Edukira joan

Joana Arc-ekoa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Joana Arc-ekoa

(1429)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakezezaguna, Jeanneton, Jeannette
JaiotzaDomrémy-la-Pucelle, 1412
Herrialdea Frantziako Erresuma
Lehen hizkuntzafrantses ertaina
HeriotzaRouen, 1431ko maiatzaren 30a (18/19 urte)
Hobiratze lekuaWinchesterreko katedrala
Heriotza moduaheriotza zigorra: sutan errea
HiltzaileaGeoffroy Thérage
Familia
AitaJacques Darc
AmaIsabelle Romée
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantses ertaina
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakmilitarra eta erlijio burua
Jasotako sariak
Santutegia
Maiatzaren 30a
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEhun Urteko Gerra
Orléansko setioa
Battle of Jargeau (en) Itzuli
Battle of Meung-sur-Loire (en) Itzuli
Battle of Beaugency (en) Itzuli
Battle of Patay (en) Itzuli
March to Reims (en) Itzuli
Siege of Paris (en) Itzuli
Siege of Saint-Pierre-le-Moûtier (en) Itzuli
Siege of La Charité (en) Itzuli
Siege of Compiègne (en) Itzuli
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Musicbrainz: 511c0e77-5d1c-4c47-a7e7-7dd9e43afe22 Songkick: 241937 Find a Grave: 22152 Edit the value on Wikidata

Joana Arc-ekoa,[1] frantsesez Jeanne d'Arc –/ʒan daʁk/ ahoskatua– (Domrémy, Bar, 1412 aldera - Rouen, 1431ko maiatzaren 30a), Orléansko dontzeila –frantsesez la Pucelle d'Orléans edota Jeannete ezizenez ere ezaguna[2], Frantziako heroi nazionala eta Eliza katolikoaren santua da. Laborari etxe batean jaio zen, eta, Jainkoaren mezulari gisa, garaipenera eraman zuen Frantziako armada, ingeles osteen aurka, Ehun Urteko gerran.

Joanak esan zuen Mikel goiaingeruaren, Santa Margaritaren eta Katalina Alexandriakoaren ikuskariak izan zituela. Horiek Karlos VII.ari laguntzeko, eta Ehun Urteko gerraren amaieran Frantzia ingelesen mendetik askatzeko aginduak eman zizkioten. Karlos VII.ak, artean koroatu gabea, Joana Orléanseko setiora bidali zuen sorospen-armadako kide gisa, eta han ospea irabazi zuen setioa bederatzi egunera soilik altxatu zelako. Beste garaipen azkar batzuei esker, Karlos VII.a Frantziako errege koroatu zuten Reimsen. Hainbeste itxarondako gertaera hark frantziarren morala goratu zuen, eta azken garaipenerako bidea erraztu.

1430eko maiatzaren 23an, Joana Borgoinako fakzioak, ingelesekin aliatuta zegoen noble frantsesen talde batek harrapatu zuen Compiègnen. Ondoren, ingelesen eskuetan utzi zuten[3], eta Pierre Cauchon gotzainak prozesatu zuen hainbat akusaziopean[4].​ Errudun aitortuta, 1431ko maiatzaren 30ean, 19 urte inguru zituela, Rouenen, Juan de Bedford dukeak sutan erretzeko agindu zuen[5].

1456an, Kalisto III.a aita santuak baimendutako inkisizio auzitegi batek bere epaiketa aztertu; bere aurkako karguak baliogabetu; errugabea zela adierazi, eta martiri izendatu zuen[6] XVI. mendean Liga katolikoaren ikur bihurtu zuten, eta, 1803an, Frantziako ikur nazional izendatu zuten Napoleon Bonaparteren erabakiz[7].​ 1909an beatifikatu, eta, 1920an, kanonizatu egin zuten. Joana Arc-ekoa Frantziako bigarren mailako bederatzi zaindarietako bat da, eta, hilez geroztik, figura herrikoi eta kultural nabarmena izaten jarraitu du, idazle, artista eta konpositore asko berarengan inspiratu baitira.

