoan. Gurasoek, bereziki, askotan kontrol esanguratsua izaten zuten beren alaben ezkontideen hautaketan. Gainera, ezkontzak emakumeei segurtasuna eta babesa ematen zien hezkuntzari eta enpleguari dagokionez urritasunak arriskua ematen zien mundu batean. Hau dena ikusita, jasaten zuten presioa izugarria zen. Emakume ezkongabeek batzuetan susmoak eta estigmatizazioa jasaten zituzten Erdi Aroko gizartean. Kritikak eta zalantzak jasan zitzaketen, ezkontzeko eta familia bat osatzeko arau kulturalari jarraitzen ez bazioten.[4]

Emakume ezkongabeen kategoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alargunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko alargunak senarrak galdu zituzten emakumeak ziren, zeina besteak-beste gerren, gaixotasunen, istripuen edo bestelako gorabeheren ondorio izan zitekeen. Alarguntasunak ez zuen klase sozialen artean bereizkeriarik egiten; garai guztietako emakumeek partekatzen zuten esperientzia hori.

Erronkak eta posizio soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko gizarteak, egitura hierarkikoetan eta genero-arauetan errotuta egon arren, neurri batean onartzen zuen alargunen egoera zaila. Nolabaiteko autonomia legala onartzen zitzaien eta, kasu batzuetan, laguntza merezi zutela uste zen. Ondorioz, emakume alargunak pixkanaka askatzen hasi ziren familiak ezarritako sexuan oinarritutako tutoretzatik. Senarra hil ondoren, legezko estatusa galtzen zuten, baina arau juridiko eta erritu sozial berriek ezarritako mugei aurre egiten jarraitzen zuten. [5]

Hala eta guztiz, kontuan hartu beharrekoa da emakume alargun gehienak ez zirela luzaroan senarrik gabe egoten, batez ere gazteak baziren edo ondasunak bazituzten. Emakumeek erabakitzen zuten berriro ezkontzea, baina aukera hori hirietan askok bizi zuten pobreziak eraginda ikusten zen. Baliabideak zituztenek bizimodu monastikoaren alde egin zezaketen edota, alargun dirudunen artean ohikoa zena, Elizak babestutako "alarguntasun kasta" aukeratzen zuten. Hala gizonen tutelatik kanpo geratuz behin betiko, baina familia noble hauen baitan gaizki ikusia zegoen zerbait izaten jarraitzen zuen, emakume hauei berekoi izaera ezarriz, eta sarri gurasoen faborea galduz.

Alarguntasunak askatasun batzuk ere eskaintzen zituen, izan ere, bere dote eta ezkontzan zehar eskuratutako ondasunak libreki erabiltzeko aukera zuten. Behe Erdi Arorako, semeek ez dute bere ama alargunen tutore izan beharko, beraz, emakumeak bere kabuz gestionatu zezakeen familia-jabetza. Gremioen testuinguruan, familiaren negozioa emakumearen eskuetan geratzen zen kasu hauetan, baina honek alargunari erronka berri bat ekartzen zion, tailer hauetako askok ezin baitzuten gizonezko figurarik gabe funtzionatu,

Familia-aberastasunak emakume alargunen esku erortzeak euren posizio sozialean eragin argia izan zuen. Alde batetik, hirietan emakume alargun boteretsuak agertzen dira, senar-ohiaren ondasunak eskuetan, mota ugaritako influentziak izan ahal zituztenak. Hauek, hala ere, susmoak sortzen zituen, eta agintariek haien finantza-askatasuna mugatzen saiatzen ziren. Bestetik, orokorrena izango den errealitatea, berriro ezkontzeko presio soziala jasoko zuten alargunak dira, oraindik gazteak baziren, beren bakardadea moraltasun ezari lotuko zitzaion elementua izango zen, betiere beste gizon ezkongabe bati lotzea lortzeko.[6]

Ezkongabeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan ezkonduta ez zeuden emakumeek talde ezberdindu bat osatzen zuten, hautapen edo zirkunstantzien ondorioz ezkondu ez zirenak sartzen baitziren talde horretan. Emakume batzuek ezkongabetasuna aukeratzen zuten, senar aukera egokirik ez zutelako edo ezkontzea eragozten zien presioengatik.

