Itsas errota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Itsas errota edo marea-errota bat da itsasaldien gorabeheren indarra erabiltzen duena bere mekanismoa higiarazteko.

Itsas errotak itsasadarretan egon ohi dira, uhinen enbatatik aski babesean, baina, aldi berean, itsasotik hurbil, itsasaldien indar nahikoa jasotzeko. Europan itsas errotak ezagunak izan dira Erdi Aroaz geroztik, baita erromatarren garaietatik ere.

Birloteko itsas errota, Enez Vriad uhartea, Bretainian

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azelina ibilarazten[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas errota batek ur gordailu edo biltoki bat behar du, osina edo kunbo deitzen dena, ezponda edo eustorma batez itxia. Itsasgoran, osina urez betetzen da. Itsasbeheran, osinaren albatak edo hodiak irekitzen direnean, ura goitik behera erortzen da, azelinari (turbinari) eraginez eta, ondorioz, errotaren mekanismoa mugiaraziz. Kontuan izan behar da Euskal Herrian itsasgoraren gehieneko neurria 4,4 m dela, eta itsasbeherarena 2,8 m[1]. Itsas errota baten osinak bi neurri horien tartean egon behar du.

Itsasoaren goraldi-beheraldiak behar dituenez bere mekanismoari eragiteko, itsas errotak ordu batzuetan soilik egin dezake lana. Euskal Herrian itsasaldiak 12,42 orduko zikloa dutela kontuan izanda, 12 ordu bakoitzeko lau bat orduz aritu daiteke lanean gurean itsas errota bat. Mugakizun hori ahantzi gabe, ordea, erreka edo ibaien ur emariari loturik diren ur erroten aldean, itsas errotak ez du udako agorraldien beldurrik.

Kokalekuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errota Txiki itsas errota; aurrean, ibai aldera, osina ikusten da. 1920. urte inguruan.

Itsas errotak eraikitzeko leku erazko bat hautatzea ez zen lan erraza izaten. Alde batetik, itsasertzean ez bada ere, itsasotik aski urrean egon beharra dauka, itsasaldien indarra bereganatuko badu. Bigarrenik, itsas uhinen eta enbaten erasoetatik babesturik egon behar du. Azkenik, osina eraikitzeko gune egoki bat behar du, batez besteko itsasgoraren azpitik, goraldian bete dadin; baina itsasbeheraren aski gainetik, beheraldian, osinean gordetako ur jauziak garaiera nahikoa behar baitu, azelinari behar adinako indarrez eragiteko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzen den lehen itsas errota Londresen egon zen, Fleet ibaiaren ertzean eraikia erromatarren garaian[2].

Erromatarren garaian eraikitakoez geroztik, Irlandako itsasertzean aurkitu izan dira itsas errota ugari, baita Ingalaterran ere.  

Erdi Aroan, itsas errotak Europako itsasertz guztian zabaldu ziren, hartarako leku egokirik eskaintzen zuten eskualde guztietan: Eskozian, Galesen, Ingalaterran, Herbehereetan, Belgikan, Frantzian, Bretainian (bereziki bretoieraz Rank eta frantsesez Rance deitzen den ibaiaren ertzean), Galizian, Andaluzian edo Portugalen.

 Bernoko itsas errotaren osina eta ezponda, errota atzean dela, Île-d'Arz herrian (bretoieraz An Arzh)
Bernoko itsas errotaren osina eta ezponda, errota atzean dela, Île-d'Arz herrian (bretoieraz An Arzh)

XX. mendearen lehen hamarkadatan, itsas errotak gainbehera garbian sartzean dira Europa osoan. Esate baterako, 1938an egindako ikerketa batek agerian utzi zuen Ingalaterran gelditzen ziren 23 itsas errotetatik 10 besterik ez zirela erabiltzen.

XVIII. mendean, Londresen 76 itsas errota ziren erroldatuta, horietako bi Londreseko zubian bertan. Garai hartan, 750 bat itsas errota ziren Atlantikoaren itsasertzetan, horietatik 300 bat Estatu Batuetan[3], 200 inguru Erresuma Batuan[4] eta 100 bat Frantzian[5].

XX. mendearen lehen hamarkadatan, itsas errotak gainbehera garbian sartzean dira Europa osoan. Esate baterako, 1938an egindako ikerketa batek agerian utzi zuen Ingalaterran gelditzen ziren 23 itsas errotetatik 10 besterik ez zirela erabiltzen.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas errotak XII. mendearen amaieran hasten dira eraikitzen Euskal Herrian, ziurrenik gaskoiek ekarritako tekniketan oinarrituta, indar hidraulikoaren ustiapena jarduera ekonomikoaren alor askotara (burdinolak, meatzak, ehungintza...) zabaltzen hasi zen garaian. Geroago, XVIII. mendean, papergintzarako ere erabiltzen hasi ziren errotak Euskal Herrian, bereziki Gipuzkoako Oriako arroan eta Bizkaian[6].

Egindako ikerketen arabera, Euskal Herrian 36 itsas errota egon ziren: 8 Lapurdin, 14 Gipuzkoan eta 14 Bizkaian[7].

Gaur egun, Euskal Herrian ikus daitekeen itsas errota bakarretakoa da Koba Errota, Gautegiz-Arteagako Ozollo auzoan dagoena. Baita ere, Donostian Errota Txiki itsas errotaren aztarnaren bat gelditzen da.

Mutrikun (Gipuzkoa) 2006az geroztik dagoen itsas energia zentrala ez da itsasaldien indarraz baliatzen, baizik itsas uhinek sortutakoaz[8].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotura duten artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errota

Ur-errota

Koba Errota

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[es] Aguirre Sorondo, Antxon: Tratado de Molinología: Los molinos de Guipúzcoa. Fundación J.M. de Barandiarán. Donostia-San Sebastián: Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, 1988. 841 p. ISBN 13:978-84-86240-66-0

[es] Aguirre Sorondo, Antxon: «Apuntes sobre la molinería en Euskal-Herria» in Cuadernos de Sección. Antropología-Etnografía / Prehistoria-Arqueología, Eusko Ikaskuntza, 1982, 321-342 or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ibañez Artica, Miguel: Geografía e Historia de Donostia-S. Sebastián
  2. Spain, Rob: «A possible Roman Tide Mill» Kent Archaeological Society
  3. Peveril Meigs: «Historical geography of tide mills on the Atlantic coast», American Philosophical Society Yearbook 1970 (Philadelphia, Pennsylvania: American Philosophical Society, 1971), 462-464 or.
  4. Skelton, C.P.: British Windmills and Watermills, Collins, 1947
  5. Minchinton, W. E.: «Early Tide Mills: Some Problems», Technology and Culture, Vol. 20, No. 4 (1979ko urria), 777-786 or.
  6. Urdangarin Altuna, Carmelo eta Izaga Reiner, José María: Artisau-papergintza
  7. Aguirre Sorondo, Antxon: «Molinología», Auñamendi Eusko Entziklopedia
  8. Araolaza, Gari: «Mutrikuko olatu energia zentrala ezagutzen»