Europako Ekonomia eta Diru Batasuna
██ Eurogunea (19) ██ ERM-II kidea opt-out aukerarekin (Danimarka) ██ EBko kidea opt-out aukerarekin (Erresuma Batua) ██ EBko gainerako kideak (7) |
Europako Ekonomia eta Diru Batasuna Europar Batasunerako diru bakar bat sortzea aurreikusi, eta horretarako egin beharreko urratsak ezarri zituzten Europar Batasuneko hitzarmenei (batez ere Maastrichteko Ituna) ematen zaien izen orokorra da.
Europako Ekonomia eta Diru Batasunaren sorkuntza da Europar Batasuneko zeregin funtsezkoenetako bat. Egin beharreko urratsen datak Europar Batasunak bizi izan zuen krisiaren ondorioz aldatu ziren, ordea. Maastrichteko Itunak, diru bateratuan parte hartzeko, bateratze-baldintza ekonomiko batzuk ezarri zituen. Kontuan izan behar da Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen artean ekonomia-alde nabarmenak daudela, eta diru-batasun bat sortzeko ezinbesteko baldintza dela ekonomien bateratzea. Bateratze-baldintzek Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartuko zuten ekonomia desberdinen bateratze nominala (adierazle jakin batzuei buruzkoa) lortzea zuten helburua.
Hauek dira Maastrichten ezarri ziren baldintzak:
- Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera neurtutako inflazio-tasa harmonizatua, ez izatea prezio-igoera txikieneko hiru herrialdeen tasa baino ehuneko 1,5 puntu handiagoa.
- Epe luzerako batez besteko interesa ez izatea inflazio-tasa txikienak dituzten hiru herrialdeen interes-tasen batez bestekoa baino ehuneko bi puntu handiagoa.
- Defizit publikoa ez izatea Barne Produktu Gordinaren ehuneko 3 baino handiagoa.
- Sektore publikoak metatutako zorraren maila ez izatea Barne Produktu Gordinaren ehuneko 60 baino handiagoa.
- Herrialde bakoitzak gainontzeko herrialde kideei buruz duen truke-tasa gutxienez bi urtez egotea Europako Diru Sisteman ezarritako aldaketa-tarte estuaren baitan.
Urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bateratze-baldintzez gainera, aldi berean, prozesuaren egutegia ezarri zen Maatrichten, esan bezala, Europar Batasunak bizi izan zuen finantza- eta ekonomia-krisiak aldarazi zuena. Hala, 1995eko abenduan ezarri ziren berriz ere egin beharreko urratsak. Europako Kontseiluak Madrilen egin zuen bileran, eta, zehazki, Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluak, oinarrizko hiru akordio hartu zituen Ekonomia eta Diru Batasuna sortzeko: alde batetik, 1999ko urtarrilaren 1ean jarri zion jaiotza-data Ekonomia eta Diru Batasunari; bestetik, diru bateratuari izena ere jarri zion, "euroa"; eta horrez gainera, euroa sartzeko plana erabaki zuen. 1996. urtean Europako Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluak formalki onartu zituen 1995eko abenduan Madrilen egin zen gailurreko erabakiak.
Prozesuaren data nagusiak hauek izan ziren: 1998. urtean, "ahal bezain laster", baina ez uztailaren 1a baino beranduago, Europako Batzordeak 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera Ekonomia eta Diru Batasunean zein herrialdek parte hartuko zuten hautatzea. Era berean, Europako Banku Zentralaren zuzendaritza izendatuko zen, eta euroaren eta diru-mota nazionalen bi noranzko truke-neurri ezeztaezina finkatuko zen. Truke-neurriak finkatu ondoren, hurrengo urratsa 1999ko urtarrilaren 1ean euroa indarrean sartzea zen. Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartzen duten estatuetako diru-mota nazionalak oraindik ere erabilera legezko diru-motak izango ziren, euroaren zatiki nahiz multiplo gisa. 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera izan ziren erabilgarri euroak txanpona eta diru-paper modura, harik eta urte horretako uztailaren 1ean diru nazionalak desagertu ziren arte. Beraz, euroa diru-paper eta txanponetan herrialde bakoitzeko diruarekin batera erabili zen 2002. urtarriletik ekainaren 30 arteko aldian.
Batasunaren kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diru-batasunaren abantaila eta desabantaila ugari azpimarratu izan da. Abantaila nagusien arten, besteak beste, diru bakarra izateak truke-tasen aldakortasunak eragiten duen ziurgabetasuna ezeztatuko litzatekeela aipatu izan da; eta horri esker, ekonomia-trukerako ez ezik, ekonomia-hazkunderako ere ezinbestekoa den egonkortasuna lortuko litzatekeela Europar Batasunaren baitan. Era berean, Europar Batasunak munduko merkataritzan duen pisuagatik dolarrarekin batera euroa nazioarteko salerosketetan dibisa nagusi bilakatzeak ekarriko zituzkeen onurak ere azpimarratu dira. Aipatu izan dira gainera merkataritzarako truke-komisiorik ez izateak eta prezioak banako berean adierazita izateak dakartzan onurak. Desabantailak badirela ere argudiatzen dute batzuek. Esaterako, herri guztiek truke-tasaren politikari uko egin beharra. Era bertsuan ere aipatu izan da herrialde bakoitzak bertako ekonomia-politikaren helburuak kontuan izanik, diru-politikako neurririk ezin erabili izateak dakarren gabezia. Izan ere, kontuan izan behar da Ekonomia eta Diru Batasunaren ondorioz diru-politika bateratua ezarriko duen Europako Banku Zentrala sortzen dela. Batasuneko herri guztietan diru-politika uniformea ezartzea ez da arazo-iturria, baldin eta herri horiek errenta, langabezia eta inflazio berekoak balira, alegia, antzekoak balira herrialde bakoitzaren beharrak. Eta errealitatea ez da hori Europar Batasunean, bai baitira aldi berean herrialde oso aurreratuak eta garapen aski apaleko herrialdeak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.