Errentagarritasun
Ekonomian, errentagarritasuna eskuraturiko mozkinaren eta horretarako inbertitutako baliabideen edo kapitalaren arteko erlazioa da, bien arteko zatiketaz kalkulatuta, gehienetan urtebeteko epe bati buruz. Adibidez, 2000 euroko inbertsio batean, urtean 100 euroko mozkinak eskuratu badira, errentagarritasuna (100/2000)=%5 da, hau da, inbertitutako 100 euroko 5 euroko mozkinak eskuratu direla esan nahi du. Jarduera ekonomiko baten eraginkortasuna baloratzeko funtsezko adierazlea da, errentagarritasun handiko jarduerak hobetsi eta errentagarritasun txikikoak baztertu egiten batira. Inbertitutako baliabideak nola ulertzen diren, errentagarritasunaren kontzeptu bi bereizten dira: alde batetik, errentagarritasun ekonomikoa, mozkinaren eta inbertituako baliabide guztien arteko erlazioa, baliabide hauetan jarduera ekonomikoan erabilitako kapital propioak nahiz besterenak (pasibo galdagarria) sartuz; eta bestetik, errentagarritasun finantzarioa, mozkinaren eta kapital propioaren arteko erlazioa. Beste irizpide baten arabera, errentagarritasuna bi eratara azter daiteke: era retrospektiboan, jadanik gauzatutako mozkinak hartuta; eta era prebisionalean, etorkizunean ustez izango diren mozkinak harturik, inbertsio-proiektuak aztertu eta ebaluatzeko, besteak beste barne errendimenduaren tasa (BET) kalkulatuz[1].
Loturiko kontzeptuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interes tasa banku gordailu eta titulu finantzarioek ematen duten errendimenduari buruz erabiltzen den kontzeptua da, bereziki finkoa denean; horietan inbertitutako kapitalaren balioaren gorabeherak kontuan hartuz sortzen da errentagarritasunaren kontzeptua.
Beste alde batetik, produktibitateak erabilitako baliabideek eragindako balio erantsiari egiten dio erreferentzia; balio erantsi horretatik eskuratutako mozkinak kontuan hartuta kalkulatzen da errentagarritasuna.
Mozkin-tartea, berriz, merkataritzan erabiltzen da bereziki. Produktu baten salmenta-prezioa ken kostua lizateke, era absolutuan; mozkin-tarte absolutua kostuarekin zatitzen bada, mozkin-tasa eskuratzen da. Mozkin-tartearen kalkuluan enpresako kostu finkoak ere kontuan hartzen badira, mozkin-tarte garbia eskuratzen da. Azken hau litzateke errentagarritasunaren kontzeptutik gertuen legokeen adierazlea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau ekonomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |