Euskokultur Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskokultur Fundazioa 2000. urtean sorturiko kultur alorreko fundazioa da. Bere langaia orokorki euskal kultura eta Euskal Herrian presentzia duten agerpen kulturalak dira.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskokultur Fundazioa 2000. urtean Eugenio Arraiza Rodriguez-Monte Iruindarrak eta haren emazte Maria Josefa Fernandezek eratu zuten, orohar euskal kulturaz zuten kezkak bultzaturik, eta hainbat urtetako ahaleginak bideratzearren. Lehenego unetik hainbat aholkulari bildu zuten haren inguruan, hala nola Bixente Serrano Izko, Kike Diez Ulzurrun eta Lontxo Aburuza, gero fundazioaren Patronatuko kide bilakatu zirenak. Eugenio Arraiza hil ondoren, 2015. urtean, patronatu horrek egiten du fundazioaren gidaritza. 2017. urteko hasmentan, patronatua osatzen dutenak honakoak dira: Bixente Serrano, Maite Lakar, Jose Antonio Solano eta Juan Carlos Etxegoien Xamar. Bestalde, aholkulari zenbaiten laguntza du, besteak beste Jon Abril kazetaria.

Kultur ikuspegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugenio Arraizak kulturaren gainean zuen ikuspegi zabala transmititu zion fundazioari, hots, kultura jakintza edo ezagutza izan bai, baina batez ere zerbait bizia, eta bizitzarekin batera egunero birsortzen dena. 2007. urtean UEUk argitara emandako Euskal Herria ardatz[1] liburuan azaltzen dira nagusiki bere oinarri teorikoak, alegia, abiaburuak eta kulturaren inguruko ikuskera. Bi hirukote aurkezten zaizkigu teoriaren oinarrian, liburuaren azpititulu ere: kultura, identitatea, boterea batetik eta ezagutza, sentimendua, ekimena bestetik. Kultura gizakiari dagokio, ez lur-eremu bati, eta eraikitze-prozesuan dagoen pentsaera gisa definitzen du Arraizak. Horren harira, Euskal Herrian bizirik edo bilakaeran dauden gai guztiak dira geure herriko kulturaren osagaiak, hizkuntza batean zein beste batean izan, eta hortik datorkio Eusko kultur gaiak kontzeptua sarri erabiltzea.

Lan eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldeari dagokionez, ingurune hurbilenetik hasita, Nafarroa da fundazioaren lan-eremu behinena, baina, jakina, Euskal Herria da ardatza, zentzurik osatuena erdietsiko badu behintzat. Horiek horrela, fundazioaren nahikundea da instituzioekin zein entitate pribatuekin elkarlana egitea, hitzarmen edo bestelakoen bitartez.

Eginkizunei doakienez, fundazioaren egitasmo nagusia, ia sortzetik beretik aitzina daramana, ahozko kulturaren bilketa da, Kultura Immaterialaren osagai ezinbestekotzat joa. Izan ere, nagusiki Nafarroako herrietako adineko jendeari elkarrizketak grabatzea da egitasmoa.

Horretaz gain, Nafarroako historia ikastaroak antolatzen ditu urtero eta beste hainbat ekimen eta egitasmotan parte hartu izan du bere bizitzan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eugenio Arraiza, Eduardo Apodaka, Joxe Manuel Odriozola, Gaizka Aranguren (koord.) «Euskal Herria ardatz. Kultura - Identitatea - Boterea. Ezagutza. Sentimendua. Ekimena». Udako Euskal Unibertsitatea. 978-84-8438-107-5

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]