Errota Txiki
Errota Txiki | |
---|---|
Errota Txiki 1920. urte inguruan. Eraikinaren aurrean, ibai aldera, argi ikusten da errotaren osina. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°19′N 1°59′W / 43.31°N 1.98°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1920 |
Arkitektura | |
Errota Txiki itsas errota bat izan zen, Donostiako Urumea ibaiaren eskuinaldean egon zena 1926ko irailera arte. Ibaia bideratzeko lanak egin zirenean, ordurako baserri eta sagardotegi bihurtua zegoen eraikina bota egin zuten.
Beraren aztarna bakarra, gaur egun, itsas errotak erabiltzen zuen azelina da, Urumea ibaiaren horman itsatsia gelditu baitzen.[1]
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errota Txiki XVI. mendearen erdian eraiki zuten Juan Mendiburu eta Catalina Astina senar-emazteek. Iturri batzuek diotenez, Lapurditik etorriak ziren[2], baina ez dago horren froga argirik[3].
Euskal Herriko errota gehienen gisara, Errota Txikik errota izateari utzi zion, ziurrenik XIX. menderako, eraitsi zenean, 1926an, etxearen jabeek ez baitzuten oroimenik errota lanik egin izan zenik bertan. Errota izateari utzirik, Errota Txiki izenaz betiere, baserri eta, batez ere, sagardotegi izan zen desagertu arte. 1920ko hamarkadan oso ezaguna izan zen Donostian, besteak beste handik hurbil zegoen Iparraldeko geltokiko maletazainen artean.
Azelina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urumea ibaia bideratzeko lanak egin zirenean, 1926ko irailean Errota Txiki baserria eraitsia izan zen. Hondakinen artean, garai bateko Errota Txikiko azelina edo gurpil hidraulikoa agertu zen. Etxearen azken jabe Bizente Mendiburuk eta Donostiako Udalak hala erabakita[4], azelina Urumea ibaiaren horman itsatsia gelditu zen, Errota Txiki egondako leku berean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Aguirre Sorondo, Antxon. (1988). Tratado de molinología : los molinos de Guipúzcoa. Eusko Ikaskuntza ISBN 8486240662. PMC 21295542. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
- ↑ Bereciartúa Olarra, José María: «La Rueda quieta de Errota-Txiki» San Sebastián: revista anual ilustrada San Sebastián Año 32, n. 32 (1966ko maiatzaren 29koa), 60-61 or.
- ↑ Juan Mendiburu eta Catalina Astina 1671ko irailaren 20an ezkondu ziren Donostiako San Bizenteko elizan. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, DEAH/F06.061//1846/001-01 (f.114r, nº--/M,1671-09-20)
- ↑ San Sebastián: revista anual ilustrada San Sebastián, n. 8 (1942ko urtarrilaren 20koa), 64. or.