Gasteizko garraiobideak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasteizko tranbiaren planoa.

Gasteizko garraiobideak aldaketa handia jasaten ari dira 2009. urtetik aurrera, Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planak[1] aurreikusitakoa betetzen ari den heinean. Plan hau gauzatzeko ideia 2005. urtean sortu zen, eta ordutik hainbat ekintza bultzatu dira gasteiztarrak hirian nola mugitzen diren guztiz birmoldatzeko. Planaren ondorioz egindako lehen aldaketak 2009. urtean gauzatu ziren, tranbia abian jarri zenean eta hiriko autobus sarea aldatu zenean. Autobus sare berria osatzeko, autobusek soilik erabil ditzaketen errepide lerroak eratu ziren. Urte horretan bertan Gasteizko bidegorrien sareari bultzada berria eman zitzaion, 12 kilometro berri eraiki baitziren.

Kontzeptu berria: superetxadiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko hiri barruko garraioa eta mugikortasuna birmoldatzeko bidean, superetxadiak deitu izan den kontzeptu berri bat aplikatu da[2]. Ideia honek Bartzelonan du jatorria. Superetxadia zera da: oinarrizko zirkulazioa izango duten kaleez inguratutako etxadien multzoa. Superetxadien barruan oinezkoak lehentasuna dauka, nahiz eta ibilgailuak bertara sartu ahal duten. Txirrindulariek, zerbitzuko ibilgailuek, larrialdietakoek, egoiliarrenak, etab. sar daitezke bertara, baina modu kontrolatuan. Kaleen sekzioan ez dira espaloiak eta galtzada bereizten eta ibilgailuen abiadura muga oso txikia da, oinezkoekin bateragarria izan dadin.

Ibilgailuen zirkulazio nagusia, bai pribatua zein garraio publikoarena, superetxadiak inguratzen dituzten kaleetatik bideratzen da nagusiki.

Hiri garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Map

Gasteizen tamaina ez denez handiegia, erraz irits daiteke ia edozein tokitara oinez. Hori dela eta, garraiobide moduen banaketa modalean garrantzi berezia dute oinezko joan-etorriek eta oraindik indar gutxi du garraio publikoaren bidezko desplazamenduak. 2014an egindako inkesta baten arabera[3], joan-etorri guztien banaketa modala honako hau zen:

Hiri autobusak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko autobus sarearen irudi eskematikoa.
Sakontzeko, irakurri: «TUVISA»

Gasteizko hiri autobusak TUVISA udal enpresak kudeatzen ditu. 2009ko urrian hainbat hamarkadaz indarrean egon ziren autobus lineak kendu, eta sare berria sartu zen indarrean. Lehen zeuden 17 lineak desagertuta, 9 lineaz[4] osatutako sarea sortu zen, hiru helburu betetzeko asmoz: autobusen maiztasunak handitzea (20-30 minututik 10 minutura igaro ziren); auzoetatik jira-biraka ibiliko ez ziren linea zuzenagoak eratzea, autobusen batez besteko abiadura handitzeko; eta hiriko joan-etorrietan autobus aldaketak egitea ahalbidetuko zituen benetako sare bat osatzea, metro sare baten gisara.

2010eko urrian moldaketa txikiak egin ziren lineen ibilbideetan zenbait auzori zerbitzu hobea eskaintzeko.

Tranbia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko tranbia»

Gasteizko tranbia 2008ko abenduan inauguratu zen. Hiria iparraldetik erdialderaino zeharkatzen du, eta bi adar ditu: Lakuakoa eta Abetxukukoa. Tranbiak, lehenago TUVISAren bi autobus lineek ematen zuten zerbitzua ordezkatu zuen. Tranbiaren egiteko nagusia da hiriko iparraldeko biztanleei erdigunera iristeko modua eskaintzea.

Bizikleta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikleta-bidea markatzen duen seinalea Gasteizko Florida parkean.

1950eko hamarkada arte, bizikleta garraiobide arrunta zen Gasteizen. Automobil pribatua herritar gehienen artean arrunt bilakatzearen ondorioz, bizikletak lekua galdu zuen, bai kaleko espazio publikoan zuen tokiari dagokionez, bai jendearen erabilerari dagokionez.

1980ko hamarkadan bidegorriak eratzeko plan bat jarri zen abian, eta Gasteiz Euskal Herri osoan bizikletentzako bide gehien zituen hiria bihurtu zen. Ondoko urteetan sarearen garapenak geldialdi bat izan zuen. 2005. urtetik aurrera, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ondorioz, berriro ekin zaio bizikletentzako bideak eraikitzeari.

2009an, sarea osatzen zuten bidegorriek 78 kilometroko luzera zuten.[5] Gehienak bizikleta-pistak (%53) eta bizikleta-espaloiak (%16) dira, eta ia denek bi noranzkoetako joan-etorriak onartzen dituzte. Horri lotuta, 4.977 bizikleta aparkatzeko lekua eskaintzen zituzten 457 aparkaleku zeuden hirian barreiatuta.

Hiri arteko garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteiz inguruan eta Arabako Lautada osoan garraiorako azpiegitura handiak daude, gehienak haranaren orografiari jarraituz Ekialde-Mendebalde norabidean kokatuak. Eskualde hau Frantziaren eta Espainiaren arteko komunikazio korridore nagusiek zeharkatzen dute. Horrez gain, badaude bigarren mailako beste azpiegitura batzuk Gasteiz inguruko lurraldeekin lotzeko.

Autobusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko autobus geltokia»
Gasteizko autobus geltokia.

Hiri arteko autobus zerbitzuari dagokionez, Anglo-Vasco auzoan Gasteizko autobus geltokia dago, bertan hirira datozen nahiz beste lekuetara doazen autobusak etorri eta joaten dira.

Trena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko geltokia»

Zenbait gorabehera historikoren ondorioz, Gasteizek ez zuen trenbide sarearen erdigune izaterik lortu, eta eskualdeko trenbide lotune nagusia Miranda de Ebro hirian kokatu zen. Egun Gasteiztik igarotzen da Irundik Mirandara doan trenbide nagusia, Gasteizko geltokian gelditu ohi delarik. Hirian bidaiarien eta merkantzien geltokia dago, eta Portugaldik eta Espainiatik Europara doazen kargak eta bidaiariak bertatik igarotzen dira.

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko udalerria zeharkatzen duen errepide nagusia N-I autobidea da. Penintsula eta Europa lotzen ditu, eta hiriaren iparraldetik igarotzen da. Honi loturik, hiru autobide daude iparralderantza zuzenduta, bata Bilborako joan-etorriak bideratzen dituena, bestea Legutianoraino iristen dena eta Durangaldearekin lotzen duena, eta hirugarrena Deba Garaira doana.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]