Garaiko erregistroak ez direnez guztiz fidagarriak eta ohitura garaikide ezberdinak direla eta, ez da ziurtasunez jakiten ahal Joana Arc-ekoaren jaiotze izena. Domrémy herrixkan jaio, eta hazi zen, Frantziako Erresumaren ipar-ekialdeko garaiko mugan[8].​ Bere sinadura guztiak Jehanne forma frantses ertainean agertzen dira, abizenik gabe. Frantses modernoan, bere izena beti Jeanne d'Arc gisa agertzen da; horrek islatzen du hizkuntzak, denboran, izandako bilakaeran eragindako ortografia-aldaketak. Bere bataio-izena, batzuetan, «Jeanneton» edo «Jeannette» gisa ere transkribatu izan dira, baina baliteke Joanak -eton edo -ette atzizki txikigarriak ezabatu izana nerabezaroan[9].

Arc abizena XIX. mendeko frantsesetik eta haren aitaren izenetik, Jacques d'Arc, eratorria da. XV. mendeko abizen frantsesetan, apostrofeak ez ziren inoiz erabiltzen, horrek, batzuetan, toponimoak eta D hizkiaz hasten diren beste izen batzuk nahastera darama. Latinezko erregistroen arabera, zeinak desberdintasun bat islatzen baitute, baliteke aitaren abizena Darc izatea[10][11].​​ Transliterazioa fonetikoa zen, eta jatorrizko erregistroek beren abizena gutxienez bederatzi forma desberdinetan aurkezten dute: Dars, Day, Darx, Dare, Tarc, Tart edo Dart[12][13].

Gauzak are gehiago korapilatzeko, XV. mendean, abizenak ez ziren unibertsalak eta abizenaren herentziak ez zituen, halabeharrez, gaur egungo patroiak jarraitzen. Joanak epaiketan adierazi zuen bere jaioterriko ohitura neskak amaren abizena eramatea zela. Joanaren ama Isabelle Romée eta Isabelle de Vouthon izenez zen ezaguna. Bi bertsioek aldaketa txikiak zituzten dokumentu ezberdinetan izena eta abizena idazteko moduan, baina ez da Joanaren bizitzaren erregistrorik gordetzen bere amaren edo aitaren abizena erabiltzen zuela frogatzen duenik, baina, sarritan, bere buruari, Pucelleesaten zion, «dontzeila» gisa itzultzen dena. XIX. mendearen erdialdera, Jeanne d'Arc eta Joana Arc-ekoa forma estandar bihurtu zirenean, literaturak eta hari dagozkion artelanek Pucelle edo Orléanseko dontzeila gisa deskribatu ohi dute.​ Tradizio hori islatzeko, bere jaioterriari, Domrémy-la-Pucelle izena jarri diote[13].​

Esan bezala, Joana 1412an jaio zen familia xume batean. Bere aita, Jacques d’Arc deiturikoa, nekazaria zen[14]; amak, Isabelle Romée[15] zuen izena, eta lau anai-arreba zituen: Jacques, Jean, Pierre eta Catherine[16]. Txikitan, Joanak ez zekien, ez irakurtzen, ez idazten, baina gurasoei baserriko lanetan asko lagundu ohi zien neskatoa zen; era berean, gaixoei laguntza eskaini ohi zien baita ere[17]. Ehun Urteko gerrak 75 urte zeramatzan hasi zenetik, baina Joanak funtsezko zeregina bete zuen gerraren amaieran Karlos VII.a Frantziako erregeari leialtasuna zin eginez.

Joanak, 13 urte zituenean, sarri joan ohi zen bere herriko parrokiara aitortzera, komulgatzera eta sermoiak entzutera. Egun batean, landan zegoela, Joanak hurrengoa gertatu zela adierazi zuen: argi bat ikusi zuen lehenengo, eta, bat-batean, Mikel goiaingeruaren ahotsa entzuten hasi zen; hark ongi portatzeko eta ingelesak Frantziatik kanporatzeko agindua eman zion. Goiangeruarekin batera, Santa Katalina eta Santa Margarita ere agertu zitzaizkion neskatoa konbentzitu nahian.

Ahots horiek zenbait urtez agertzen jarraitu zuten, eta, haietako batean, Karlos dofinari laguntza eskaini, eta Orléansko setioa askatu behar zuela agindu zioten. Horren ondorioz, Joanak erregearekin audientzia bat eduki nahi izan zuen, baina, hasiera batean, Robert de Baudricourtek (Frantziako Vaucouleors-eko noble txikiak) atzera bota zuen Joana. Azkenean, Joanak konbentzitu zuen Baudricourt, eta Karlos dofinaren egoitzara arte, hau da, Chinonera arte, lagunduko zion eskolta bat eskaini zion; bidaia hori egiteko, Joana soldaduz jantzi zen; garaian, 17 urte zituen.

Kanpaina militarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joana Arc-ekoa, XV. mendeko miniatura batean.

Frantziaren egoera oso larria zen Joanak Orléansko setioa apurtzeko xedea hartu zuenean, 1429an. Herrialdea ia ehun urtez egona zen gerran; lurraldearen iparralde osoa etsai ingeles zein borgoinatarrengandik okupatuta zegoen. Ekonomia krisian zegoen landa-lurren suntsiketarengatik eta merkataritza-bideen apurketarengatik, eta egoera politikoa oso delikatua zen Karlos dofina oraindik koroatu gabea zelako eta haren postua hartu nahi zuten hainbat pertsonen mehatxua etengabekoa zelako. Beraz, ez da harritzekoa Armagnac-eko fakzioko kide eta soldaduen kemena oso baxua izatea. Hala ere, kontuan hartu behar da, Joana gerran sartu baino lehen ere, Ingelesen aurkako erresistentzia sutsua egiten ari zirela herri askotan, hala nola Orléansen, Karlos dofinak ekintza militar ahulago bat egitea nahiago bazuen ere. Joana agertzean, herri horiek haren irudira jo zuten determinazio eta itxaropen bila[18].

Orléansko setioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1429ko apirilaren 26an, Joanak, erregearen armadarekin batera, Bloisetik Orléanserako bidea hasi zuen. Armadaren zati handiena, Loira ibaiaren hegoaldean geratu zen handik ofentsiba hobeago bat aurkeztuko zutelakoan. Beraz, Joanak gizon talde murriztuago batekin jarraitu zuen aurrera; talde horretan, Jean de Dunois zegoen, ordura arte Orléansko hiria defendatzez arduratu zen gizona[19]. Ekialdetik gerturatu ziren, hiriaren mendebaldean ingelesen postu ugari aurkitzen baitziren; taldeak ez zuen arazo handirik aurkitu (Joanak eragindako “mirariei” esker izan zela argudiatzen zuten), eta, azkenean, apirilaren 29an[20], Orléansera Borgoiniako atetik sartzea lortu zuten[21].

Joana Arc-ekoa Orléans inguruko setioan

Joana borrokan hasteko irrikan zegoen, eta frantsesen lehenengo erasoa maiatzaren 4ean izan zen, Orléansetik ekialdera zegoen Saint Loup-eko gotorlekuaren aurka. Guduak 3 ordu iraun zituen, eta, azkenean, frantsesak atera ziren garaile. Lehen garaipen horrek Joanaren eta bere gizonen konfiantza handitzea eragin zuen. Hurrengo eguna, maiatzaren 5a, Igokunde jaia zen, eta Joanak borroka egiteari uko egin ziola kontatzen du Jean Pasquerelek, Joanaren aitor-entzuleak, jai kristaua baitzen; beste iturri batzuek, aldiz, adierazten dute egun horretan Joanak Jean Saint le Blanc-eko gotorlekua erasotzen saiatu zela, ingelesek utzi zutena. Dakiguna da egun horretan Joanak beste gutun bat bidali ziela ingelesei, non Frantziatik erretiratzea aholkatu eta preso zuten mezulari baten askapena eskatzen zuen Saint Loup-en lortutako harrapari batzuen truke. Papera gezi batean lotu zuen, eta balezta bat erabiliz jaurti zien, baina ingelesek ez zioten kasurik egin [22].

