Ernetze
Ernetzea edo hozitzea hazi bat garatu eta landare bihurtzen duen prozesuari deritzo. Prozesu hori burutu ahal izateko, haziak baldintza egokiak behar ditu.
Ernetzeak hazia sor egoeratik ateratzen du. Haziak ez ezik, esporak ere (onddoenak, esaterako) ernamuindu daitezke.
Landare espermatofitoetan (gimnospermo eta angiospermoetan), ernalkuntzaren ondoren, obulua eraldatu eta hazi bihurtzen da. Hazia landare enbrionario txikia da, enbrioi bat bere barnean duena (baldintza egokietan landare berri bat sortuko duena). Horretaz gain, haziek ere janari erreserba bat pilatzen dute (gluzido, lipido eta proteinak) eta estalki edo tegumento bat dute, egitura osoa babesten duena.
Ernetzea ongi burutu ahal izateko, hazia toki egoki batera eramanda izan behar da, ohiko eragile barreiatzaileen bidez. Ingurune egoki batean, hazia ernamuindu egingo da.
Ingurune horrek tenperatura, ura, oxigenoa eta argi egokiak izan behar ditu.
- Tenperatura: hazi bakoitzak tenperatura zehatz bat behar du, baina orokorrean muturreko tenperaturek (hotz edo bero handia) ernetzea oztopatzen dute.
- Ura: beharrezkoa da. Ura hazian sartu eta enbrioira iristen da, sor egoeran guztiz lehortuta dagoena. Urak entzima batzuk aktibatzen ditu eta metatutako erreserbak metabolizatu daitezkeen substantziak bihurtzen ditu.
- Argia: beharrezkoa da hazi batzuentzat, baina beste batzuentzat ez.
Ernamuintzeko gaitasuna oso aldakorra da hazien artean. Batzuek sor egoeran urte luzeetan egon daitezke eta ernamuintzeko ahalmenari eusten diote. Hein handi batean metatutako erreserba edo janariekin lotuta dago ahalmen hori. Oso ohikoa ez bada ere, hainbat kasutan Egipto zaharreko hilobietan zeuden haziak ernamuindu dira ingurugiro egoki batean jarri direnean.
Bi ernetze mota daude: epigeoa eta hipogeoa. Lehenengoan kotiledoiak lurzoru gainetik hazten dira (tipula, uraza, babarruna...), eta bigarrenean kotiledoiak lurpean geratzen dira (ilarrak, zerealak, etab)