Garfield (pertsonaia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Super Garfielden horma-irudia Alemaniako Halle hiriko etxe batean ikusgai.

Garfield fikziozko pertsonaia bat da, 1978an Jim Davis estatubatuar komikigileak sortutako izen bereko Garfield komikiaren protagonista den katu ilegorri eta marra belzduna, alperrontzi, ziniko eta lodikotea (12 kg. ditu). Lasagna eta kafe zale porrokatua da, baita lo egitea eta bere jabea den Jon Arbuckle zirikatzearen zale ere, aldiz, Astelehenak gorrotatzen ditu, hortik bere ohiko esaldietako bat "Astelehenak gorrotatzen ditu" izatea. Etxeko txakurra den Odie zintzo baina ergeltxoa gorrotatzen du, eta bere buruaz "munduko katu moñoñoena dena" esaten duen Nerma katutxo ilebeltzari izorratu eta adarra jotzea oso gogoko du.

Garfieldek bere burua gizakiena eta beste abere batzuena baina buruargi eta azkarragotzat du. Arlene izeneko kateme beltz bat bere neskalaguna da, eta Garfielden berekoikeria pazientziaz jasan ohi du, izan ere, zinez bere hartzatxoa den Pooky bakarrik maite baitu. Garfieldi gaueko ordu txikietan egurrezko hesi baten gainean antzeztea gustatzen zaio, eta nahiz eta auzotarrek ohiu eta zaborrak bota, berak inori jaramonik egin gabe berean jarraitu ohi du, halere azken aldian zaletasun hau nahiko baztetua du.

Armiarmak gorrotatzen ditu eta berak dioenez, ez du inoiz sagurik harrapatu eta jaten (baldin eta diruaren truk ez bada), horrek hats txarra uzten baidio, halere maiz txoriak jaten saiatuz ikusi zaio. Denboraldi batez Super Garfield, Amoeba Man eta Kapadun Mendekatzailea izeneko alterego edo sasi superheroi ezberdin gisa agertu izan da, Odieboy izeneko morroi leial bat duela (Odie txakurra). Sarritan Jon jabearen kortinak eta lorategiko loreak eta iratzeak txikitzen ditu, bai eta bere bizilagun Feeny andrearen loreak ere. Jonen urre koloreko arraitxoak ere ez dira katuaren hatzaparretatik salbu. Garfieldek ez du batere gogoko albaitariarengana eraman dezaten, eta gehienetan hau gertatu behar dela sumatu edo "aurreikusten" duenean nola edo hala eragozten saiatzen da.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]