Eneko Valdésen heriotza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eneko Valdés (1988-2024ko otsailaren 2a) gazteak drogen eraginez agerraldi psikotiko betean Poliziaren laguntza eskatu zuen Astigarragan, kokaina kontsumitu ondoren. Hasieran udaltzainak laguntzen saiatu ziren Ertzaintzaren Bizkor taldeak ardura hartu arte. Familiaren ustez Ertzaintzak gizona bortizki tratatu zuen eta anbulantzian sartu zutenerako hilda zegoen. Ertzainek esku hartu ordez anbulantzian eraman izan balute, Eneko Valdés oraindik bizirik izango zatekeela dio familiak. Auzitegian salaketa jarri eta Arartekora ere jo zuten.[1] Hedabide batzuek Juan Calvo kasuarekin parekatu dute.[2]

Gertaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokaina hartu ostean, delirio eta paranoia egoera batean sartu zen Valdés: tiro egiten ari zitzaizkiola pentsatu eta laguntza eskatzen hasi zen, izututa. Bizilagunek galdetu zioten ea Polizia deitzea nahi zuen, eta baietz. Astigarragako udaltzainak gerturatu ziren eta lasaitzen saiatu ziren, Valdésen eta ustezko erasotzaileen artean zeudela esan zioten, segituan anbulantziara jaitsiko zutela. [3]

Ertzaintzaren Bizkor unitateak atarian esku hartu zuen, eta ordura arte laguntzen ari zen erizain bizilagunari esan zioten aldentzeko. Berdina esan zioten Eneko Valdésen bikotekideari, lanetik iritsi zenean. Handik gutxira, Valdés anbulantziara jaitsi zuten, ohatilan etzanda, geldi. Familiaren bertsioak dio ordurako hilda zegoela Valdés, baina Ertzaintzak dio anbulantzian hil zela.[3]

Autopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorpuaren argazkietan ikus daitekeenez, hematomak zituen gorputz osoan, batez ere buruan eta beso batean. Autopsia otsailaren 5ean egin zioten, eta lesio gehiago ditu: saihets hautsiak, urradurak, erredurak, kontusioak...[4]

Ertzaintzak esana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertzaintzaren Kontrolerako Batzordean ertzainek adierazi dute gizona immobilizatu baino ez zutela egin, eskuak eta hankak helduz, “ekintza deskontrolatu eta biolentoak saiheste aldera”.[3] Halaber, Ertzaintzaren Kontrolerako Batzordera heldu zen gaia; zabaldu zenez, jazoeraz egin zuten aurretiazko txostenean ondorioztatu zuten drogen kontsumo gehiegizkoak eragin zuela gizonaren heriotza, polizien esku hartzeak baino gehiago.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, baita ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]