Gallarta

Koordenatuak: 43°19′16″N 3°04′19″W / 43.321°N 3.072°W / 43.321; -3.072
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gallarta
 Euskal Herria
Gallarta auzoa
Map
Kokapena
Herrialdea Bizkaia
UdalerriaAbanto
Administrazioa
Posta kodea
INE kodea
Geografia
Koordenatuak43°19′16″N 3°04′19″W / 43.321°N 3.072°W / 43.321; -3.072
Garaiera120 metro
Demografia
Biztanleria4.599 (2022: Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea Espresio akatsa: Ez dago operadorerik -(r)entzat)

Gallarta[1] Bizkaiko Abanto udalerriko auzo nagusia da. Gallarreta deituriko leku batean sortu zuten XIX. mendearen hasieran, gaur egun Kontxa II. meatza dagoen tokian kokatzen zen hain zuzen. Galar + eta = Gallarr(e)ta = Gallarta. Euskal toponimian hain hedatua den "galar" hitza enbor hila esan gure du, -eta atzizkia, berriz, ugaritasuna adierazten du.

Gallarta zaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren karlistaldia amaitu ostean, Bizkaiko meatzaldean "meatzal booma" deritzona hasi zen eta horrela jaio zen Gallarta, meatzari herri bezala baserri ingurunean. Mearen ustiapenarekin eliza, udaletxea, eskolak, zinema, abere-hiltegia, meatzari ospitalea... eraiki zituzten bertan. Gallarta zaharraren bihotza aire-tranbia, plano inklinatu eta Trianoko mendien burdina garraiatzen zuten trenen erritmora ari zen taupaka. Baina 1960ko hamarkadan herriak bere etorkizuna desagertzera kondenatuta izango zuen. Inguruetako meatokiak agortuta, Franco-Belga meatzal enpresak Gallarta azpian zegoen burdina-zaina ustiatzeari ekin zion. Derrigorrezko desjabetze baten ostean, gallartarrek ezintasunez ikusi zuten nola bota zuten herria etxez etxe lurrera. Etxebizitza ezarengatik biztanle ugarik alde egin behar izan zuten ondoko herrietara bizitzera.

Gallarta zaharretik Gallarta berrira lekualdaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallarta herri berria eraikitzen

Gallarta zaharraren ospe eta entzutea aire zabaleko meatzaren ustiapenak trenkatu zuen. Herriaren goialdeko Peñukas kalean sortu ziren lehenengo borroka taldeak. 1960. urtean, Peñukas hain zuzen, izan zen eraistea sufridu zuen lehenetariko aldea. Derrigorrezko desjabetzean erabilitako prozedurak herritarren haserrea piztu zuen, urte nekosoak igaro ziren familia guztiak birkokatu arte, ez zen bizi-giroa Gallartan. Gainera, ondoan zegoen meatze ustiapenean zartarazten zituzten barrenoek herriko karrika eta teilatuetan kalte ugari sortzen zituzten. 1961. urtean udaletxeak meatza kudeatzen zuen Franco-Belga enpresa salatu zuen, Gallartako erdigunean harri handiak jaustearen errua egotzita. Ondoeza areagotu zen dardariken ondorioz zenbait etxetan arrakalak agertu zirenean. Gallartako familia aberatsek eta ez hain dirudunek ere, ondoko herrietara bizitzera alde egin behar izan zuten, bereziki Santurtzi eta Portugaletera.

Meategiak historia handiko herria xehatzea ere lortu zuen.

Gobernadore zibilak eta Franco-Belgaren zuzendariak desjabeturiko beste familientzat Gallarta berrian etxebizitzak eraiki arte meatzeko leherketak etetea adostu zuten.

Egungo Gallarta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzari etorbidea herriko kale nagusia da, bertan eliza, Dolores Ibarruri institutua, udaletxea, banketxeak, saltoki gehienak... topatuko ditugu. Etorbidea Marciano iturrian hasi eta El Casal inguruan amaitu egiten da. Udaletxe berria kokatzeko El Casal ingurua aukeratu zuten. Abantoko Santa Juliana Kontzeju zaharreko barrutian, Sanfuentes ondoan eta Somorrostro haraneko batzar pinu historikotik hur. Egungo Gallartan eraiki zuten auzorik aintzindariena Mikel Deuna Taldea izan zen eta ondoren Gallarta zaharra eraisten joan ziren heinean etxebako biztanleak birkokatzeko xedearekin auzo berriak jaio ziren. Adibidez Peñukas deitu zitzaion auzoari hemen biziko zen jende gehiena Peñukas zaharra zeritzon kaletik etorri izan zelako. Peñukas berria herriko goiko aldean 7 eraikinez osaturiko auzunea da eta erdian Abanto Euskaltegia (AEK) eta iturridun plaza txiki bat dago.

Bizkaiko meatzaritzaren ikurretako bat izanik, herriaren ondarea berreskuratu nahian bertan eraiki zen Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa.