Arrazoiak eta estigma soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko emakume ezkongabeen kausak emakume ezkongabeen esperientzia indibidualak bezain anitzak ziren. Ezkontzeko aukerarik ezak, hautagai egokien urritasunak edota dotea emateko ezintasuna eragingo zuten arazo ekonomikoek, eragina zuen ezkongabe egoteko erabakian. Hala eta guztiz ere, kasu askotan, arrazoi pertsonalengatik edo independentzia bilatzeagatik, kontzienteki hartzen zuten erabakia zen ez ezkontzearena.

Emakume hauek, ezkongabe egoteko arrazoiak edozein izanik ere, presio sozial bortitza jasango zuten. Aipatu den bezala, familia funtsezkotzat jotzen zen gizarte batean, emakume ezkongabeek kritikak eta susmoak jasan zitzaketen aukeratzeagatik. Senarraren eta ondorengoen falta, askotan, gizarteak onartutako arauaren desbideratze gisa ikusten zen, estigma sortuz eta aukera sozial eta erlijiosoak mugatuz. Gainera, emakume hauek, ekonomikoki lagunduko zien senar baten presentzia gabean, marginatutako lanetara jo behar izaten zuten sarritan. Hala, lapurretan aritu ziren emakume ezkongabe ugari ditugu, haietako asko atxilotu eta auzitegietan salatu zituztelarik. Jarduera hauek herri xehearen emakume ezkongabeenganako irudia okertzera eramango zuen, legez-kanpoko jarduerekin lotuz bere irudia, eta laguntza, zein ekonomiko nola humanitarioak, lortzea lan geroz eta zailagoa izango zen berentzat. [5]

Hala ere, lapurretekin baino gehiago, bakarrik zeuden emakumeak prostituzioarekin eta moraltasun ezarekin lotzen ziren Erdi Aroko gizartean. Neska ezkongabeek susmo txarrak pizten zituzten, eta batzuetan jazarpenak ere jasan behar izaten zituzten. Gizon bat alboan ez izatean halako jarduera ez-moraletan jardun beharko zutelako ustearen eta hauek zigortu egin behar direla defendatzearen ondorioz, orokorrean ondasunik eta babesik ez zuten emakumeen aurka gertatzen zen jazarpena. Horrela, Elizatik zein predikarien partetik hirietako emakume ezkongabe behartsuei jarduera moraletan jarduteko mezuak bidaltzen zitzaizkien, senarraren faltak ekarritako pobrezia lizunkeriaren zuzeneko kausa gisa ezarriz.[7]

Hala izanik, Erdi Aroko emakume ezkongabeek susmo txar eta desprestigio horiengatik ateratzeko bideak sortuko dituzte, bi izanik garrantzitsuenak. Alde batetik, ohaidetza-harremanak, hau da gizon batekin bizitzea baina berekin ezkondu gabe, eta bestetik, Elizak eskaintzen zizkieten bideak, hau da, konbentu-bizitza.

Ohaidetza harremana aukeratzen zuten emakumeek askatasuna premiatuz egin ohi zuten, edozein presio sozial eta moralisten kondena alde batera utzita. Ezkongabe zirauten bitartean, haien nortasun juridikoak ez zuen inolako kalterik jasango, ez baitzen senarraren eta ezkontzen kondizioen mende geratzen, baina aldi berea, babes ekonomiko bat izango zuten. Kasu batzuetan, emakume hauek ezkonduak egotearen plantak egiten zituzten, eta hala, promiskuotasun estigmak urrundu. Bizitza erlijiosoa aukeratzen zuten emakumeek, bestetik, sarritan arrazoi soilik ekonomikoak izaten zituzten atzetik. Hala oso ohikoak dira familia baten baitan doteko dirurik ez duten alabak, denbora bat ezkongabe igaro ostean, konbentu edo orden erlijioso batean sartzea, hala familiarentzat zama ekonomiko bat kenduz.[5]

Bizitza erlijioso eta sekularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume askorentzat, Erdi Aroan, erlijio-bizitza edo ezkontza ziren askotan gizartean onartutako aukera bakarrak. Ezkongabe geratzea erabakitzen zutenek gizartean onartutako leku bat aurkitzeko erronkei aurre egin ahal zieten, beren rol nagusia ezkontzarekin eta amatasunarekin oso lotuta baitzegoen. Hori dela eta, emakume ezkongabe batzuek beren lekua aurkitu zuten erlijio-esparruan, monasterio- edo komentu-aginduekin bat eginez. Emakume horiek nolabaiteko autonomia izan zezaketen eta otoitzean, ikasketetan edo karitatezko jardueretan jardun zezaketen, erlijioaren barruan helburu eta komunitate zentzua aurkituz.

Hala ere, hau ez zen guztientzat eskuragarri zegoen baliabidea; izan ere, erakunde monastikoek dotea ordaintzeko eskatzen zuten, ondasun higigarrietan edo eskudirutan emanda, haietan sartu ahal izateko. Beraz, erlijioan sartzea gizarte-maila altuetako emakumeei bereziki zuzendutako irteera bat zen. [8]

Testuinguru horretan erlijiotasun modu berri bat sortu zen: beginen mugimendua. Lidergo maskulinorik gabeko espiritualtasun-taldea zen, komunitatean edo bakarka praktika zabalak egiten zituzten emakume laikoek osatutakoa. Bizimodu hau XI. mendearen bigarren erdialdean erreforma gregoriarrak eragin zituen aldaketa sozialei esker sortu zen, eliz erakundeen indartzearekin, apaizen autoritate moral eta espiritualaren gehikuntzarekin, urbanizazio prozesuarekin eta ekonomia monetario baten agerpenarekin, eta arrazoi guzti hauen bidez zalantzan jarri zen bizitza kristaua. Emakume horiek bakarrik bizi ziren, bikoteka edo talde txikietan, eta 1230eko hamarkadatik aurrera beren komunitateak formalizatzen hasi ziren.

Elkarte hauek emakumeei aterpea eta lana eskaintzen zitzaien lekuak izan ziren, ezkondu nahi ez zutenak edo, indarkeriazko testuinguruan babesa bilatzen zuten emakumeak. Beste emakume batzuk begin bizitzara batu ziren ez zutelako estatus sozial edo diru nahikorik komentu tradizional batean sartzeko. Izan ere, esan bezala, XIII. mendetik aurrera komentuetan sartzea arautuago zegoen, eta, beraz, gizarte-klaseak baldintzatu egiten zuen erlijio-bizitzarako sarbidea.

Heresiaren susmoak laster erori ziren beginen gainera XII. eta XIII. mendeetan Elizaren egiturak gogortu zirenetik. Elizak debozio laikoa eta heresia kontrolatzeko borondatea zuenez, komunitate honi erreparatu zion, ez baitzuten arau formalik eta ez baitzeuden parrokiako kleroaren menpe. Nolanahi ere, Elizak beginak heresiaz salatzen ez zituenean, alfertasuna edo legez kanpoko eskaletasuna zela esaten zuen.[2]

Espainiaren kasuan “beata” deitzen ziren. Emakume hauek kastitate-boto informalak egiten zituzten, beren burua sexu-grinarik gabekotzat jotzen zuten, eta ezkontza erabat ukatzen zuten.

Hala ere, bazeuden aukera ezberdinak emakume ezkongabeentzat eta erlijioarekin harremanik ez zeuzkatenak. Emakume ezkongabe batek, langile edo nekazari klasekoa zen kasuan, etxeko langile gisa lan egin behar izaten zuen normalean. Oso ohikoa da Erdi Aroko dokumentuetan ikustea, alarguntasuna gertatuz gero, hiriko zein landa-eremuko langileek senarraren lanbidea egiten jarraitzen zutela. Ia Europa osoan ikusten zen, bakarrik zeuden emakumeen kasuan, industria-lanen bat egiten bazuten, gremioetako kide gisa onartzen zituztela, gizonezkoen eskubide eta betebehar berdinekin.[9]

Emakumearen funtzioa garai hartan gizon baten emaztea edo alarguna izatea zen, edo baita aitaren alaba edo moja. Emakume bat ez bazen hauetako ezer, prostituta bezala kontsideratzen zen, edo desohorezkotzat eta ez-moraltzat jotzeko arriskua zuen. [10]

Erronkak eta aukerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan ezkontza beharrezkoa zen emakumezkoentzako, bakarrik zeuden emakumeek jasaten zituzten indarkerien babesle gisa. Asko bakarrik egon ziren alargundu zirelako edo inoiz ezkondu ez zirelako, batez ere Ingalaterra eta Erdialdeko Europako hirietan, non merkataritzan edo soldatapeko edo jornalari gisa lan egin zezaketen, hala nola ehungintza lanetan. Hala ere, emakumeek beren lanagatik jasotzen zuten soldata gizonena baino txikiagoa zen, eta asko pobrezia egoeretara hurbiltzen ziren. Egoera hauetan zeuden emakumeek, kasu askotan lapurretetara jo behar izaten zuten, baina, batez ere, prostituziora. Zer esan beharrik ez, prostituziotik ateratzen zen emakumeak oso aukera gutxi zituen ezkontzeko edo komunitate erlijioso batean sartzeko, sozialki mespretxatua eta pobrea baitzen.[2] Pobrezia, gosete, izurrite edo gainpopulazio handiko garaietan, emakume ezkongabe behartsu batek ahalegin handiak egin behar izaten zituen bizirauteko, beste pertsona ahul batzuek bezala.[10]

