Edukira joan

Güiro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Güiro
Deskribapena
Motamusika tresna
Hornbostel-Sachs sailkapena112.23

Güiro[1] (ˈɡwiɾo ahoskatua) perkusiozko musika tresna da, idiofonoen artean sailkatuta.[2] Tradizionalak kuiaz egiten zituzten eta Brasil, Erdialdeko Amerika eta Karibeko musikan erabiltzen dira.

Izena eta hedapen geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arawak hizkuntzan güira (Crescentia cujete) izeneko zuhaitzaren fruituari esaten zaio güiro, tradizionalki harekin egin izan baita musika tresna hau.[3] Edankuiaren (Lagenaria siceraria) kalabazarekin ere egiten zen.

Karibe aldean güiraren fruituarekin tresna ugari egiten dira, hala nola kopak, platerak, erretiluak... Ura garraiatzeko edo arrantzatutako arrainak eramateko ere erabiltzen da.[4]

Musika tresnari Puerto Ricon güícharo esaten zaio; Dominikar Errepublikan, güira; Brasilen, reco-reco; eta Panaman, churuca.[5]

Kalabaza luzeska da. Azalean trabeska, hortz gisako marrak ditu. Atzekaldean bi zulo ditu. Sarde batekin arraskatzen da.[6] Gaur egun bestelako itxura eta materialak dituzten güiroak ikusten dira, hala zilindrikoak[7], nola banbuz, beira zuntzez edo metalez egindakoak.

Musikari profesionalek aluminiozko güiroak erabiltzen dituzte. Beirazko zuntzez egindakoen kalabaza tradizionalen soinua imitatzen dute.[8]

Güiro jotzailea, Kuban.

Soinua ateratzeko sarde batekin, makila batekin edo taulatxo batekin azalean dituen arrastoak igurzten dira. Ematen zaion abiaduraren arabera soinu desberdinak ateratzen dira.

Hego Amerikan existitzen zen musika tresna bat moldatuz aztekek güiroaren antzindaria zen tresna bat sortu zuten, omitzicahuastli izenekoa. Hezurrezko tresna bat zen, zerra itxurako lerroak zituena, eta gaur egungo güiroa bezala jotzen zena.[9]

Taíno jendea hartzen da güiroaren sortzailetzat. Dominikar Errepubikan, Kuban eta Puerto Ricon zabaldurik dauden hauek güajey izeneko kalabaza luze bat moldatu zuten güiroa sortzeko.[10]

Güiroaren antzeko musika tresna bat Afrikan ere sortu zen aldiberean eta Karibera edota Hego Amerikara bidalitako esklabuek haiekin eraman zuten. Kamerunen eta Nigerian antzerako musika tresnak aurkitu dira.[11]

Latinoamerikako eta Karibeko musika tradizional dantzagarrian ohikoa da. Musika klasikoan ere erabili izan da, latinoamerikar kutsua eman nahi denean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Musika Hiztegia] [2011]
  2. Torres, George. (2013). Encyclopedia of Latin American Popular Music. Santa Barbara, CA: Greenwood, 184 or..
  3. (Gaztelaniaz) Resnick, Melvyn C.. (1981). Introducción a la historia de la lengua española. Georgetown University Press ISBN 978-0-87840-083-6. (kontsulta data: 2026-03-04).
  4. (Ingelesez) «Dominican Higüero Gourds» Extreme Hotels Cabarete 2020-01-29 (kontsulta data: 2026-03-04).
  5. Brenes, Gonzálo. (1999). Los instrumentos de la Etnomusica de Panamá. Autoridad del Canal de Panamá.
  6. «GÜIRO; RASCADOR | Soinuenea Herri Musikaren Txokoa» www.soinuenea.eus (kontsulta data: 2026-03-04).
  7. «GUIRU; GUIRO; GÜIRO | Soinuenea Herri Musikaren Txokoa» www.soinuenea.eus (kontsulta data: 2026-03-04).
  8. (Gaztelaniaz) Güiro de percusión | Sonido rítmico latino - Rockmusic.es. (kontsulta data: 2026-03-04).
  9. Russell, Craig. (1998). Music: Mesoamerica Through Seventeenth Century. Encyclopedia of Mexico: History, Society & Culture..
  10. Ríos, Kristof. (2014). Puerto Rico. In Stavans, Ilan (ed.). Latin Music: Musicians, Genres, and Themes. Santa Barbara: Greenwood..
  11. (Gaztelaniaz) «Pop culture in Latin America and the Caribbean | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2026-03-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]