Esgarraet
Esgarraeta (valentzierazko esgarradetetik, zarrastatua esan nahi duena) Valentziako Erkidegoko plater tipiko bat da. Piper gorri errez, bakailo gazituz, baratxuriz eta oliba olioz eginiko entsalada moduko bat da, oliba beltzak ere onartzen dituelarik. Izena, platera prestatzeko bakailoa zein piperra tira finetan zarrastatu behar izateagatik datorkio.
Valentziako pintxo edo tapa tipikoetako bat da, bakailoaren zapore gaziak piperraren gozotasunarekin kontrastatzen baitu, eta honek darion zukua oliba olioarekin nahasten da, honen ondorioz platerean ogi zatiak bustitzea oso ohikoa delarik.
Aldaera tipikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plater hau Valentziako Erkidegoko hegoaldean oso tipikoa den espencataren aldaeratzat har daiteke. Katalunian esqueixada izeneko aldaera bat dago, katalanez "papurtua" esan nahi duena, non, piperren ordez tomate errea erabiltzen den. Batzuetan, plater hau piper eta tomatearekin egiten da, eta izen bat edo bestea jasotzen du, batez ere herriaren arabera.
Castellóko probintziako erdialdeko herrietan labean eginiko alberjinia gehitzen diote plater honi. Guztia, piperra eta alberjinia, batera prestatzen da, eta ondoren papurtu egiten da. Gainetik atun gatzartua edo bakailoa gehi dakioke.