Eucalyptus marginata

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eucalyptus marginata
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMyrtales
FamiliaMyrtaceae
LeinuaEucalypteae
GeneroaEucalyptus
Espeziea Eucalyptus marginata
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakjarrah (en) Itzuli
Azala

Eucalyptus marginata espezieko zuhaitza, jarrah[1] izenaz ezaguna ―djarraly, noongar[2] hizkuntzan; izen historikoa, ordea, Swan ibaiko kaoba[3] ―, mirtalen familiako landare bat da, mirtazeoa, eta endemikoa da Mendebaldeko Australiako hego-mendebaldean. Zuhaitz honek azal latz eta izpitsua du, bere hostoek nerbio nabarmena daukate erdian, eta lore zuriak eta fruta handi samar eta esfera eitekoak izaten ditu. Bere zur zail eta trinkoa dela-eta gogorra da intsektuen aurrean; hala ere, gerta dakioke zuztarrak ihartzea. Zuhaitz honen zura, bestalde, armairuak egiteko, zorua jartzeko eta trenbideko trabesak egiteko erabili izan da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Looming Relic (Erlikia tantaia), jarrah zuhaitzik handiena

Eukalipto mota hau, batzuetan, 50 m-raino hazten da, eta, bularraren parean, 3,5 m-ko diametroa har dezake, baina arruntagoa da 40 m-raino haztea eta 2 m-ko diametroa hartzea bularraren parean. Bakanago, mallee txiki baten eran ere hazten da, 3 m-raino. Espezierik zaharrenek lignotuber bat izaten dute, eta zuztarrak are 40 m-raino ere hazten zaizkie beherantz. Azal marroi-gris, zuntzkara, latz eta goitik behera ildaskatua du, eta zati luzangatan askatu ohi zaio. Hostoak, estuak eta lantza eitekoak, usu makotuak, txandakatuta hazten zaizkio adarretan alde batera eta bestera; 8-13 cm artean luze eta 1,5–3 cm artean zabal izaten dira; kolore berde ilun distiratsua dute gaineko aldetik, eta argiagoa azpitik. Hostoek nerbio nabarmen bat izaten dute ardatzean, eta ardatzetik alboetara zabaltzen zaizkionak ere bai, eta ertzetik beste nerbio bat, bereizia. Lore-pipil txortenduna 4 eta 8 ale arteko unbelatan antolatua egoten da, pipil bakoitzak kapelu estu koniko bat duela, 5-9 mm artean luze. Loreek 1-2 cm arteko diametroa izaten dute, eta estamine zuri ugari; zuhaitza udaberrian eta uda hasieran loratzen da. Fruitua luzea eta zabala izaten da, esferiko eta upelkara artean eitez, eta 9-20 mm artean luze. [4][5]

Taxonomia eta izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarrah zuhaitz bat bide bazterrean, Darling Range aurkintzan

Eucalyptus marginata 1802an deskribatu zuen lehenengoz ofizialki James Edward Smith-ek, eta deskribapena Transactions of the Linnean Society of London delakoan argitaratu zen. Smithek esan zuen bere espezimenak Port Jacksonetik ekarritako hazietatik hazi zirela, eta Eucalyptus robusta eta Eucalyptus pilularis espezieekin zuen kidetasuna nabarmendu zuen.[6][7] Marginata epitetoa latinezko hitz bat da, eta "ertza duena" esan nahi du. Smithek ez zuen etimologiazko azalpenik eman epitetoari buruz, baina ikusi zuen ezen, E. robustarekin alderatuta, "hostoen ertzak sendoagoak zirela".[7]

Banaketa eta habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eukalyptus marginata Mendebaldeko Australiako hego-mendebaldeko bazterrean agertu ohi da, eskuarki prezipitazio-isolineak 600 mm gainditzen duen tokian. Burdin harritik eratorritako lurzoruetan hazi ohi da.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz espezie hau, bestalde, Australia mendebaldeko oihanetako sei erraldoien edo tantaien arteko bat dela jotzen da; beste bostak hauek dira: Eucalyptus gomphocephala , Eucalyptus diversicolor , Eucalyptus jacksonii , Corymbia calophylla eta Eucalyptus patens.[8]

Eucalyptus marginata zuhaitza elementu garrantzitsua da bere ekosisteman, eta habitat ugari eratzen ditu animalientzat –bereziki, hegaztiak eta erleak– bizirik dagoen bitartean, eta baita zurgiharra hondatu ahala sortzen diren hutsarteetan ere. Erortzen denean, aterbea eskaintzen die lurrean bizi diren animalia batzuei, hala nola Dasyurus geoffroii deritzen martsupial haragijaleeni.

