Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Mikel Markez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Mikel Markez
Mikel Markez, 2008-05-14.jpg
Bizitza
Jaiotza Errenteria1971ko urriaren  4a (48 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak egile abeslaria
www.mikelmarkez.com/

Mikel Markez Ibarguren (Errenteria, Gipuzkoa, 1971ko urriaren 4a) euskal abeslaria da. 15 urterekin gitarra jotzen hasi zen, eta 16 urterekin lehen kantuak egiten. Jendaurrean abesten 1988ko udan hasi zen, eta 1991an Eta etorri egin zait izenburuko bere lehenbiziko LPa argitaratu zuen.

Olerkia eta musika uztartzen duten hainbat ikuskizunetan parte hartu du, eta haietatik ezagunenak hauek izan dira: Tribuaren hitz galduak (1997), Abiadura handiko urte baten kronika (2002) eta Tabuak saltsa berdean (2007). Azken horretan, Pako Aristi idazle eta olerkariarekin batera. Lankidetza horren ondorio izan zen Dena hankaz gora diskoa.

Ohikoak izan ditu belaunaldi eta molde desberdineko kantariekin egindako kolaborazioak, bereziki Erramun Martikorena, Benito Lertxundi edo Eñaut Elorrietarekin.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15 urterekin hasi zen Mikel Markez gitarra jotzen, eta 16 urterekin bere kantuak sortzen zituen. "Gure institutuan ziklo bat egiten zen Euskal kantariak eskoletan, eta Oreretako ikastolatik pasatu ziren Txomin Artola, Amaia Zubiria, Niko Etxart, Anje Duhalde... koadrila. Han ikustea, han bertan, egiten zutena eta poesia... Niretzat leherketa izan zen, eta horregatik hasi nintzen ni, seguru" (2). Maketetan bilduak zituen, bada, berak sorturiko abesti horiek, eta diskoan ateratzeko aukera 1992an etorri zitzaion, Elkar diskoetxearekin ...eta etorri egin zait... grabatu zuenean.

Ikaragarrizko arrakasta lortu zuen lehen disko hark. "Zure begiek" kantua bera eta "Baina berdin dio", "Marinelaren bakardadea", "Etzera" eta beste batzuk nonahi eta noiznahi entzuten ziren 90eko hamarkadaren hastapenetan. Lehen disko haren zazpi mila aletik gora saldu zituen Markezek. Eta handik bi urtera, Oroitzapenak oparitzen ditut argitaratu zuen (Elkar, 1994). Aurrekoan bezala, Markezek berak idatzi zituen disko horretako letra eta musika ia denak (Karlos Aizpuruaren eta Gabriel Arestiren abesti bana salbu). Hitzari garrantzi berezia ematen zion kantautoreak: "Musikari garrantzi handia ematen diot, baina zerbaiti eman beharko banio pisuaren %51, hitzari emango nioke. Batzuetan apaiz konplexua sartzen zait; sermoia edo nire munduaren ikuspegia saldu nahi diodala munduari iruditzen zait" (3).

Hurrengo urtean, ildo beretik, Zertarako mugak jarri argitaratu zuen (Elkar, 1995). Maialen Lujanbiok eta Jexuxmari Irazuk idatziriko abestiak eman zion diskoari izena. Argitalpen horrekin, Pako Aristi idazlearekin elkarlanean hasi zen Markez, hark idatzi baitzion "Gabon arboletako" kantua.

Laugarren diskoak, Kantu erotikoak izenekoak (IZ, 1997), bestelako giro bat ekarri zuen Markezen ibilbidean. Lan monografikoa zen, eta izenburuak berak zioen bezala, erotismoari kantatu zion abeslariak. "Egia da ere bai pixka bat potroetaraino nengoela kantautore erromantiko zer horretaz, ezagutzen nauen edozein berehalaxe konturatzen da-eta nire errealitate pertsonala ez dela hain melenga. Errealitateari justizia pixka bat egiteko, baita defendigarria iruditzen zaidan zerbait egiteko ere. Gero eta gogorragoa egiten baitzait 16-17 urterekin idatzitako abestiak kantatzea" (4), zioen diskoaren aurkezpenean. Lan horren abiapuntuan, Asier Serranorekin eta Joxe Mari Carrerekin onduriko ipuin, kantu eta poema erotikoen ikuskaria zegoen.

