Fotoperiodikotasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fotoperiodo» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Fotoperiodikotasuna edo fotoperiodoa izaki bizidunek, argiaren iraupenaren aurrean, garatzen dituzten erantzun fisiologikoei deritze. Landareek eta animaliek hainbat prozesu fisiologiko aktibatzen dituzte argia eta iluntasunaren arteko erlazioaren arabera [1].

Eguna eta gauaren arteko erlazioa ez da beti berdina. Urtaroekin batera aldatzen da (gure planetako ekuatorean izan ezik). Ekinokzioetan erlazio hori 1 da (12 gau-ordu eta 12 egun-ordu). Neguko solstizioan, Euskal Herrian, gauak 15 ordu inguru irauten du, eta egunak 9 ordu. Udako solstizioan alderantziz gertatzen da.

Fotoperiodikotasun hitza W. Garner eta H. Allard biologo estatubatuarrek asmatu zuten 1920an [2].

Landareetan fotoperiodikotasunaren eragina nabarmenagoa da. Loraketa prozesua, tuberkuluen agerpena, hostoen kolorazio prozesua, hostoen erorketa....eguna eta gauaren arteko iraupenaren aldaketek baldintzatzen dituzte.

Loraketari dagokionez, adibidez, landare ugarik fitokromo izeneko pigmentu baten bitartez argiaren iraupenaren aldaketak detektatzen dituzte. Aldaketa horiek loraketa abian jartzeko seinaleak dira [3]

Hiru kategoria ezberdinetan sailkatzen dira landareak loraketari dagokionez:

  • egun laburreko landareak: landare hauek iluntasun--aldi luzeak behar dituzte loratzeko. Adibidez, krisantemoa, kafea, tabakoa, marrubia, etab. Hauek guztiak ezin dute loratu eguna luzea bada (edo gau erdian argi artifiziala jartzen baldin bazaie). Euskal Herriko latitudetan eguna laburtzen denean (udaren amaieran edo udazkenean) loratzen dute.
  • egun luzeko landareak: iluntasun-aldia motza denean loratzen dutenak. Landare hauek, horrenbestez, Euskal Herrian udaberriaren bukaeran edo uda hasieran loratzen dute. Oloa, krabelina edo mitxoleta, adibidez.
  • egun neutroko landareak: fotoperiodikotasunak ez die eragiten loratzeko.

Orokorrean, fotoperiodoa da landareak neguan gutxiago hazteko erantzulea (Euskal Herriko latitudeetan), egunak motzagoak direlako eta fotosintesi-aldia laburragoa delako.

Animalietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalietan ere fotoperiodikotasunak garrantzi handia du, aldaketa biologikoak eta portaera-aldaketak eragiten dituelako. Tenperatura aldaketekin batera, esaterako, fotoperiodikotasunak animalia askoren hibernazioan garrantzi handia du. Migrazio, sexu-portaera eta ugalketa, eta hainbat aldaketa hormonalen atzean eguna eta gauaren arteko iraupenaren aldaketak daude. Ugaztunak eta hegaztiak udaberrian ugaltzen dira (eguna luzatzen denean), eta intsektuak larba bihurtzen dira udazkenean (eguna laburtzen denean).

Animalia ornodunetan melatonina hormonaren bidez eragiten du fotoperiodikotasunak goian aipatutako aldaketa fisiologikoak (eta portaerazkoak ere) [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fotoperiodikotasun ZT Hiztegi Berria, Elhuyar
  2. Mauseth, James D. (2003). Botany : An Introduction to Plant Biology (3rd ed.). Sudbury, MA: Jones and Bartlett Learning. 422–27 orr.
  3. Nelson, R.J., Denlinger, D.L et Somers, D. E., Photoperiodism, the Biological Calendar, New York, OXFORD University Press., 2010, 596 p.(ISBN 0195335902), p.3-8
  4. Correa, L.M, Fernández J.L.: Influencia de la Melatonina sobre la fisiología y la conducta de ungulados Rev. investig. Altoandin. vol.19 no.3 Puno, 2017ko uztaila/Iraila