Jarrah izenez ezagutzen den zuhaitz honek gaitasun aski handia erakutsi du era bateko eta besteko ekologia-eremuetan egokitzeko —hala nola Swango kostaldeko lautadan eta are iparralderago —, bai eta Darling mendikate lateritikoetako habitat desberdinean ere.

Jarrah deritzon zuhaitza, alabaina, oso ahula da Phytophthora cinnamomi oomizetearen erasoaren pean, eta zuztarrak iharraraztea eragin diezaioke. Darling mendikatearen leku askotan neurriak ezarri dira autoen garbiketen ondorioz zuztarrak ihartzea eragozteko, eta basoan oraindik infektatu gabe dauden guneetara sartzeko baimena ere murriztu egin dute.

Kontserbazio-egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eucalyptus marginata UICNren Zerrenda Gorrian sartu zuten, "ia mehatxatutako" espezie gisa, 2019an.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarrah deritzon zuhaitzaren lorea
Jarrah deritzon zuhaitzaren zura hesiak egiteko erabili izan zen Mendebaldeko Australian.
Jarrah deritzon zuhaitzaren zurez egindako ardo-arasa.
Jarrah izeneko zuhaitzaren zurez egindako bigarren eskuko zoru gogor lixatua, Zelanda Berrian, 80. hamarkadan.

Jarrah izeneko zuhaitzen basoetan ezti ilun, lodi eta zaporetsu bat egiten dute erleek, baina zura da bere erabilera nagusia. Zur astuna da, eta 1,1eko grabitate espezifikoa du heze dagoenean. Enborrak luzeak eta zuzenak dira, eta zur oso koloretsu, ederki pikortatu eta termiten kontra gogorra ematen du, prezatua armairuak egiteko, lurzorutarako, oholak egiteko eta kanpoko altzaritarako. Zur landuak kolore marroi-gorrixka ilun bizia izaten du, eta pikorreztatze erakargarria. Heze dagoenean, aski erraz lantzen da, baina lehortzen denean oso gogorra bihurtzen da, eta kasik alferrik izaten dira ohiko lanabesak hura lantzeko. Armairuak eta altzariak egiteko erabiltzen da gehienbat, baina lehen eraikuntza orokorrean erabiltzen zen, bai eta trenbide-trabesak eta zutabeak egiteko ere. Hemeretzigarren mendean, zolatu izan ziren beste herrialde batzuetako errepide nagusiak ere jarrah zuhaitzaren oholen gainean asfaltoa emanez.[1]

Jarrah zuhaitzaren zura musika tresnak egiteko ere erabiltzen da, perkusiozko tresnetarako eta gitarren inkrustazioetarako.

Eucalyptus marginata espeziea sendabelarretarako ere erabili izan da. Sukarra, hotzeria, buruko mina, azaleko gaixotasunak eta sugeen hozkadak jarrah hostoekin eta azalarekin tratatu izan dira usadiozko sendakuntzan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Noongar word list. Kaartdijin Noongar.
  2. Jarrah - Eucalyptus marginata. Forest Products Commission - Western Australia.
  3. Hewett, Peter Neil. Information sheet - "Tall Trees". Forests Department Western Australia.
  4. Lintern, Melvyn; Anand, Ravi; Ryan, Chris; Paterson, David. (2013). «Natural gold particles in Eucalyptus leaves and their relevance to exploration for buried gold deposits» Nature Communications 4: 2614.  doi:10.1038/ncomms3614. ISSN 2041-1723. OCLC .3826622 PMID 24149278. Bibcode2013NatCo...4.2274L..
  5. Eucalyptus marginata subsp. marginata. Centre for Australian National Biodiversity Research.
  6. Eucalyptus marginata. APNI.
  7. a b Smith, James Edward. (1802). «Botanical characters of four New-Holland plants, of the natural order of Myrti» Transactions of the Linnean Society of London 6: 302..
  8. «IUCN Red List of Threatened Species: Eucalyptus marginata» IUCN Red List of Threatened Species 16 April 2019.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]