Joan of Arc enters Orléans, Jean-Jacques Scherrer-ek egina (1887, Musée des Beaux-Arts d'Orléans)

Maiatzaren 6an, Les Augustins-eko gotorlekua konkistatzea lortu zuten gudu luze eta neketsu baten ostean. Ondoren, noble frantsesek erabaki zuten denbora batez gelditzea deskantsatzeko eta erregearen errefortzuei itxaroteko, baina Joana ez zegoen horrekin ados, eta Tourells-eko gotorlekua erasotzeko prestakuntzak egiteko agindu zuen. Hurrengo egungo goizean ekin zioten erasoari; Joana zauritua izan zen lepo eta sorbaldaren artean, baina borrokatzen jarraitu zuen garaipen erabakigarria lortu arte. Biharamunean, maiatzaren 8an, oraindik bizirik geratzen ziren soldadu ingelesak formazioan agertu ziren, eta gauza bera egin zuten frantsesek, baina Joanak erasorik ez egiteko agindu zuen. Azkenean, ingelesak borroka egin gabe erretiratu ziren Orléansetik[23].

Loirako kanpaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren hasieran, Joanak adierazi zuen Jainkoak esan ziola haren hurrengo eginkizuna Reimseko hirian erregea koroatzea izango zela, eta hala egiteko agindu zion dofinak. Karlosek Chinon-etik Reimserako bidaia egin ahal izateko, lehenengo, Loire ibaian zehar kokatuta zeuden postu ingelesak suntsitu behar ziren. Kanpaina horren buruzagia Jean II d’Alençon izan zen, baina, Joanaren lagun mina zenez, erabaki militarrak hark hartzea onartu zuen[24]. Ekainaren 12an, Jargeau konkistatu zuten. 15ean, Meung-sur-Loireko zubia konkistatu zuten, eta, egun berean, Beaugencyko gotorlekua setiatzen hasi ziren[25]. Ingelesek ekainaren 17ko gauean abandonatu zuten herria. Joanak Parisera ihesean zihoazen ingelesak jarraitzea aholkatu zuen, eta bi armadek aurre egin zioten elkarri Patay-ko guduan; ez dago guztiz argi zein izan zen Joanaren papera gudu horretan, eta, borrokan, ez zuela zuzenean parte hartu uste da[26]

Karlos VII.aren koroatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armagnac-en, armadak Reimserako bidean jarraitu zuen, eta topatzen zituzten herri gehienak borrokarik gabe errenditu ziren. Soldadu ingelesen garnizioak oso herri gutxitan agertzen ziren, eta txikiak izan ohi ziren; gainera, ordurako, herri horiek armada frantsesaren balizko garaipenean sinisten zuten Joanaren parte hartzeari esker[27].  

Bitartean, Karlos dofina Gien herrira lekualdatu zen, Orléansetik ekialdera. Bere gortean Reimsera joatearen aurkako iritziak bazeuden ere, azkenean, Joanaren nahiei kasu egin, eta, ekainaren 29an, bidaian jarri ziren. Lehenengo geldialdia, Auxerre hirian egin zuten, Borgoinaren kontrolpean zegoena. Hiru egunez negoziatu ondoren, hiriak amore eman zuen odolik isuri gabe. Ondoren, Troyeseko hirian gelditu ziren, berriro ere borgoinarrek kontrolatzen zutena, eta, bertan, 500-600 soldadu inguru zeuden. Joanak gutun bat bidali zien errenditzeko eskatuz, baina ez zuen erantzunik jaso. Egunak pasata, Joanak setiorako prestakuntzak hasi zituen, eta hiritarrek, eraso baten beldurrez, beren amore ematea negoziatu zuten [28].

