Edukira joan

Galartza dorretxea

Koordenatuak: 43°02′33″N 2°31′03″W / 43.0426°N 2.5175°W / 43.0426; -2.5175
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Aretxabaletako dorretxeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Galartza (argipena)».
Galartza dorretxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Koordenatuak43°02′33″N 2°31′03″W / 43.0426°N 2.5175°W / 43.0426; -2.5175
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXIV. mendea -
Sutea 1990eko abuztuaren 2a
Berreraikuntza 1994
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
EJren ondarea21

Galartza dorretxea Gipuzkoako Debagoiena eskualdean dagoen Aretxabaleta udalerriko dorretxea da. Zehazki, Aretxabaletako Galartza auzoan kokatzen da. Murugain mendiaren magalean dago, kokapen estrategiko honetatik haran osoa ongi kontrolatu baidaiteke.

1990eko abuztuaren 2an, sute batek eraikina suntsitu zuen. Orduan, Aretxabaletako Udalak eraikuntza historikoa berreskuratzeko ardura hartu zuen, eta eraikina berreraiki eta birgaiztea bultzatu zuen.[1] 1994an hasi ziren berreraiketa lanak, eta aldi berean, hondakinen azterketan eraikinaren fase historikoak aztertu ahal izan ziren.[2]

1994ko abenduaren 16an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.[3]

Dorretxeak, berraikuntzaren ondoren, bere noblezi zaharra mantentzen du. Haranarekiko duen posizio gain jartzaileak inpresio handia ematen du.

Artearen ikuspuntutik eraikuntzako zenbait elementu interesgarri gorde ditu. Ez bakarrik egiturako elementuak (harlanduzko harri murruak, harlanduz sendotuak eskantzuetan), baizik eta, batez ere, bao zorrotz eta ojibazkoak, leiho bikiak eta itsu-leiho batzuk. Hauek guztiak arkitektura zibilari egokitutako estetika gotikoaren berezko elementuak dira.[1]

Zalantzarik gabe, dorre honek balio historiko-artistikoa du. Izan ere, Behe Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran gure lurraldean eragin handia izan zuen eraikuntza-tipologiakoari dagokio.

Galartza Dorrea bezala ezagutzen den erakina gotortzeko helburuarekin egin zen eta Erdi Arokoa da. Erakin exentua da, zeinen kokapena, leku estrategikoan, Aretxabaletako nukleotik at, Murugain mendiaren hegalean, bere sorreran eraikinak zuen eginkizunari zor zaio. Hantxe bertan eraiki zuten Leintz harana kontrolatzeko asmoarekin.

Haranaren historian garrantzi handia dauka, nahiz bere leinuagatik nola Gonzalo Lopez de Galarza (XIV. mendea) jaunaren historiagatik. Galartza leinua Leintz haraneko nagusienetakoa zen. Gonzalo Lopez de Galarzak, bere hiru semeak Pedro De Garibay jaunaren aurka izan zuten Urrexolagaraiko guduan galdu zituen. Pedro de Garibay Lopez de Galartzaren aurkaria izateaz gain, Oñatiko kondea eta Leintz bailarako jauna izan zen.

XV. mendean, banderizoen gerrak amaitu ondoren, dorretxeak bere funtzio militarra galdu zuen eta bizileku aristokratiko bihurtu zen. Aldaketa nabarmenak izan ziren: hormen lodiera murriztu zen, leiho gehiago ireki ziren, eta elementu defensiboak kendu ziren (adibidez, egurrezko teilatua harrizkoarekin ordezkatu zen). 1450 inguruan, Galartza leinuak maiorazgoa sortu zuen, dorretxea bere ondare nagusi gisa finkatuz.[2]

Galartzatarren armarria 1556. urtekoa da, harana aske geratu zen urtekoa hain zuzen ere: urrez egindako G eta A letren artean zuhaitz lehor bat dago eta zuhaitz hori igo nahian berriz, hartz bat.[4]

Aro Modernoan izango zuten Galartzatarrek urrezko sasoia. Izan ere, XVI. mendetik XIX. mendera arte zabaltzen den aro honetan, Galartzatarren garrantzi ekonomikoa eta soziala sendotu egin zen. 1560an, dorretxearen jabe zen Sancho Galartzakoa hil ondoren, Arrasaten erositako etxera abiatu zen familia, etorkizuna hirietan baitzegoen.

Gauzak horrela, 1825ean, baserri bihurturik, Oñatiko Plaza familiaren eskuetara pasatu zen dorretxea. Izan ere, Galartzako maiorazkoa Joaquin María de Plazak eskuratu zuen, Ana María Galartzakoaren eta Juan Xabier de Plazaren semeak.[5] 1912an, dorretxea bi nekazariren artean banatu zen, eta 1935ean hauetako batek, bere zatia erosi zion besteari.[2]

1990an sute suntsitzailea izan zen, eta ondoren, berreraikuntza.

1990eko hamarkadako sute eta eraberritzea baino lehenagoko planoak:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Iriondo, Julen. (2020-07-27). «Galartzako Dorretxea, Leintz harana kontrolatzeko eraikia - Aretxabaleta» Goiena.eus (kontsulta data: 2025-04-09).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Ibañez Etxeberria, Alex; Moraza Barea, Alfredo; Uribarrio Agirrebengoa, Eloisa. (1996). «Casa Torre de Galartza (Aretxabaleta) : de torre a caserío pasando por palacio: evolución, acomodación y deterioro : conclusiones y bibliografía» Revisión del Arte Medieval en Euskal Herria. Cuad. Secc. Artes Plást. Monum. (Eusko Ikaskuntza) 15: 315-324. (kontsulta data: 2025-04-11).
  3. «TORRE GALARZA. Ondarea. Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-04-11).
  4. «Aretxabaleta: Galartzako Dorretxea. - Guía de Ocio de Gipuzkoa - Gipuzkoako Aisialdi Gida» www.kulturweb.com (kontsulta data: 2025-04-11).
  5. «ARETXABALETAKO UDALA - Eraikin esanguratsuak» web.archive.org 2010-02-12 (kontsulta data: 2025-04-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]