Europako Batzordea
EAEko gobernua |
---|
![]() |
Erakundeak |
Bestelakoak |
Egoitzak |
Europako Batzordea[1] Europar Batasunaren (EB) interesak defendatu eta ordezten dituen eta politikoki independentea den erakundea da. EBren ekintza-programak, legeak eta politikak proposatzeaz arduratzen da; baita ere, Europako Legebiltzarreko eta Europar Batasuneko Kontseiluaren erabakiak betearaztea.
EBko 28 estatuek eta legebiltzarrak, Batzordea osatzen duten komisarioak aukeratzen dituzte. Egoitza nagusia, Bruselan (Belgika) dago.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herrialde kideetako interes nazional desberdinen arteko bitartekaria izaten da maiz Europako Batzordea. Europar Batasuna osatzen duten erakundeen artean legeak proposatzeko eskumena duen organo bakarra da. Hori dela eta, Europar Batasunaren garapenaren abiadura eta norabidea zehazten ditu neurri handi batean. Besteak beste, Europar Batasunak sinaturiko itunak zaintzen ditu; organo betearazlea denez, erabaki guztien ezarpena ikuskatzen du; eta Europar Batasuneko aurrekontua kudeatzen du. 1995etik aurrera, 20 batzordekidek edo komisarioek osatzen dute Batzordea; herrialde kideek izendatzen dituzte, Europako Parlamentuak onartu ondoren; asko eta asko ordezkari nazional edo europar ohiak izaten dira, baita jatorriko herrialdeetako ministro edo goi-mailako agintariak ere. Egituraren aldetik, Zuzendaritza Nagusiak izeneko 24 zuzendaritza berezitutan banatzen da Europako Batzordea. Hogei komisarioek 16.000 funtzionario inguru dituzte beren mende Batzordearen jarduera egiteko. Batzordearen Idazkaritza Nagusiak ezinbesteko garrantzia du legegintza prozedurarako, Batzordean erabakiak hartzeko erabiltzen den prozesua ikuskatu eta bestelako erakundeekiko harremanez arduratzen baita. Batzordeak ordezkaritza du Europar Batasuneko estatu kide guztietan. Era berean, ordezkaritzak ditu Europar Batasunarekin harremanak dituzten beste herrialde askotan.
2014ko Europako Batzorde berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2014ko irailaren 5ean, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente izango zenak hautatu zituen batzordea osatuko zuten beste 27 kideak. Zerrenda horri EB Europako Batasuneko 28 estatuek oniritzia eman beharko zioten, eta horren ondotik azalduko zuen Junckerrek karguak nola banatuko zituen. Batzordeko 28 kideen artean, soilik bederatzi izango ziren emakumeak[2].
Irailaren 10ean zabaldu zenez, presidentetzan luxenburgotar bat eta zazpi presidenteordetzetan (Italia, Finlandia, Bulgaria, Eslovenia, Estonia, Letonia eta Herbehereetako ordezkari bana) izango zituen Europako Batzordeak, eta Europako Batasuneko herrialde garrantzitsuenek –Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua– komisarioen banaketa erabaki zuten. Jean-Claude Junckerrek Pierre Moscovici sozialista frantsesa jarri zuen Ekonomia eta Finantza komisario, eta Jonathan Hill Erresuma Batuko Ordezkarien Ganberako buru ohia Lan komisario. Frans Timmermans herbeheretara izango zen lehen presidenteordea –Erakunde arteko Harremanak–, eta beste sei presidenteordeak Federica Mogherini italiarra —EBko diplomazia buru berria—, Kristalina Georgieva bulgariarra –Aurrekontuak eta Giza Baliabideak–, Andrus Ansip estoniarra –Azoka Digital Bakarra–, Alenka Bratusek esloveniarra –Energia Batasuna–, Vladis Dombrovskis letoniarra –Euroa eta Elkarrizketa soziala– eta Jyrki Katainen finlandiarra –Enplegua, Hazkundea, Inbertsioa eta Lehiakortasuna– izango ziren. Pierre Moscovici –Frantziako Finantza ministro izana– izendatu zuen Junckerrek Ekonomia eta Finantza komisario[3]. Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministro ohia Energia eta Klimaren aldeko Ekintzako komisario izango zen[4].
Urriaren 2an, Cañeteren interesak zalantzan jarri zituzten Europako sozialistek. Bere familiak petrolioaren industrian zituen interesei buruz azalpen gehiago ematea eskatu zioten[5].
Urriaren 22an, Juncker buru zuen Europako Batzordeari oniritzia eman zion Parlamentuak. Aldeko 423 boto jaso zituen batzordeak. Komisarioek azaroan hartu zuten kargua[6]. Urriaren 23an, Europako Batzordeko kideek bilkura egin zuten Parisen. Aldaketa klimatikoari buruzko proposamen «handizale» baten beharra nabarmendu zuten sozialdemokratek, gas isurien %40 urritzea eskatuko zutela erantsiz. Urtea bukatu aurretik akordioa lortzea espero zuten[7].
Azaroaren 7an, zerga ihesaren itzalak Juncker harrapatu zuen. EBk agindu zuen gutxiago ordaintzea errazteko Luxenburgok mundu osoko 340 enpresarekin itxi zituen tratuak ikertuko zituela[8].
Azaroaren 26an, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriak 315.000 milioi euro inbertsiotan ekonomia suspertzeko plana aurkeztu zuen. Sektore pribatuaren esku geratuko zen planaren arrakasta eta herrialdeen dirua erakartzeko helburuarekin, ekarpena ez zitzaien defizit eta zorpetze helburuetan kontatuko[9]. Plan horrek Europako Batasunan 3,3 milioi lanpostu sortzeko asmoa zuen[10].
Azaroaren 27an, Junckerren aurkako zentsura mozioa ez zen aurrera atera. 461 parlamentarik kontra bozkatu zuten, 101ek alde, eta 88 abstentzio izan ziren[11].
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/2/28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. .
- ↑ «%33», Berria, 2014-09-06
- ↑ «Moscovici izendatu du Junckerrek Ekonomia eta Finantza komisario», Berria, 2014-09-10
- ↑ «Cañete Energia eta Klimaren aldeko Ekintzako komisario izango da», EiTB, 2014-09-10
- ↑ «Cañeteren interesak zalantzan jarri dituzte Europako sozialistek», EiTB, 2014-10-02
- ↑ «Juncker buru duen Europako Batzordeari oniritzia eman dio Parlamentuak», Berria, 2014-10-22
- ↑ «Klima aldaketari aurre egiteko, gas isuriak %40 gutxitzea galdeginen dute», Berria, 2014-10-24
- ↑ Ivan Santamaria, «Zerga ihesaren itzalak Juncker harrapatu du», Berria, 2014-11-07
- ↑ Ivan Santamaria, «315.000 milioi euro inbertsiotan ekonomia suspertzeko», Berria, 2014-11-26
- ↑ «EBn 3,3 milioi lanpostu sortzeko erronka», Berria, 2014-11-26
- ↑ Ivan Santamaria, «Ez da onartu Junckerren aurkako zentsura mozioa», Berria, 2014-11-27
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Europako Batzordeko webgune ofiziala (Bulgarieraz) (Txekieraz) (Danieraz) (Alemanez) (Estonieraz) (Grezieraz) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Gaeleraz) (Italieraz) (Letonieraz) (Lituanieraz) (Hungarieraz) (Malteraz) (Nederlanderaz) (Polonieraz) (Portugesez) (Errumanieraz) (Eslovakieraz) (Eslovenieraz) (Finlandieraz) (Suedieraz)
- Europedia: Guide to European policies and legislation