Uztailaren 12an, bidearekin jarraitu zuten, eta 16an iritsi ziren Reimsera: bertan, hiritarrek pozik hartu zituzten. Hurrengo egunean, Karlos VII.a Frantziako errege gisa izan zen koroatua hiriko katedralean, hirian zehar egindako prozesio baten ostean eta Joana bere alboan zuela[29].  

Epaiketa eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos VII.a erregearen koroatzearen ondoren, hasiera batean, erregea Filipe Onbera Borgoinako dukearekin harreman baketsu bat ezartzen saiatu zen, baina erresumaren iparraldeko gotorlekuak hesitzea ere erabaki zuen, eta, ondorioz, saiakera bertan behera utzi zen. Armada frantsesa hautsita zegoen, eta Joanak bere aldetik jarraitzea eta bere erasoaldietan oso arrakastatsua ez zen tropa txiki baten buru izatea erabaki zuen. Aurreko guztiarekin, Joanaren ospeak bere horretan jarraitzen zuen, jendeak bere dohain jainkotiarrean sinesten zuen eta.[30][31]

Adolf Alexander Dillensen 'Joana Arc-ekoaren harrapaketa' (1847-1852). Hermitage Museoa, San Petersburgo (Errusia).

Erregearekin su-eten bat hitzartu zen arren, Borgoinako dukea beste erasoaldi baterako prestatu zen, eta Karlos VII.aren alde jarri ziren Champagne eta Brieko hiriak berreskuratzeko asmoz. Eraso horietan, Compiegne setiatua izan zen, eta Joanak, soldadu talde txiki bat gidatzen zuela, hiria askatzeko erabakia hartu zuen; jendeak zalantzan jartzen zuen Joanak horretarako erregearen onespena jaso zuen ala ez, eta, gaur egun ere, ez dago argi. Hirira sartu zen egun berean, ilunabarrean, Joana bere troparekin hiritik irteten saiatu zen, baina  Borgoinako dukearen gizonek segada bat prestatu zuten, non Joana inguratu, eta harrapatu egin zuten. Harrapaketa horren ondorioz, Joanaren irudi idealizatua desagertu egin zen; jada ez zen Jainkoak bidalitako heroi bat bezala ikusten, heretiko bat bezala baizik. Deklarazio horien atzean, ingelesek Karlos erregearen koroatzeari zilegitasuna kentzeko zituzten interesak zeuden ezkutatuta. Ingelesek borgoinatarrekin negoziazioak hasi zituzten, eta erreskatea ordaindu zieten neska bereganatu eta inkisizio-prozesu baten pean jarri ahal izateko.[30][31]

Urte horren amaieran, Joana Rouen hirira eraman zuten, Henrike VI.a erregea eta Bedfordeko dukea zeuden lekura. Joanaren prozesamendua Pierre Cauchonek zuzendu zuen, Jean Le Maîte Beauvaisko apezpikua eta inkisidore domingotarra, errege ingelesaren gertuko elizgizona zena. Haren heresiaren frogak biltzeko, ikerketa bat egin zen Joanaren jaioterrian, eta, 1431ko urtarrilaren 3an, bere aurka zeuden karguak bildu zituzten. Lehenik eta behin, Jainkoaren legea hautsi izana leporatu zioten gizon bat gisa jantzi eta armak eramateagatik; gainera, jendea  engainatu zuela leporatu zioten, Jainkoak bidali zuela sinetsarazi zielako, eta, azken buruan, heretikoa izatea leporatu zioten. Behin epaiketa hasita, Pierre Cauchonek sorginkeria akusazioa gehitu zion aurreko kargu horiei.[31]

