Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia
Abolish the Welsh Assembly Party
BuruzagiaRichard Suchorzewski
Sorrera2015eko ekaina
Eremua Gales
Egoitza nagusiaPen-Y-Lan, Tregoyd, Brecon
Ideologia politikoaGalesko Legebiltzarraren deuseztatzea, populismoa
www.abolishthewelshassembly.co.uk

Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia (ingelesez, Abolish the Welsh Assembly Party; eta galesez, Plaid Diddymu Cynulliad Cymru), AWAP edota "Abolish" soilik ere deitua, Galesko alderdi politiko bat da. Alderdiaren helburu bakarra Galesko Legebiltzarraren deuseztapena eta desagerpena da, eta horren ordez autonomiarik ez izatea eta Erresuma Batuko Parlamentuaren eta Erresuma Batuko Gobernuaren aginte zuzena berrezartzearen alde dago.

Alderdia 2015ean sortu zen, eta 2016ko hauteskundeetan ordezkaritzarik lortu ez zuen arren, Legebiltzarrean bi eserleku eskuratu zituen Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiaren bi disidente alderdian sartu zirenean; baina 2021eko hauteskundeetan berriz ere galdu zituen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo alderdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia Erresuma Batuko alderdien erregistroan 2015eko ekainean sartu zen,[1] eta alderdiaren aurkezpen publikoa urte bereko azaroan izan zen. Alderdiaren sorreratik haren helburu bakarra Galesko Legebiltzarraren (Senedd Cymru) desagerpena izan da, eta parlamentuari "Biltzar" (Assembly) deitzen jarraitzen dio 2020ko urtarrilean lortutako legebiltzar estatus berria ukatuz.[2] Alderdiak 2016ko Biltzarrerako hauteskundeetan eskualde guztietan aurkeztu zituen hautagaiak, eta botoen %4,4 eskuratu zuen, baina ez zuen ordezkaririk irabazi.[3] Ez zuen hautesbarrutietan hautagairik aurkeztu.

Richard Suchorzewski UKIP alderdi ultraeskuindarraren lehendakarigai ohia 2019an Newporteko Erresuma Batuko Komunen Ganberako barrutiko hauteskundeetan parte hartu zuen, alderdia Westminsterreko eserleku bat eskuratzeko aurkeztu zen lehenengo aldia. Suchorzewskik bozetara alderdiaren mezua zabaltzeko aurkeztu zela esan zuen.[4] Kanpainan Galesko Biltzarraz soilik aritu zen, hura "alferrikako gastua" eta "alferrikako maila burokratikoa" zela aldarrikatuz.

Lee Canningek, Galesko Alderdi Kontserbadorearen lehendakariordeak, alderdia utzi zuen 2019ko azaroan, kontserbadoreak Erresuma Batuaren batasuna babesteko lan nahiko egiten ari ez zirela argudiatuz, eta AWAPen sartu zen.[5] 2020ko maiatzean, Claire Mills Powyseko Kontseiluko hautetsiak ere Alderdi Kontserbadoretik atera eta AWAPen sartu zen antzeko arrazoiengatik, eta tokiko kontseiluetako alderdiaren lehenengo ordezkaria bihurtu zen.[6]

2020ko ekainean Richard Suchorzewski alderdiaren buruzagi berria bihurtu zen. Hilabete ber-berean Gareth Bennett, UKIPeko Galesko Legebiltzarreko talde parlamentarioaren buruzagi ohia, AWAPen sartu zen Cameron Edwards eta Richard Taylor Brexit Alderdiaren hautagai ohiekin batera[7][8][9]

Urrian Galesko Legebiltzarreko bigarren legebiltzarkide bat sartu zen alderdian, Mark Reckless, lehenago Brexit Alderdiaren buruzagia zena Galesen. Recklessen arabera, «Brexit Alderdiaren alde egin zutenen gehiengoak - bi herenek - Biltzarra edo Senedd deuseztatu nahi zutela esan zuen, eta pertsona horiek politikan ordezkatuak izatea merezi dutela uste dut.»[10]

Bigarren alderdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuan alderdi bat Hauteskunde Batzordeko erregistroan egon ahal izateko erregistro eskaera berriztu behar da urtean behin, eta AWAP alderdiaren kasuan, erregistroa berrizteko arduraduna David Bevan buruzagi ohia zen, baina alderdiaren buruzagitza berriak harekin izandako liskarrengatik, Bevan eskaera berrizteari uko egin zion. Ondorioz, alderdiak erregistroa iraungi arte itxaron zuen, alderdia beraien kabuz berriz ere erregistratu ahal izateko. Baina, 2020ko azaroan, erregistroa iraungi eta alderdia Hauteskunde Batzordetik kanpo geratu zenean, David Bevanek "Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia" deitutako alderdi berri bat sortzeko eskaera egin zuen Batzordean, eta beraz izena erabili ahal izateko lehian hasi ziren alderdi originala eta Bevanen alderdi berria.[11]

Alderdi berriaren kideen esanetan 2021eko hauteskundeetan hautagaiak aurkezteko asmoa zutela adierazi zuten. AWAP alderdi originaleko bozeramaile batek alderdi berriaren aurka egin zuen, David Bevani «gaueko lapur baten gisara alderdia lapurtu» nahi izatea leporatu zion.[12] Gatazka 2021eko urtarrilean konpondu zen, Hauteskunde Batzordeak bigarren alderdiaren erregistroa onartu ez zuenean. Batzordearen hitzetan, «Bigarren eskaera baztertu dugu, alderdi bat erregistratuta dagoenean bere izena epe batez babestuta jarraitzen duelako. Hau da, epe horretan ordurarte erregistratuta zegoen alderdiak soilik egin dezake eskaera izen horrekin.»[13] 2021eko urtarrilean bertan, Hauteskunde Batzordeak alderdi originalaren eskaera onartu zuen, eta alderdi politiko ofiziala bihurtu zen berriz ere.[13]

Hauteskunde emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galesko Legebiltzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Lortutako botoak Lortutako eserlekuak Gobernua
Barrutiak Eskualde zerrendak Barrutiak Eskualde zerrendak Guztira
2016 - - % 4,4 44.286
0 / 40
0 / 20
0 / 60
N/A
2021 % 1,6 18.149 % 3,7 41.399
0 / 40
0 / 20
0 / 60
N/A

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Registration:Abolish The Welsh Assembly Party» Electoral Commission (Noiz kontsultatua: 2016/05/02).
  2. «Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena» Argia 2020/05/06.
  3. (Ingelesez) «Wales Election 2016: Constituencies & Regions» BBC News (Noiz kontsultatua: 2016/05/01).
  4. (Ingelesez) Craig, Ian. (2019/02/22). «Party dedicated to abolishing the Welsh Assembly will run in Newport West by-election» South Wales Argus.
  5. (Ingelesez) «Top Tory Lee Canning quits to join anti-Assembly party» itv.com 2019/11/19.
  6. (Ingelesez) Masters, Adrian. (2020/05/13). «Conservative councillor defects to anti-devolution party» ITV News (Noiz kontsultatua: 2020/06/06).
  7. (Ingelesez) Masters, Adrian. (2020-06-24). «First Senedd Member for party which wants to abolish the Welsh Parliament» ITV News (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  8. (Ingelesez) «A Member of the Senedd has joined the Abolish the Assembly party» Wales Online 2020/06/24 (Noiz kontsultatua: 2020/06/24).
  9. (Ingelesez) «Ex-UKIP Senedd leader Gareth Bennett joins anti-devolution party» BBC 2020/06/24 (Noiz kontsultatua: 2020/06/26).
  10. (Ingelesez) Craig, Ian. (2020/10/19). «Mark Reckless joins the Abolish the Welsh Assembly Party» South Wales Argus (Noiz kontsultatua: 2020/11/07).
  11. (Ingelesez) «Rival Abolish the Welsh Assembly parties set up in bid to register party name» nation.cymru 2020/11/23.
  12. (Ingelesez) «Abolish Welsh Assembly ex-leader accused of bid to 'steal' the party» BBC News 2020/11/23.
  13. a b (Ingelesez) «Ex-Abolish the Assembly leader fails to keep party name» BBC News 2021/01/06 (Noiz kontsultatua: 2021/01/09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]