Esti Markez
| Esti Markez | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Aia, 1999 (26/27 urte) |
| Herrialdea | |
| Familia | |
| Aita | Mikel Markez |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | egile abeslaria |
Esti Markez Iruretagoiena (Aia, Gipuzkoa, 1999) abeslaria da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esti Markezen aita Mikel Markez abeslaria da. Txikitatik izan du musikarako grina, etxean eta familian orduak ematen zituen kantari, bigarren eta hirugarren ahotsak bilatzen. Aitaren kantaldietan ere kolaborazioak egiten zituen.[1]
Osasun Larrialdietako, Diagnosi Irudiko eta Medikuntza Nuklearreko ikasketak burutu ondoren, Estik musika eta osasun-arloko lana uztartzen ditu.[2]
Musika ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2020a arte, Mikel Markez aitarekin aritu da kantuan; urte hartako azaroan, baina, lehenengo bakarkako abestiak atera zituen, Azal berritzen diskoan. Oroitzapenek esnatu naute[3] singlea ere kaleratu zuen 2020ko azaroan; eta Printzesak eta printzeak,[4] bere bigarren bideoklipa, 2021eko martxoan.
2020ko konfinamenduan, etxean emandako orduetan sartu zen sorkuntzaren munduan. Kantuak sortzen hasi zen; eta, urte berean, bere aita Mikel Markezekin batera, Azal berritzen (AutoEkoizpena, 2020) diskoa argitaratu zuen.[2]
2022ko urrian atera zuen bakarkako aurreneko diskoa, Hitzekin jolasean, pop-rock estiloko diskoa.[5] Abesti gehienen hitzak Estik eginak dira, eta hiru abestitan Alaia Martin eta Jon Martin bertsolarien hitzak erabili zituen. Mikel Markezen, Eñaut Elorrietaren eta Iker Laurobaren laguntza ere izan zuen.[6] Kolaborazioak direla eta, Estik hau dio:[7]
| « | Pozgarria da niretzat. Bi artista nahastean, jende gehiagorengana hel zaitezke, eta, alde horretatik, kantak konpartitzea oso polita iruditzen zait. Disko honetan, Eñaut Elorrietak kolaboratu du abesti batean, eta aitak beste batean. Biei nik eskatu nien, eta segituan esan zidaten baietz. Ume-umetatik entzun izan dut Ken Zazpi taldea, eta, orain, Eñauten bakarkako lana: asko gustatzen zait artista gisa. Aita ere erreferente bat da niretzat. Oso betegarriak izan dira bi elkarlanak. | » |
Musika Spotify eta antzerako plataformetan entzuten den sasoi honetan, Esti Markezek formatu fisikoan ere izan nahi zuen. Horregatik, azken diskoa CD formatuan atera du, horrela abestiek iraun egiten baitute. Gainera, lan hori baloratzeko modua ere bada. Bestalde, Durangoko Azokan ere agertu da. Azoka dela eta, hau dio:[7]
| « | Erakusleiho bat. Bai fisikoa, bai jendearenganakoa ere. Asko gustatzen zait Durangok entzuleekin sorrarazten didan hurbileko harremana. Diskorik gabe, gainera, zentzua galduko luke azokak ere. | » |
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Azal Berritzen (2020, Mikel Markezekin, autoekoizpena)
- Hitzekin jolasean (2022, autoekoizpena)
- Atenporal (2024, autoekoizpena)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Arteaga, Maialen. ««Aitaren izenak ez du beti laguntzen»» Berria (kontsulta data: 2022-12-14).
- 1 2 Esti Markez | Webgune ofiziala. (kontsulta data: 2022-12-14).
- ↑ ESTI MARKEZ - Oroitzapenek esnatu naute. (kontsulta data: 2021-08-03).
- ↑ ESTI MARKEZ - Printzesak eta printzeak (feat. Olatz Salvador & Sara Azurza). (kontsulta data: 2021-08-03).
- ↑ «Esti Markez abeslariak ‘Hitzekin jolasean’ bakarkako lehen diskoa kaleratu du» KULTUR SHAREA 2022-10-10 (kontsulta data: 2022-12-14).
- ↑ «Esti Markezek 'Hitzekin jolasean' bere lehen bakarkako diskoa kaleratu berri du - Aia» Karkara.eus (kontsulta data: 2022-10-10).
- 1 2 Rodriguez, Naroa Torralba. ««Normalean, egun berean hasi eta bukatzen ditut kantak»» Berria (kontsulta data: 2022-12-14).