Joana Arc-ekoaren heriotza sutan, Hermann Stilke (1843)

Otsailaren 21ean, Joana lehen aldiz agertu zen auzitegian, Cauchonek eta beste aholkulari batzuek (batez ere elizgizonak, prelatuak, teologoak eta abokatuak) osatzen zutena. Epaiketak bost hilabete iraun zuen, eta ez zuen abokaturik izan; beraz, bere burua defendatu behar izan zuen. Apirilean, hamabi artikuluz osatutako zerrenda bat onartu zen, akusazio guztiak jasotzen zituena, eta Parisko Unibertsitateko Teologia eta Zuzenbide kanonikoko fakultateek aztertzeko bidali zen. Azterketa burutzen zen bitartean, Joanarengandik aitorpen bat lortzen saiatu ziren. Hasieran, hitzekin eta era leun batean, Joana konbentzitzen saiatu ziren, baina, maiatzean, torturarekin eta mehatxuekin hasi ziren. Hala ere, Joanak ez zuen bere erruduntasuna onartu. Lehen aipatutako zerrenda Frantziak onartu zuenez, Joanak, bere ekintzengatik damurik erakusten ez bazuen, zigorra jasoko zuen.[31]

Maiatzaren 23an, Joanaren aurrean, epaiketaren sententzia irakurri zuten, eta atzera egiteko eskaintza egin zioten, baina, ezezkoa eman zuenez, Joana Rouengo kanpoaldera eraman zuten, eta, han, suaren aurrean jarri zuten. Azken epaia eman zenean, Joanak atzera egitea onartu zuen. Orduan, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten, zigorra murrizteko aukerarekin behar bezala jokatzen bazuen eta emakume gisa janzten bazen. Egun batzuk geroago, Joana gizonez jantzita aurkitu zuten, eta adierazi zuen entzun zituen ahotsei traizio egitea aurpegiratu ziotela eta ezin zuela bere kontzientzia garbi eduki. Azkenean, aurreneko heriotza-zigorra ezarri zioten. Hilabete bereko 30ean, Joana heresiagatik kondenatu, eta sutan erre zuten Rouengo merkatu zaharreko plazan egindako zeremonia publiko batean. Azkenik, Joanaren errautsak ibaira bota zituzten bere irudia guztiz ezabatzeko asmoarekin.[31]

Hil osteko ekitaldiak eta errehabilitazio-epaiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joanaren exekuzioak ez zuen egoera militarra aldatu. Haren garaipenek armagnactarren kemena piztu zuten, eta ingelesak ez ziren kemena berreskuratzeko gai izan[32][32][32].​ Joana hil ondoren, Ehun Urteko gerrak beste hogeita bi urte iraun zuen. Karlos VII.ak zilegitasuna mantendu zuen Frantziako errege gisa[33][34][35], nahiz 1431ko abenduaren 16an Parisko Notre Dame katedralean Enrike VI.aren koroatze ekitaldia egin[36].​ Ingalaterrak, botere militarra eta bere arkularien indar beldurgarria (1429an oso sarraskituak) berreskuratu baino lehen, Borgoinarekin zuten aliantza galdu zuten 1435ean, Arras-ko Ituna sinatzean[37].​ Bedfordeko dukea urte horretan bertan hil zen, eta Henrike VI.a erregeorderik gabe gobernatzen zuen Ingalaterrako historiako erregerik gazteena bihurtu zen. Haren lidergo ahula izan zen, Frantziako gatazka luze horren amaierarako faktore erabakigarria, seguru asko. Gerra Joana hil eta hogeita bi urtera amaitu zen, 1453an Castillongo guduan frantziarrek garaipena lortu ondoren[38], ingelesak Frantzia osotik, Calaisetik izan ezik, kanporatu zituztelarik[39].