Hurrena disko bikoitz batekin iritsi zen Markez: Dena hankaz gora eta Tribuaren hitz galduak (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Pako Aristiren hitzak dira disko horren abiapuntua, eta bereziki Tribuaren hitz galduak ikuskaria. Gerora, Abiadura handiko urte baten kronika eta Tabuak saltsa berdean ikuskizunak eman zituzten han-hemenka idazleak eta kantariak elkarrekin. Euskal Herriko mugetatik irten, eta Argentinan ere eman zituzten ikuskariok. Markezek, gainera, Argentinan ez ezik, Venezuelan eta Kuban ere jo izan ditu kontzertuak, eta baita Espainian eta Frantzian ere.

Bost urte pasa zituen kantautoreak hurrengo diskoa egin aurretik. "Hasi nintzenetik seigarren diskora arte ia kasik etenik gabe jardun izan dut. Momentu batean nire burua galduta ikusi nuen. Ez nekien zergatik, norentzat, nola ari nintzen kantuan. (...) Isilik iraun dudan tarte honetan nire buruari zergatik, norentzat eta horrelako galderak egin dizkiot eta erantzunak aurkitu bitartean mutu egon naiz", adierazi zuen gerora (5). Erabil nazazu lanarekin itzuli zen (Gaztelupeko Hotsak, 2004), "zerbait esateko" bazuelako. Pako Aristi, Sonia Gonzalez, Joseba Sarrionandia, Lizardi nahiz Joan Mari Irigoienen poesiak musikatu zituen diskoan, eta bestetik, Victor Jararen "Te recuerdo, Amanda" euskarara ekarri zuen: "Nola ahaztu Amanda".

Mikel Markezek azken 20 urteko ibilbidea biltzen zuen bilduma ere argitaratu zuen: Zure begiek 1988-2008 izenekoa (Elkar). Aurreko diskoetako hainbat kantu esanguratsu berriz grabatu zituen Markezek bilduma horretarako.

AEK eta euskararen aldeko beste erakundeekin lankidetza estuan aritu da. Korrikako 2008 urteko kantua konposatu eta abestu zuen. Herri Urratseko 2002 eta 2006 urteetako kantuak ere bereak dira. 2008 urtean Herri Irratian hasi zen musika programa bat egiten, "Ameslariaren itokinak" izenekoa, bereziki euskal musikari buruzkoa. Aurrez, Errenteriako Zintzilik irratiko "Mikez musik" saioa aurkeztu zuen. Hortik, bere musika estiloari Mikezmix izena ere eman zaio.

Argitaratutako bere azken lanak 2011ko "Hiri hartan izan zen", 2013ko "Indar bat dabil hor" eta 2015eko "Bi ahizpak" izan dira. Azken hau Kalifornian grabatu zuen Noka talde estatu batuarrarekin elkarlanean.[1]

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikel Markezek egindako disko hauek atera dira argitara:

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ...eta etorri egin zait... (1992, Elkar)
  • Oroitzapenak oparitzen ditut (1994, Elkar)
  • Zertarako mugak jarri (1995, Elkar)
  • Kantu erotikoak (1997, IZ)
  • Dena hankaz gora (1999, Gaztelupeko Hotsak)
  • Tribuaren hitz galduak (1999, Gaztelupeko Hotsak)
  • Erabil nazazu (2004, Gaztelupeko Hotsak)
  • Zure begiek, bilduma (1988-2008) (2008, Elkar). Disko errekopilatorioa.
  • Hiri hartan izan zen (2011, Elkar)
  • Indar bat dabil hor (2013, Elkar)
  • Bi ahizpak (2015) Kaliforniako Noka taldearekin.

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]