Pobrezia ez zen bakarrik zeuden emakumeek jasan zezaketen arrisku bakarra, gizonek eragindako beste indarkeria batzuen aurrean ere ahulagoak ziren; izan ere, hura babestuko zuen erreferente maskulino bat ez izateak komunitateari zintzotasun gutxiko susmoa eragiten zion, eta, beraz, babes gutxi zuten.[2]

Erdi Aroko gizartean gizonezkoen figurak, aita, senarra edo anaia izan, autoritatea eta babesa zituen emakumeengan. Erreferente maskulino bat gabe, emakume batek bere autonomian mugak izan zitzakeen, eta erabaki garrantzitsuak hartzeko edo baliabideak eskuratzeko oztopoei aurre egin; adibidez, aita edo senarrik ezean, zailagoa zen lurrak, jabetzak edo baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta horrek mugatu egiten zion bere burua mantendu eta babesteko gaitasuna.

Jarreren bilakaera denboran zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume ezkongabeen proportzioak aldatu egin zen mendeetan zehar. Ingalaterran bakarrik, eta agian Flandrian eta kontinenteko hiri handi batzuetan, zalantzarik gabe, emakume ezkongabeen kontzentrazio handi samarrak zeuden. XVI. mendearen erdialdera, Europa iparraldeko emakume ezkongabeen proportzioak gora egiten hasi ziren. Aldaketa abiadura motelagoa zen Mediterraneo aldeko Europan, baina han ere ezkontzeko adina poliki-poliki igotzen hasi zen XVII. mende amaieran. XVIII. mende amaierarako, Europa hegoaldeko eremu asko zeuden iparraldeko Europan adina emakume ezkongabe zeudela.[11]

Gizarteko aldaketa hau, biztanleen pentsaeran ere eragina edukitzen hasiko zen, bilakaera bat emanez denborak aurrera egin ahala. Horrez gainera, hirien garapenarekin eta merkataritzarekin, lan aukera gehiago sortu ziren emakume ezkongabeentzat. Batzuk jostun, ehule, saltzaile edo nekazaritza lanetan ere jarduten hasi ziren. Aukera horiek nolabaiteko independentzia ekonomikoa ematen zieten, eta, beraz, gizon baten mende egon gabe irauteko gaitasuna zuten.

Ezkongabe ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Villalba Ruiz de Toledo, Francisco Javier. (2015). Para comprender la Edad Media (No. 300).. Editorial Universidad de Sevilla..
  2. a b c d Tojal Rojo, Axel. (2017). La mujer en la edad media: religiosidad y cultura.. , 5 or..
  3. a b Miragaya Pinedo, Estíbaliz. (2022). El matrimonio en Zaragoza en la Edad Media. Uniones, Presión social y márgenes de autonomía.. , 12-15 or..
  4. Blanco Valdés, Carmen. (2009). La mujer en la literatura de la Edad Media ¿Un reflejo de una sociedad misógina?. .
  5. a b c Pérez González, Silvia María. (2010). Mujeres liberadas de la tutela masculina: de solteras y viudas a fines de la Edad Media.. CUADERNOS KÓRE, 31-54 or..
  6. Ratcliffe, Marjorie. (1990). Así que donde no hay varón, todo bien fallece: La viuda en la legislación medieval española.. Revista Canadiense de Estudios Hispánicos, 589-596. or..
  7. Duby & Perrot, Georges & Michelle. (2000). Historia de las mujeres Tomo 2: La edad media.. Taurus..
  8. Paz Moro, Agurtzane. (2020). El Monacato Femenino Medieval a través de los monasterios de Barría y Quejana. Álava Medieval / Erdi Aroko Araba.. .
  9. Santonja, Pedro. (2007). Mujeres religiosas: beatas y beguinas en la Edad Media. Textos satíricos y misóginos.. , 3 or..
  10. a b McDougall, Sara. (2021). Singlewomen and Illicit Pregnancy in Late Medieval France: The Case of Marie Ribou (1481).. , 533 or..
  11. Bennett and Froide, Juddit & Amy. (1999). Singlewomen in the European past, 1250-1800.. University of Pennsylvania Press., 64 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]