Kelly DeVries historialariak dio Joana Arc-ekoak erabilitako artilleria oldarkorrak eta aurrez aurreko erasoek frantziar taktiketan eragina izan zutela aurrerantzeko gerran[40].

Errepresentazioa kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joana Arc-ekoaren bizitzak hainbat lan inspiratu ditu Erdi Arotik gure egunera arte; hurrengo tauletan, bere pertsonaiari buruzko hainbat pelikula eta liburu agertzen dira.

Pelikulak
URTEA TITULUA EGILEA
1916 Joan the Woman Cecil B. DeMille
1928 La pasión de Juana de Arco Carl Theodor Dreyer
1949 Juana de Arco Victor Fleming
1954 Giovanna d'Arco al rogo Roberto Rossellini
1957 Santa Juana (La Dama de Hierro) Otto Preminger
1962 Proces de Jeanne d’Arc Robert Bresson
1994 Juana de Arco - Las Batallas / Juana de Arco II - Las Prisiones Jacques Rivette
1999 Juana de Arco Luc Besson
1999 Joan of Arc Christian Duguay
2017 Jeannette, la infancia de Juana de Arco Bruno Dumont
Liburuak
URTEA TITULUA EGILEA
1429 Le Dieté de Johana de Arko Christine de Pizan
1591 Henry VI, part 1 William Shakespeare
1756 La Pucelle d'Orléans Voltaire
1801 Die Jungfrau von Orléans Friedrich Schiller
1896 Personal Recollections of Joan of Arc Mark Twain
1912 Le mystère de la Charité de Jeanne d'Arc Charles Péguy
1959 Die Heilige Johanna der Schlachthöfe Bertolt Brecht
1964 The Dead Lady of Clown Town Cordwainer Smith
1968 The Image of the Beast Philip Jose Farmer
2003 Monstrous Regiment Terry Pratchett

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. (Gaztelaniaz) Ramos Quiñones, Jose Maria. (2012). «Juana de Arco, la espada de Dios» Clío: History and History Teaching 38: 2, 5. ISSN 1139-6237..
  3. Le procès de Jeanne d'Arc. .
  4. Pernoud 1982, 179, 220–22 orr. .
  5. Pernoud 1982, 233 orr. .
  6. Pernoud 1982, 269 orr. .
  7. Arend Berents, de Boer & Warner 1994, 8 orr. .
  8. Domrémy erregearen lurraldea zen, baina parrokia Toulko apezpikuaren menpe zegoen, hori Inperio Santuko jauna zelarik
  9. Michaud-Fréjaville, Françoise. (2005-06-01). «Dans son pays on l'appelait Jeannette…: Essai sur le discours et l'usage anthroponymique dans les Procès de Jeanne d'Arc» Cahiers de recherches médiévales et humanistes (12): 143–156.  doi:10.4000/crm.728. ISSN 2115-6360..
  10. Joan of Arc. 15, 420 or..
  11. Joan of Arc. Genvive 2017-06-11 (kontsulta data: 2020-07-04).
  12. Pernoud y Clin, pp. 220–221
  13. 1 2 Donald Spoto: Joan - The Mysterious Life of the Heretic Who Became a Saint (2007)
  14. (Gaztelaniaz) Campo, V.; Infantes, V.. (2006). La poncella de francia: la historia castellana de Juana de Arco. Vervuert, 9 or. ISBN 3893544720..
  15. (Gaztelaniaz) Ramos Quiñones, Jose Maria. (2012). Juana de Arco, la espada de Dios. Clío: History and History Teaching, 5-6 or. ISSN 1139-6237..
  16. DeVries, Kelly. (1999). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 29-30 or. ISBN 9780750927871..
  17. (Gaztelaniaz) Gauvard, Claude. (1989). Juana de Arco. Everest, 4 or. ISBN 8424154991..
  18. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 30 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  19. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 63, 71 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  20. Barker, Juliette. (2009). Conquest: The English Kingdom of France, 1417–1450. Little, Brown, 104 or. ISBN 9781408702468..
  21. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 71-72 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  22. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 80-81 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  23. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 82-92 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  24. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 101-102 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  25. Castor, Helen. (2015). Joan of Arc: a history. (1. U.S. ed. argitaraldia) Harper, 114 or. ISBN 978-0-06-238439-3..
  26. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 114-121 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  27. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 121-124 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  28. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 28-32 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  29. DeVries, Kelly. (2003). Joan of Arc: a military leader. Sutton, 131 or. ISBN 978-0-7509-2787-1..
  30. 1 2 (Gaztelaniaz) Gauvard, Claude. (1989). Juana de Arco. Everest, 18-19 or. ISBN 8424154991..
  31. 1 2 3 4 5 (Gaztelaniaz) Théry, Julien. (2022). «Juana de Arco. El proceso contra la doncella de Orléans» National Geographic.
  32. 1 2 3 (Gaztelaniaz) Juana de Arco. 2025-10-10 (kontsulta data: 2025-10-24).
  33. Allmand 1988, 57 orr. .
  34. Fuller, 490 orr. .
  35. Pernoud & Clin 1986, 166 orr. .
  36. Barker 2009, 229 orr. .
  37. Barker et al. Fuller.
  38. Allmand, 1988 & Burne 1956.
  39. Castor, 2015 & Gies 1981.
  40. DeVries 1999, 179–180 orr. .