Gallartako eraikin aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallartako Meatze Ospitalea edo "Preventorio" eraikina

Triano Meatzari Erietxea Enrique Areiltza sendagile-zirujau ospetsuak 1881. urtean Gallartako meatzari ospitaleari hasiera eman zion. Erietxe honetako mediku jarduerak, 1936. urtean itxi egin zuten arte iraun zuen. Gerra garaian tuberkulosidun gaixoei harrera egin zitzaien bertan. Gaixoei nahi adina janari ematen zitzaien, sendatzeko gainelikadura baten beharra zeukaten eta. Jarduera horretatik datorkio egungo Preventorio izena. Eraikinaren jabetza aldatu zen. 1950eko hamarkadan Bizkaiko gobernadore falangistaren agindupean eraberritu ostean, Genaro Riestra eskola deituriko nesken barnetegi bat ireki zuten, non Espainia osotik etorritako neskek oinarrizko irakaskuntza jasotzen zuten. Franco hil ondoren, Buenos Aires eskola deituko da, izen bereko muinoan dagoelako. Baina eraikina, zaintze ezaren ondorioz, itxi egin behar izan zuten eta mendi magalean beste eskola bat eraiki zuten, alegia, Buenos Aires eskola, 1983an irekia.

Gaur egun, Preventorioan, berriz, eraikuntzako institutua dago eta herriko gazte eta erakunde batzuen egoitza bilakatu da.

Txikito de Gallarta frontoia Frontoi berria 1973ko urriaren 23an ireki zuten. Izena ipintzea ez zen lan xamurra izan, herrian primerako pilotari ospetsu ugari egon zirelako. Azkenean "Txikito de Gallarta" deituko da. Gainera, pilotaleku berriko goiko solairuan jai-alaia goresten duen mural bat egitea adostu zuten Marcelino Bañales herriko artistarekin. 1974. urtean herriko gazteen artean euskal pilota bere modalitate guztietan sustatzea helburu zuen Gallarta Pelotazale Elkartea sortu zuten. Elkarteko zuzendaritza-batzordeak programak prestatu eta plangintza orokorrak burutzen ditu. Horrela jaio ziren herrian dauden hainbat txapelketa, norgehiagoka profesionalak, eskolarteko torneoak...

Paduako San Antonio eliza Paduako San Antonio eliza 1967ko martxoaren 12an zabaldu zuten. Parrokia barruko bataiarria, San Antonio irudia, Kristoa, harmonioa eta beste irudi batzuk Gallarta zaharreko elizatik ekarriak izan ziren. Ezkilategia kanpaiekin eta burdinazko gurutzea herriak burdinarekin izan duen lotura estuaren islapen zina da.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallarta, Gazteluzaharra edo Buenos Aires mendixka eta Kontxa II. meatzea.

107 Gallarta - Contxa II meategi.jpg Gallartako auzoaren ondoan, Euskal Herriko meatzaritzaren historiako meategirik garrantzitsuena dago, Bodovalle, Agruminsa (Agrupación Minera S.A.) enpresak ustiatu zuen. 1993. urtean Bizkaian itxi zuten azken meatza da. 1970eko hamarkadan Europako bigarren burdin ustiategirik handiena bilakatu zen, garai onenetan barnean 500 langile izan ziren. 1983. urtean Kontxa II. deritzon aire zabaleko meatzan ustiatzeari laga zioten, ez ordea, lur azpiko meazuloetan. Lur azpian 50 km-ko galeriez osaturiko labirintoa barreiatzen da, meatzariak autobusez jaisten ziren bere lanpostuetara, barruan kamioi eta autobusen trafikoa antolatzeko semaforoez baliatzen ziren eta tunel nagusia ongi argiztatuta zuten. Galeriez gain 60 kamera erraldoi ere badaude, bakoitzean (125m altu,100m zabal) Burgoseko katedrala sartzeko adinako lekua dago. Ehundaka horma-bularrek meazuloak babesten zituzten baina mea ustiapen lanak burutzean etekin handiena ateratzeko helburuarekin zenbait galeriatako burdinazko babesak kendu zituzten. Gaur egun batzuek behera erortzeko mehatxu egin dute. Gallarta jatorriz Euskal Herriko lurrazaleko punturik sakonena den sima honen gainean eraikita egon zen. Uste bitxia egiten baldin bazaigu ere, Gallarta meatzaritza jardueraren ondorioz, sortu eta eraitsi ere egin zuten. Dinamitaren ondorioz sortutako zulo erraldoiaren behekaldea itsasoaren mailaren azpitik 37 bat metrora dago.

Beste datu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallarta 1968. urtean Bilbo Handiko edateko uren hornidura partzuergora lotzen da. Aurretik herrian zegoen uren hornidura sisteman, Itxaropena ur-biltegia funtsezkoa izan zen. Trianoko mendietatik biltzen ziren urak jasotzen zituen.

Demografia eta biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallartako biztanleria
2000 2001 2002 2003 2004 2005 2006 2007
5.166 5.204 5.186 5.155 5.162 5.123 5.145 5.107

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallartako jaiak San Antonioren omenez ospatzen dira ekainaren 7tik ekainaren 16ra. Jai erlijiosoaz gain Sagardo eguna (Urria), Garrafoi eguna (Iraila), eta Burdin jaia ere ospatzen dira.

Gallartatar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa