Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Inflazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Inflazio tasak munduan 2013an.

Inflazioa ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorraren igoera iraunkorrari deritzo. Inflazio egoera batean, soldatak eta diru sarrerak maila berean gehitzen ez badira, jendeak ondasunak eta zerbitzuak erosteko ahalmena galtzen du, salneurriak igotzean diru unitate bakoitzarekin ondasun eta zerbitzu gutxiago eskura baitaitezke. Inflazioa neurtzeko, Kontsumorako Prezioen Indizea erabiltzen da. Indize horrek gehien kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak biltzen ditu bere baitan eta prezioen maila orokorraren bilakaera erakusten du. Inflazio tasa Kontsumorako Prezioen Adierazleak denboran zehar dituen aldaketak neurtuz kalkulatzen da.

Batzuetan, energia eta landu gabeko elikagaiak ez dira kontuan izaten inflazioa kalkulatzeko, gai horien prezioak oso ezegonkorrak izaten baitira. Izan ere, sektore horiek nazioarteko merkatuek prezioan eragiten duten gorabeherekiko eta eguraldi-baldintzekiko menpekotasun handia dute. Gai horiek baztertuz, kalkulatzen den inflazioari azpiko inflazioa deritzo.

Adibide bat, Alemaniako hiperinflazioaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behean idatzita dagoen moduan eta azken paragrafoan ondo azalduta dagoen moduan, inflazioaren ondorioak latzak izan daitezke gizartean:

« Ruhren okupazioa arte, inflazio-politikaren kezka nagusia langabezia zen. Orduan, langabezia erruz hasi zen, eta naziotasun-izpirituaren berpizteak neurri batean haren ondorioak arindu bazituen ere, inflazioak inoiz baino indar handiagoa zuen (...).

Delitu txikiak, etsipenezko delituak, edonon gertatzen ziren (...). Alemaniako leku gehienetan, teilatuetako hodiak desagertzen hasi ziren, gauez. Gasolina ere autoen tanketatik atera egiten zuten, gomak baliatuz. Trukea bihurtu zen merkataritza modurik ohikoena, eta metalak nahiz erregaiak erabiltzen hasi ziren, ohiko dirutzat eta ordainketak egiteko. Zinemarako sarrera batek ikatz zati bat balio zuen. Botila bat petrolioarekin alkandora bat erosi zitekeen, eta alkandora batekin familia batek behar zituen patatak eros zitezkeen. 1922. urtean, Herr von der Ostenek hilean libera erdi bat gurin behar zuen bere lagun baten etxea ordaintzeko, probintziako hiriburuan; baina 1923ko udan, jada libera osoa ordaindu behar zuen. "Erdi Arora itzultzen ari ginen", esaten zuen Erma von Pustauk.

(...) Lapurretak izan zituzten merkatari batzuk ohartu ziren lapurrek eramandako diru-zorro eta maletetako billeteak lurrean botata utzi zituztela.

»

—A. Fergusson, "Dirua hiltzen denean. Weimarko Errepublikaren erorialdia", 1984.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Inflazio Aldatu lotura Wikidatan