Begiratutako bibliografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako bibliografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biografiak
Historiografia eta memoria
Frantsesez
  • (Frantsesez) Quicherat, Jules-Étienne-Joseph, ed. Procès de condamnation et de réhabilitation de Jeanne d'Arc dite la Pucelle. Publiés pour la première fois d'après les manuscrits de la Bibliothèque nationale, suivis de tous les documents historiques qu'on a pu réunir et accompagnés de notes et d'éclaircissements.. 1–5 New York: Johnson OCLC .728420.
  • (Frantsesez) Contamine, Philippe. (1994). De Jeanne d'Arc aux guerres d'Italie: figures, images et problèmes du XVe siècle. Orleans: Paradigme ISBN 2-86878-109-8..
  • (Frantsesez) Beaune, Colette. (2004). Jeanne d'Arc. Paris: Perrin ISBN 2-262-01705-0..
  • (Frantsesez) Michaud-Fréjaville, Françoise. (2005). Une ville, une destinée : Orléans et Jeanne d'Arc. Orleans, Paris: Honoré Champion.
  • (Frantsesez) Neveux, François. (2012). De l'hérétique à la sainte. Les procès de Jeanne d'Arc revisités. Caen: Presses universitaires de Caen ISBN 978-2-84133-421-6..
  • (Frantsesez) Contamine, Philippe; Bouzy, Olivier; Hélary, Xavier. (2012). Jeanne d'Arc. Histoire et dictionnaire. Paris: Robert Laffont ISBN 978-2-221-10929-8..
  • (Frantsesez) Guyon, Catherine; Delavenne, Magali. (2013). De Domrémy... à Tokyo: Jeanne d'Arc et la Lorraine. Nancy: Presses universitaires de Nancy ISBN 978-2-8143-0154-2..
  • (Frantsesez) Bouzy, Olivier. (2013). Jeanne d'Arc en son siècle. Paris: Fayard ISBN 978-2-213-67205-2..
  • (Frantsesez) Boudet, Jean-Patrice; Hélary, Xavier. (2014). Jeanne d'Arc: histoire et mythes. Rennes: Presses universitaires de Rennes ISBN 978-2-7535-3389-9..
  • (Frantsesez) Krumeich, Gerd. (2017). Jeanne d'Arc à travers l'histoire. Paris: Belin ISBN 978-2-410-00096-2..
Erlazionatutako historia

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]